Barriketan  IV. urtea // 146. zenbakia

Gontzal Mendibil: 'munduan, balio dauen gauza bakarra umorea da'

Inoiz ez da aburriduten. Beti dago sortzen. Holakoa da Gontzal Mendibil. Orain 50 urte jaio zan Zeanurin eta, Bilbon bizi arren, zuztarrak ez ditu inoiz ahaztu. Euskal kantagintzearen oinarrietako bat da eta azken 30 urteotako laburpentxua egin guran, ‘Gontzal Mendibil. 30 urte’ disko hirukoitza kaleratu barri dau. Musikea barru-barruan daroa baina barru horretan beste hainbat kontu be euki ditu eta horreek ‘Gorbeiako haizeak’ liburuan dagoz irakurgai. Hainbat saltsatan sartuta dago Mendibil, gustura beti be, baina guretzako tartetxua euki dau.

1.- ‘Gontzal Mendibil. 30 urte’ diskoa kaleratu barri dozu. Ibilbide bat zarratu eta beste barri bat hasi guran?

Ez, ez dot ezer zarratzen. Zarratu bizitzak berak egiten dau, heriotzeagaz. Jarraibide bat da. Puntu batzuetan, gogoetak egin behar dira eta pausuak aurrerantz emoteko atzera be begiratu behar izaten da. Orain dala 30 urte atara neban lehenengo diskoa eta jente askok esaten eustan orduko kantak ia galduta egozala. Horregaitik pentsau neban neure jarraitzaileei zeozelako omenalditxua egitea eta kanta hareek berreskuratzea. Hamaika lan musikal bildu nebazan, estiloaren arabera. Hasieran pentsau neban modu kronologikoan egitea baina urteotan nire musikea aldatu egin da eta diskoak sonoridadea eukitea ezinbestekoa da, ezin dira estiloak nahastau. Ni, Gontzal, bat naz, izan nintzen eta izango naz, baina estilo ugari izan dodaz eta ez naz damutzen. Baina derrigorrezkoa zan lanean estilo zehatza topetea.

Estiloak oroitzapenezkoak (nire memoria historikoko kanta mitikoak), maitasunezko kantak (erreferenteak euskal kantagintzan) eta betiko kantakaz egindako esperimentutxuak dira.

2.- ‘Gorbeiako haizea’ nobelea be argitaratu dozu. Zerk bultzatu zaitu kantagintzatik literaturarako pausua emoten?

Sorkuntzea da bidea eta kantagintzea eta literaturea, biak dira sorkuntzea. Sortzailea naz, sortzea gustetan jat. Musikea eta literaturea, kantautoreon kasuan, eskutik oratuta doaz. Musikea eta letrea, azken batean, batera sortzen dira. Bat-bateko kontua izan da. Gauza txukuna egin gura izan dot, euskera aldetik maila onekoa.

3.- Aita eta aitita hartzen dozuz gogoan. Asko zor deutse Gontzal Mendibilek eurei?

Aurrekoei beti zor deutset. Nire belaunaldiko edukazinoa gaur egunekoa baino askozaz be gogorragoa zan eta edadeko personei errespetua zor jakela erakutsi eusten niri. Gaur egun, danetik dago, baina edadekoei errespetua galdu jakela ikusten dot eta hori penagarria da. Arrapaladan bizi gara, gazte izan guran, sakontasun barik. Zaharrek enbarazu egiten deuskue. Niretzat, aitita eta amama jakitunik handienak izan dira. Eurei entzunez ikasi dot nik gehien.

Kasualidadez, Gorbeia inguruko kantuakaz disko bat egitekotan nengoanean hil jatan aita. Pasa dan bagilean, amama bizi zan baserrira joan ginan eta handik Gorbeia ikusten da. Aita nahiko makalik ebilen bihotzez eta arrasti haretan hil egin zan, Gorbeiara begira. Azken irudia, naturan, Gorbeia ikusi eban eta horrek zer pentsau emon eustan, oso sinbolikoa dalako. Handik lasterrera, gogoetea egiten hasi nintzan eta liburuaren kontua sortu zan. Aitaren izakera isila, orduko dogmak eta herriko istoriotxuak kontetan dodaz.

