Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 146. zenbakia

‘New Horizons’ Plutonera bidean


Pluton benetako planetea?

Gorago esan lez, kapsulearen beste interesgune bat Neptunotik harantzago dagoan Kuiperren gerrikoa aztertzea da. Lehenago planeten hondakinak gordeten ebazan troka edo zabortegi modura ikusten zana, gaur egun miniaturako 100.000 mundu baino gehiago daukazan gordeleku modura ikusten da. Igaz Kaliforniako Michael Brown astronomo ezagunak gerriko honetan Pluton baino handiagoa dan mundu bat dagoala adierazo eban; mundu horri Lilah izena emon eutsien zientifiko ospetsu honen ohorez.

Eguzki sisteman hamargarren planetea topau izanak Pluton benetako planetatzat hartzen ez dabenen presinoak areagotu dauz; euren eretxiz, Kuiperren gerrikoaren aukera misteriotsuei esker handitu dan kometa edo asteroide antzeko bat besterik ez da. Polemika honek eztabaida bizia sortu eragin dau Nazinoarteko Batasun Astronomikoan eta planetak izentetako definizino barri baten premia aitatu da behin eta barriz. Suberte apur bategaz ‘New Horizons’ kapsuleak informazino jakingarria emon ahal izango dau sesino zientifiko honen inguruan.

Begiluzea

Hirugarrenean bai. Eguen arratsaldean NASAko teknikariek jadetsi eben ‘New Horizons’ espazino kapsulea jaurtitea, egun bitan huts egin eta gero. Bidaia luze baten lehen atala izan da, eguzki sistemako planetarik urrunena, Pluton, esploretea helburutzat eukiko dauena.

‘New Horizons’ tripulazino bako espazino ontzi bat da. Bederatzi urteko bidaia egingo dau Plutonera, eguzki sisteman oraindino esplorau barik dagoan planeta bakarrera. Era berean, eguzki sistemea inguratzen dauen eta barruan hainbat kometa eta gorputz izoztu daukazan Kuiperren gerrikoa aztertzea da ‘New Horizons’ espazino ontziaren helburua. Inguru horretan planetak zelan sortu ziran jakiteko aztarnak egon daitekez.

Astronomo batzuek ez dabe egokitzat hartzen Plutoni planetea esatea, izoztutako gorputz oso txikia dalako eta harriz osotutako planeten (Merkurio, Venus, Lurra eta Marte) nahiz gasez osotutako planeten (Jupiter, Saturno, Urano eta Neptuno) multzoan sartzen ez dalako.

Eguzki sisteman Pluton besterik ez da falta

‘Egun Plutonen ganean dakiguna zigilu baten atzeko aldean idatzi daiteke’, esan dau Colleen Hartman NASAko administratzaileordeak. ‘Misinoa amaitutakoan testu liburuak berridatzi beharko dira’.

‘New Horizons’ Atlas V suziri batean aireratuko da. Lurretik 58.000 kilometro orduko abiatuko da; beraz, historiako espazino ontzirik bizkorrena izango da.

Iretargira heltzeko bederatzi ordu behar izango dauz eta Jupiterrera heltzeko, barriz, 13 hilabete. Jupiterreko grabidadea aprobetxatuko dau indarra hartzeko eta 4.830 miloe kilometroko bidaian bost urte aurreratuko dauz.

‘New Horizons’ bere helmugara ailegaukeran, Nasak bost hilebete erabiliko dauz orain dala 76 urte topautako planeta honi argazkiak ataraten eta bertako erliebearen, eguratsaren nahiz osogai kimikoen ganeko informazinoa eskuratzen. Misino luze hau ondo amaitzeko, kapsulea hau ahalik eta energiarik gitxien gastetako diseinau dabe: plutonioko pila batek emoten deutsozan ehun watteko argi bik beste baino ez.

Pluton hotz honek 248 eguneko orbita eszentrikoa dauka bere eguzkiaren inguruan eta tenperaturen batez bestekoak 230 gradu zentigradokoak izaten dira zero azpitik; Lurretik hain asao dagoan ezkero, ‘Hubble’ teleskopioak be ezin dau planeta honen irudi onik hartu; orain arte lortu dauzan guztiak argazki lausoak baino ez dira izan eta horreetan gure eguzki sistemearen bederatzigarren planetea agertu beharrean tenis pelota urratua agiri dala emoten dau.