Lyrikline.org webguneak Kirmen Uriberen 10 olerki jarri ditu sarean
Bizkaie!
Lyrikline.org webgune alemaniarrak Kirmen Uribe olerkari eta idazle ondarrutarraren hamar olerki jarri ditu sarean, euskeraz, alemanieraz eta ingelesez.
Lyrikline.org mundu osoko olerkigintzan aditua dan webgunea da eta gaur eguneko hainbat artisten lanak dakarz; hemetik aurrera, soinudun artxiboetan Kirmen Uriberen hamar olerki be izango dira. Olerki honeek Susa argitaletxeak 2001ean kaleratutako 'Bitartean heldu eskutik' ataratakoak dira eta alemanez, ingelesez eta gazteleraz irakurteaz gan, olerkiok euskeraz entzuteko aukerea emoten da, Uribe beraren ahotsean.
Kirmen Uriberen poesiak Alemaniako literatura esparruetan handituz doan onarpena lortzen doa apurka-apurka, azkenaldian herrialde germaniarrean antolatutako ekitaldi desbardinek erakusten dabenez. Pasa dan udan Kirmen Uribek Berlingo Olerki Jaialdian parte hartu eban eta urrian Berlinen bertan 2005eko Euskal Astea-Baskenland azokaren barruan, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Urdangarinekin batera argitaratutako 'Zaharregia, Txikiegia Agian' izeneko lan olerki-musikala aurkeztu eban.
Orain, barriz, mundu osoko poesiaz arduratzen dan webgune aditu bat izan da ondarrutar honen olerkiak kulturea maite daben alemaniarrei eskaintzen deutsena.
Lyrikline.org-ek eskaintzen dituan Kirmen Uriberen hamar olerkiak 'Kukua', 'Bisita', 'Irla', 'Txoriak neguan', 'Lagun bat', 'Maiatza', 'Musua', 'Maite zaitut, ez', 'Urrezko eraztuna' eta 'Ibaia' dira.