4.- Liburua bizkaieraz idatzi dozu. Zergaitik?

Bestela, ezinezkoa litzateke. Liburuan, aitari berbetan nago eta aitagaz bizkaieraz egiten neban. Liburua batueraz egitea ingelesez egitea lakoa izango litzateke. Batua ez da nire barruko hizkerea. Hizkuntzea komuniketea bada, sentimentuak komuniketea, nik aitagaz bizkaieraz egiten neban hori. Barruak dinostana bota gura izan dot, hustuketea izan da, eta hustuketa horretan neure aitagaz berbetan nago. Horregaitik egin dot bizkaieraz, arratieraz, lokalismo askogaz. Herriko euskerea gorde gura izan dot.

Euskereak asko galdu dauela uste dot. Ni amaman denporako euskerara joan naz eta gaur ez da idazten holan. Asko galdu dogu horretan, zoritxarrez. Batua beharrezkoa zan, baina behar horretan astakeriak be egin dira, herri hizkerearen kalterako. Astakeria horreetariko bat bizkaierea baztertzea izan da.


5.- Kantagintzan, momentu oso onak bizi izan dozuz. Zelan gogoratzen dozuz orain 30 bat urteko garai hareek?

Momentu txarrak be bizi izan dodaz! Dana dala, garai hareetako gomuta oso onak daukadaz. Ontzia erdi beteta ikusten dot beti ze, azken batean, bizitza bat da eta laburra ganera. Bizi izan dot eta bizitzeko asmoa daukat. Asko bizi dozunean eta gogoz, bizitza arin doa. Nik ez dakit zer dan aburriduta egotea. Hainbeste gauza daukadaz egiteko! Bizitza ederra da eta minutuz minutu bizi naz. Atzera begiratu eta badirudi atzo atara nebala lehenengo diskoa. Baina 30 urte pasau dira! Gogotsu egin behar dira gauzak, nagiak atara eta gauzak egiten disfrutau. Niretzat, helburua baino, bidea da garrantzitsuagoa. Etorkizuna bidea da eta bidean disfrutau behar da, etorkizunean desilusinoak dagozalako. Liburua egiten, berbarako, disfrutau egin dot. Kantak egiten be, disfrutau egiten dot eta, gero, kantaldietan jenteak txalo egiten badau, hobeto. Holan ikusi dodanez dana, garaiak danak izan dira onak edo, behintzat, ikasteko modukoak.

Orain 30 urte, bildurra zan nagusi baina ilusinoa be bai. Arerio bat egoan: Franko. Gaur, nor da arerioa? Nortzuk gara lagun? Lehen errazagoa zan, tunel bat egoan eta handik urtetea zan helburua. Gaur, bideak nahastauta dagoz. Baina... lehengoak ikasteko balio eustan eta gaurkoak be bai.

6.- Eta gaur egun, euskal kantagintzea osasunez ondo dagoala esango zeunke?

Kantagintzea, sorkuntza aldetik, oso ondo dago. Egiten diran disko asko oso onak dira. Arloa askosaz be bananduago dago. Sasoi hareetan, modu bat egoan; gaur egun, barriz, mueta guztietako musikea eta publikoa dago. Baina gure herrian, sormen handia egon arren, entzule eta irakurle gitxi dagoz. Sarrionaindiak esaten eban helduko dala garaia irakurleak baino idazle gehiago egongo dirana.

Askotan, kontsignatan sartzen gara baina inperioaren menpe gagoz. Hori holan da. Edozein euskal kantariren kontzertuan jente askorik ez dago baina kanpoko edonor ekarri ezkero, bete egingo da aretoa. Kanpokoak guretzat barrukoak baino gehiago balio dau eta konplejua daukagu.

