Kulturea  IV. urtea // 146. zenbakia

Andima Ibinagabeitia, ehun urte


1954. urtean Zaitegiren albora joan zan Ibinagabeitia, Guatemalara. Izan be, Zaitegi Euzko-Gogoa aldizkariaren buruan egoan Guatemalan, eta behin eta barriro ibilten jakon elantxobetarrari laguntza eske. Halanda ze, hara joan zan, baina Pariseko egonaldia ederregia izan zan berarentzat, eta horren mina euki eban, Miranderi idatzitako karta baten argi itxi eban moduan: 'Aldaketa aundia, adiskide, ortik onakoa. Au ez da Paris, urrik eman ere!: or igaro zazpi urte luzeak ez ditut bereala aantziko, ez orixe. Euskalerria eta Europa zaharra, barneegi daramazkit ene biotzean'. Lanari lotu jakon errealidadeari iges egiteko, baina 1956an Zaitegi Euskal Herrira bueltau zan, eta berak Caracasera egin eban, Venezuelara. Andimaren euskaltzaletasunak hango pasibidadeagaz egiten eban topo, eta horrek morala bajatzen eutsan: 'Beti bezela ari naiz ni, jeiki ta erori, erori ta jeiki. Auxe: atzerriko lorra geroago ta astunago gertatzen ari zaitala (...). Arinagoa egiten zitzaidan Paris´en Euskalerriko aizeak urbilago izaki, eman aldiz, gero ta pixuago', idatzi eutsan Koldo Mitxelenari.

Tristura horregaz segidu eban aurrera, aberria urrunetik ikusten eban bitartean. Eretxi gogorrak bialtzen zituan Euskal Herriko aldizkarietara, baina igarten eban bere suak ez ebala beste surik pizten. Irrintzi aldizkaria sortu eban gero, baina laster itxi eban, iruditzen jakolako Agirre lehendakaria hiltean aldizkariak ez ebala haren figurea errespetu nahikoagaz tratau. Gero, 1961ean, Euskaltzaindiak urgazle izentau eban, eta Andima atzera Euskal Herrira etorteko gogoz ibili zan sasoi batean, baina frankismoak indarrean segitzen eban eta bizkaitarrak argi eukan: 'aberrira itzuliko nintzateke pakean iltzeko baino ezpada ere. Bainan ezin itzuli ango agintariek lur-joten ez duten bitartean, eta ez dute ain arin lur-joko noski'. 1967an, Miranderen laguntzagaz, Eman aldizkaria sortu eban, baina berak ez eban askoz be denpora gehiago iraun: 1967ko zemendiaren 2an hil zan, bihotza gaixorik eukala.

Betiko itxi zituan gure artean hainbat eta hainbat artikulu eta gutun, sano garrantzitsuak sasoi ha zelakoa izan zan ulertzeko. Eta ezin ahaztu itzulpengintzan egin eban lan eskerga: berak ekarri zituan euskerara Benaventeren Abere indarra eta Gaitzetsia (Zaitegigaz batera itzulitakoak), Virgilioren Unai-kantak eta Alor-kantak, Ovidioren Maitabidea eta Eneida (azken hori osorik eukan itzulita, baina Orixek kontra egin eutsan eta azkenean ez eban argitaratu), Lukrezioren Izadia, Julio Dautasen Kardenalen zauta... Bestetik, euskerea ikasteko metodoak be idatzi zituan, eta gaur egun inork ez dau zalantzan ipinten ze garrantzitsua izan dan Andima Ibinagabeitiaren eragina euskal kulturan.

Jueln Gabiria

Joan dan astean Felipe Arrese Beitiaren heriotzearen ehungarren urteurrena ospatu bazan, aste honetan eragin handikoa izan dan beste idazle baten ehungarren urtemugea ospatuko da, jaiotza batena kasu honetan: Andima Ibinagabeitia da idazle hori, eta bere figurea gogoratuko dogu lerrootan.

Andima Ibinagabeitia Idoiaga Elantxoben jaio zan 1906ko urtarrilaren 26an, eta bertan egin zituan lehenengo ikasketak. Hamar urte zituala, baina, Tuterara eroan eben, jesuitetara, batxilerra egitera. Eta hango ikasketen ostean, hamabost urtegaz, Loiolara joan zan, han beste bost urte pasetako. Tartean, 1923an, nobiziaduko botuak egin zituan, proba gogorrak pasau ostean. Gipuzkoako bihotzean giro euskalduna topau eban, hantxe egozan-eta Iokin Zaitegi, Lauaxeta, Plazido Mujika eta beste asko. Loiolako urteen ostean, Ibinagabeitia Oñara joan zan, Filosofia ikastera.

Eta Oñan egoala, aukeratu beharra tokau jakon: soldaduskea egitera Madrilera joan, ala Kolonbiara maisu. Bizkaitarrak ez eban inongo dudarik euki: Ameriketara salto egin eta hantxe pasau zituan hiru urte, Bogotan eta Bucaramancan.

Ez zan, baina, geldi egotekoa, eta handik bueltan Belgikara bialdu eben Teologia eta Eskubide Kanonikoa egitera. 1935ean izan zan hori, Ibinagabeitia abade egiteko puntuan egoala. Baina bere etorkizuna abadetzatik joango zala emoten ebanean, kartea bialdu eutsan Iokin Zaitegi lagunari, esateko dana itxiko ebala, begitantzen jakolako erlijinoak eskatzen eutsan obedientzia eta bihotzak agintzen eutsana ezin zirala buztartu, edo, Santi Onaindiak dinoan moduan, 'barru-kezkaz estu' ebilelako.

Orduan, jesuiten diziplinea itxita, atzera etxera joan eta Galdakaoko “Dinamitan” hasi zan beharrean, baina barriro be hemendik iges eginda, laster joan zan enpresa horrek Portugalen eukan sukursal batera. Eta hantxe egoala, Espainiako Gerra Zibila hasi zan. Etxekoen barri euki barik, Portugalen geratu zan gerrea amaitu arte. Amaren etxera, Deustura, bueltauta, erabagi eban Eusko Jaurlaritzearentzat hasiko zala lanean, eta halantxe egin eban. Urteak joan urteak etorri, 1947ko martiaren 15ean polizia bila joan jakon etxera, eta berak Parisera alde egin eban, etxearen atzeko aldetik salto eginda. Desterru horretan emon zituan 1947tik 1954ra arteko urteak, han be beharrean, Eusko Jaurlaritzeak Frantziako uriburuan eukan bulegoan. Ibinagabeitiak euskerearen alde eukan militantziarako urte oparoak izan ziran hareek, eta artikulu asko idazteaz gainera, euskera eskolak be emon zituan, Mirande eta Peillen ikasle zituala. Eta egin zituan ekarpenen artean, besteak beste, 1951n PEN Euskel Kluba (gaurko Euskal PEN Klub barriaren aurrekaria) sortu eban, Zaitegi, Mirande, Krutwig, Irujo eta Peillen anaiakaz batera.