Bidaide  II. urtea // 20. zenbakia - 2003ko zezeilaren 15a

Urtebarri zoriontsua... Txinan


Ospakizuna

Shenzhenen, Txina hegoaldeko uri gazte eta aberatsean pasau dot urtebarri eguna bertako familia batek konbidauta. Ospakizuna uri horretan egiten dabe nahiz eta familiako kide gehienak Chongquingekoak izan (1500 kilometrora dagoan uria); kontua da ze arreba nagusia Shenzhenen bizi dala aspalditik eta bertan aberastu dala; horregaitik, ospakizuneko gastuak eta familiako kide guztien hegazkin txartelak eta ganerako gastuak berak pagetan ditu. Haren nebeak, lehengusu-lehengusinak eta ilobak geldiro-geldiro joan dira etxera heltzen. Hori bai, kalera joatea be asko gustetan jake eta arin sartu gara danok uriko kaleen zurrunbiloan. Apaingarriak, petardoak eta bestelako gauza batzuk saltzeko milaka saltoki dagoz bazter guztietan eta kontsumismoaren indarra sekulakoa da.

Etxea goitik behera apainduta eta behar bezela horniduta, afaria preparetan hasteko ordua da. Txinako sukaldaritzea munduko bariatuena da segurutik eta urtebarriko ospakizuna ezin aproposagoa izaten da hori erakusteko. Emakumeen ardurea da oturuntzea preparetea eta eskaratza milaka joan-etorriren erdigune bihurtzen da. Bien bitartean, gizonezkoak mingainari eragiten egoten dira patxada handiz jesarrita edo, bestela, buelta bat emoten kalera joaten dira azken orduko erosketak egiten. Txinako gizartea tradizionala da eta gizon eta emakumeen zeregin edo betebeharrak orain hamarkada baztuetako mendebaldeko gizon-emakumeenak dira. Okasinorako mahairik eder eta handiena aukeratzen dabe baina plater, ontzi, zotz eta kazola guztiak mahai-zapi edo mantelik barik ipinten ditue mahai gainean. Gure kasuan, hamar jateko desbardin atara ditue mahaira eta danak dagoz gozo-gozo. Txinan normalean arratsaldeko seirak inguruan afaltzen dabe baina urtebarri eguneko ospakizunean hamarrak aldera hasten dira. Munduko txoko gehienetan legez, afaria nahiko atsegina izaten da eta alkarrizketa biziak eta barre algarak entzuten dira sarri; edateko Portugalgo ardaoa eta Txinako garagardaorik ezagunena, Tsingtao izenekoa egon da gure etxean. Tripea ondo bete ondoren, telebistea biztu eta hipnotizauta gelditzen dira. Pantailan, munduan zehar oso antzekoak diran urte amaierako ikuskizun edo show berezi horreek agiri dira. Gauerdian, gurean legez, bolandera, suziri eta petardoen burrunbadea hasten da eta Txinan sekulakoa da produktu piroteknikoen bariedadea, benetan ikusgarria da. Dana dala, oso deigarria da burrundadearen ondoren datorren barealdia, ia-ia sinistezina. Minutu batzuetako zoramenaren ondoren, arin joaten dira pantaila aurrera barriro eta hor amaitzen da ospakizuna, ez dago besterik.

Duda barik, guretzako urtebarrian sartzeko modu bitxia da hau eta, gure kasuan, bigarren aldiz ospatu dogu urtebarria.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama.

OHARRA / BIZKAIE:

Zigor Aldamaren 'Asiako Hego-ekialdea' izeneko erakusketea egongo da zezeilaren 18tik martiaren 12ra bitartean, Leioako Campuseko Erakusketa Aretoan. Danetara, 70 argazki eta handik ekarritako gauzak egongo dira ikusgai. Konbidauta zagoze.

Txinako urtebarria Txinako ospakizunik handiena da eta herrialde horretara bisitea egiteko momenturik ederrenetakoa; dana dala, egun seinalatua baino lehen eta gero be oso gatxa izaten da hegazkin txartela lortzea. Aurten, 2003ko urtarrilaren 31n sartu dira txinatarrak ahuntzaren urtean. Urtebarriaren ospakizuna oso desbardina da geureagaz konparauta baina Txinako urtebarriko eta gure gabon-gaueko ospakizuna bardin antzekoak dirala esan daiteke. Urtebarri eguna baino pare bat aste lehenago hasten dira Txinako uri eta herrietako kaleak apaintzen eta kaleko saltokietan era guztietako gauzak saltzen. Kolore gorria izaten da nagusi, zorionaren eta oparotasunaren kolorea dalako bertan. Txinako faroltxu gorri biribilak etxeetako lehio guztietan eskegiten ditue eta etxe barruetan be ez da apaingarri faltarik izaten.

Familia alkartzeko egunak

Txina herrialde erraldoia da, Europa osoa baino handiagoa eta normala da familia bateko kideak geografia osoan zehar sakanabatuta egotea; edozelan be, urtebarri egunari harrerea egiteko berenberegi preparetan daben afarirako, ostera, aparteko ahaleginak egiten ditue alkarregaz egon ahal izateko. Lehen esandako moduan, ez da gurea lako ospakizuna eta urtebarrian familia giroan sartzen dira, guk gabon-gauean egiten dogun moduan.

Txinako Herri Errepublikan astebeteko oporraldia izaten dabe sasoi honetan eta, holan, familiak alkartzeko miloeka joan-etorri egoten dira. Horregaitik, Txina osoan ia-ia ezinezkoa izaten da hegazkin txartela lortzea. Gehienbat herrietara hurreratzen da jentea ze behar bila urietara joandakoak asko dira eta, beraz, uri handiak ia-ia hutsik gelditzen dira. Egun horreetan ganezka egoten dira tren eta autobus geltokiak, aireportua eta errepideak eta ernegaldiak eta poza buztartzen dira sarritan. Erosketak egiteko sasoia be izaten da hau; herrialdearen hazkunde ekonomiko itzelaren eraginez, kontsumoak be nabarmen egin dau gora eta bolada hau urteko onena izaten da dendarientzako. Tradizinoari jarraituz, nagusiek diruz betetako kartazala erregaletan deutse gazteei baina, zoritxarrez, gero eta gehiago sartzen doaz mendebaldeko ohiturak eta, gaur egun, Papa Noel eta holakoek ia-ia desagertarazo egin ditue kartazal gorriak eta bestelako ohitura batzuk.