Mundu honetan guzur asko dagoala uste dot. Kontsignatan bizi gara eta kontsigna horreek guzur hutsak dira. Hizkuntzea eta musikea bizi eta sentidu egin behar dira.

7.- Daborduko badaukazuz kontzertu batzuk berbatuta, laster lehenengoa (urtarrilaren 26an) Bilboko Arriaga Antzokian, ostean Iruñeako Gayarre antzokian (zezeilaren 2an) eta gero Donostiako Kursaalen (zezeilaren 3an). Zuzenekoek emoten deutse bizia musikeari?

Bai... musikeari baino, kantariei emoten deutse bizia. Asko geldotu dira zuzenekoak eta sortzaileen artean zeozelako desilusinoa dagoala uste dot. Zeozer egiten dozunean, itxaropen handiak daukazuz baina, behin eginda, ez da ezer berezirik pasetan. Jentearen erantzuna ez da horrenbestekoa izaten.

Ni beti nago sortzen eta jentearen erantzunak ardura badeust be, ez horrenbeste. Nik sorkuntzeari emoten deutsat garrantzi gehiago. Kantaldiak egitea beharra da, jenteari nor zaran eta zer egiten dozun ezagutarazoteko. Baina garrantzitsuena sortzea da.

8.- Hainbeste arlotan ibili ostean, zeinetan zabiz gusturago?

Kantagintzeaz gan, beste behar asko egin izan dodaz eta egiten dodaz. Horreetariko asko behar ekonomikoak dira. Disko bat edo montaje handiak egiteak diru-galerak ekar leikez, politak izan arren. ‘Memoriam’ edo ‘Iparragirre’ lako kontuetan ez da dirurik ataraten. Horregaitik, beste saltsa batzutan sartuta nago.

Liburuagaz, kontua bestelakoa izan da. ‘Gorbeiako haizeak’ terapia antzekoa izan da niretzat, hustuketea. Kantea desbardina da. Kantea momentuko gauzea da, laburra. Liburuak denpora gehiago exijiduten dau, jarraipena. Bromatan esaten dot hiruzpalau urtetan ez dodala psikiatrearengana joan behar, barruko marapiloa soltau dodalako. Psikiatreari pekatuak autortzen jakozan legez, pekatutxu ugari autortzen dira liburuan. Gauza txiki horreek oso garrantzitsuak dira eta herriaz gogoetea egiten lagundu deuste. Ganera, heriotzea be hartu dot berbagai, ezelako bildurrik barik. Gorbeiako haizea arimeagaz konparetan dot, ez dalako ikusten, ezin dalako ikutu, baina egon, badagoalako.

Danetarako umorea eukitea oso garrantzitsua da. Edade honegaz, munduan balio dauen gauza bakarra umorea dala konturatu naz. Nire herriko esaera batek dino bizitzea bromatan hartu behar dala eta bizitzako gauzak serio. Eta, zoritxarrez, guztiz kontrakoa egiten da.

9.- Proiektu barriren bat daukazu esku artean edota buruan?

Larregi. Arazoa eukiten dot proiektuak albo batera ixteko. Errealidadea eta irudimena gauza bera dira niretzat eta beti nago neure mundutxuan. Proiektu bakotxa zelan egin pentsetan nago beti, danak batera ezin dodazalako aurrerantz eroan.

Arratiako, Gorbeia inguruko kantak, bizipenak... batzeko asmotan nenbilanean hasi nintzan ‘Gorbeiako haizeak’ liburua idazten. Orain, proiektu hari eutsi gura deutsat. Hamalau bat kantu daukadaz eta horretan nabil.

Bestalde, antzerkiak indar berezia daukan herri batekoa nazanez, musikea eta antzerkia buztartuko dituan ikuskizuna gurako neuke egin ‘Gorbeiako haizeak’ liburuko pasarte batzukaz.

Saioa Torre Gereketa