Bertsotan  IV. urtea // 146. zenbakia

Ama euskeriari azken agurrak

Felipe Arrese Beitia


Ama euskeriari azken agurrak

Neure biotzeko Amatxo zarra
antzinako Ama Euskera,
seme leyal bat orain datortzu
azken agurra emotera.
Ainbeste gerra goitu ezinda
danori atsotu zara,
zaurien zauriz galdu-galduta
amatxo zoaz iltera.

Zorigaixtoan negargarri ta
dot sentimentu handia,
geure lur maite dakustalako
gaztelatua jarria.
Bestela erdu, erdu ikustera,
Tubal euskeralaria,
baña ez dozu ezagutuko
orain zure jatorria.

Nun dira bada zure semiak
Foru ta euskera-zaliak?
Nun dira bada Tubal gure aita,
zure ondorengo garbiak?
Nun dira bada zure ume zintzo
eta leyalen legiak?
Nun dira, orain, orain negarrak,
nun dira nire begiak?

Agur ilun bat egin dauskue
guraso zarren legiak,
umezurtz batzuk gelditu gara
bilosik Foru bagiak.
Izan bagiña eurek legetxe
euskeriaren zaliak,
oso ta garbi gordeko ziran
oitura hain miragarriak.

Errazoiagaz esango dabe
gure urrengo umiak,
izan giñala duda bagarik
ero ta zoro garbiak.
Jakingo dabez euskeriagaz
genduzan eskubidiak,
erdera-zale giñalako egin
galdu zirala guztiak.

Zorioneko arkaitzak eta
zorioneko mendiak,
orain artian zuek zare izan
Foruen gordelariak,
zuek goyetan beti euskaldun,
ez alan beian erriak,
orra zer gero ekarri deuskun
azkenian erderiak.

Beietan iya ez dot ikusten
Tubalen ume zintzorik,
Ez dalako gaur emen entzuten
erderaz baño besterik.
Onexek dauka nire biotza
naibagez erdibiturik,
ez dodalako gure euskera
osatuko dan usterik.

Euskeriari gorroto eta
gozau nai bere Foruak,
dirala uste dot, barru-barrutik,
auterestia zoruak.
Izan leiteke ori olan, baña
niri ezetz diñost goguak:
baldin euskera bizten ezpada
iltzat daukadaz Foruak.

Geure erruz bada, ekarri dogu
eriotzako unera,
berbeta eder gozo ta leun au
beste munduko atera.
Norbait ezpada laster minduten
osasuna emotera,
mundutik laster juan bear dau
Ama Euskerak bestera.

(...)

Il da Euskera! Il da Euskera!
Betiko itxi dauz begiak!
Negar Arabak! Negar Gipuzkoak!
Negar egin bei Bizkayak!
Negar arkaitzak! Negar mendiak!
Agortu arte iturriak,
ainbeste geixo, ainbeste gatxen
osasun emongarriak.

Negar Naparrak geure anayak,
ta euskaldun Frantziakuak!
Neugaz batera danok urratu
sentimentuz soiñekuak.
Aztu istoria edo kondairak
emengo antxiñakuak
ta euren lekuan asi barriak,
aurrera erderazkuak.

(...)

Zagoze oraindik zutik arkaitzak?
Dolortu baga mendiak?
Samur emoten Somorrostrogaz
zeuen ondasuntegiak?
Errotak klan klan, taun taunka olak,
eta pil pil iturriak?
Biziro errekak, baita itxasoak
opaka arrantza ugariak?

(...)

Geure erria, gizaldi danak
zugaz dira gomutauko,
ez dabelako beste erri bat
zu duin garbi aurkituko.
Etsai batzuek alper-alperrik
zure izena zikinduko,
zeure Jaungoiko egi bakarrak
dau oso garbi gordeko.


Hilaren 16an bete ziran ehun urte Otxandioko idazlea hil zana. Bizkaien bertan Julen Gabiriak gogorarazo euskun urtemugea aste bi dala. Azken egunetan gehiago jakin izan dogu Felipe Arrese Beitiaren bizitzaz eta obreaz, eta Bilboko Begoñazpi ikastoleak eta bere jaioterriak egin deutsen omenaldien barri izan dogu. Geure atalean bere bertsoetara hurreratuko gara.

Eskultore santugile ofizioz, idazteko zaletasun handia garatu eban sasoi gatx batean. Hego Euskal Herriari foruak kendu barritan, holako etsipen sakon batean bizi zan jentea, abertzaletasuna sortu orduko urteak ziran, eta Arrese Beitiaren olerkigintzean eta bertso jarrietan sano ondo nabari da orduko etsipen sentimentua. Hizkuntzeaganako sentsibilidade berezikoa eta gordin azaltzen da otxandioarra bere obran. ‘Olerki Sortatxua’ liburuan (Zornotza, 1930), azken orrian dakar joan dan astean Begoñazpi ikastolan jarri deutsen brontzezko bustuan agertzen dan bertso hau:

Euskaldun jayo nintzan
euskalduna hazi,
euskera utsik amak
eustan irakatsi.
Euskara maite maite
zabiltz neugaz beti,
euskara il ezkero
ez dot gura bizi.

Liburua lagun batek asko ez dala oparitu eta mimoz gorde dodan altxortxua da. Bertatik hartu dot ondoko bertso sortea be. 1880 bueltan famea lortu eban hainbat sari irabazi eta gero. Urte horretan bertan Elizondon ospatu ziran hegoaldeko lehenengo Lore Jokoak, eta Arrese Beitiak ‘Ama euskeriari azken agurrak’ sorteagaz irabazi eban. Bizkaieraz idatzi eta Elizondon saria irabazi. Hogei bertsoko sortatik hamahiru bertso aukeratu dodaz hemen. Bertsoak indartsuak dira, besteak beste ezin hobeto buztartzen diralako bertan olerkigintzea eta erretorikea. Edertasuna eta gordintasuna bat eginda.

Iñaki Aurrekoetxea