Mahastizaintzea Australian
Azken buruan, Australiarrek urte gitxitan ardaogintzan izan daben garapena goraipatu eta etorkizunera begira dabezan aurreikuspen baikorrak nabarmendu gura neukez, izan be, gaur egun landatuak dabezan mahats motak merkatuan eskaera edo demanda handiena dabenak dira.
Imanol Sarasola,
enologoa
Australian, Espainiar Estaduan produziduten dan ardaoaren herena produziduten dabe 160.000 hektareatan, hau da, Espainian baino zortzi aldiz txikiagoa da landatutako lur-saila.
Azken urteotan ardaogintzak Australian sekulako hazkundea izan dau, aurreko urteetako marka guztiak gaindituz. Gora egin dabe bai landatutako hektareatan, bai egin daben ardao kopuruan eta baita kanporako salmentatan be.
Australiako mahastigintzearen sorrerea 1788an kokatzen da, izan be, urte horretan Arthur Phillip kapitainak landatu ebazan mahats landareak Sydney inguruan. Hemendik, Hunter Valleyra zabaldu zan eta ondoren, beste eskualde batzuetara, besteak beste, Barossa haranera eta Coonawarra-ra.
Gaur egun, mahastiak eguraldi ez tropikala daben lekuetan landatzen dira eta, esangura horretan, gehien produziduten daben eskualdeak South Australia, Victoria eta New South Wales dira.
Australia, daborduko, munduan mahastigintza aurreratuena dauen lurraldea da. 2004ko amaieran, landatutako hektareak 164.181 ziran eta azken hogei urteetako hazkundea % 160 ingurukoa izan da. Kontuak kontu, Europan azken bi hamarkadotan, mahastiak kentzen joan diran neurrian, Australiak landatzen jarraitu dau.
Australian, mahats eta ardao gehien produziduten dauen estatua South Australia da; danetara, 70.000 hektarea mahasti dagoz bertan eta produziduten dan guztiaren % 48,4 egiten dabe. Horren atzetik Victoria Estadua dago 38.529 hektareakaz eta New South Wales 39.036 hektareakaz.
Australian, munduko mahats mota nagusienak landatzen dira. Frantziar eta Italiar bariedadeez gan, Espainiar Estadukoak be badagoz: Garnacha, Monastrel… eta azken urteetan, Graciano, Albariño eta Tempranilloa. Halan da be, gehien landatzen diranak mahatsak baltzak dira, 98.290 hektarea inguru. Horreen artean, gehien Shiraz motakoa ia 40.000 hektarea landatuta dagozalarik. Mahats zuria 65.891 hektareatan dago landatuta eta honeen artean Chardonnay da nagusi 28.000 hektareakaz, izan be, berau izan dq 2004an gehien landatu dana.