Euskal irakaskuntzearen jatorria
Errotatxuetako amesa
Ikasleak jaun eta jabe
Errotatxuetako geletako argia hego-sartaldetik hego-mendebaldera sartzen zan eta horixe bera gomendatu zan beste ikastola guztientzako be. Horrezaz ganera, ikasleentzako giro erakargarria sortzeko ahaleginetan, gelako altzariak baserrietan erabilitakoak izaten ziran, holan umeentzako arrotzak izango ez ziralakoan. Mahaiak handiak ziran eta mahai bakotxean launaka jesarten ziran ikasleak, era horretara, bakotxaren nortasuna bermatuteko eta, era berean, sozializazinoa eragiteko.
Hori guztia aintzat hartuta, ikastola horretan, orduan puntan egozan metodo eta baldintzak erabilten zituen irakaskuntzearen kalidade mailarik onena eskaintzeko. Horren ondorioz, sekulako arrakastea izan eben Euzko Ikastola Batzak sortutako ikastolek eta umeen kopurua gehitzen joan zan urtetik urtera.
Gaur egun, gure aitita-amoma askok Errotatxueta lako ikastoletan ikasitako euskereari eusten deutse harrotasunez. Dana dala, etorkizun handiko proiektua uste baino arinago ezerezean geratu zan. Zoritxarrez, hain gogor eta sendo etorren mobimentua garagarrileko 18an eten eben batzuk. Urtea ez dago esan beharrik be.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria.
XX. mendearen hasieratik euskal ikuspuntu bategaz irakasteko ikastetxeak sortzeko asmoa baegoan be, berbarako, Plaza Barriko eta Kolon de Larreategi kaleko ikastolak edo Azkueren saiakerak, ikastolaren benetako ezaugarriakaz lehenengo ikastetxea 1914an Miguel Muñoak sortutako Koruko Andra Mariaren Ikastetxea dogu. Gero etorriko ziran Eusko Ikaskuntzearen eskutik egindako saiakerak. Artikulu honetan, ikastolen mobimentuaren historia egiteko bape asmo barik, 1932an, Bizkaian Euzko Ikastola Batza, abertzaleen inguruan sortu barria zan erakundeak bultzatutako proiektuaren barri emongo dogu eta hain zuzen be proiektu horretako ikur bihurtu zan Errotatxuetako Ikastetxearen barri.
Euskal Ikastolen Federazinoa 1932an sortu zan
Ikastolak sortu beharraren zergaitia argi egoan XX. mende hasierako euskaldunentzako; mende hasieratik euskal kulturea eta honen ezaugarri nagusia zan euskerea gero eta apalago egozan. Euskerearen erabilerea galtzen joian, batez be Bilbo uri nagusian. Bardin pasetan hasi zan Euskal Herriko beste leku batzuetan. 1930eko hamarkadan, euskal abertzaletasunak gorantz egin ahala, euskal ondarearen ezaugarriak babestu guran, ezinbestekotzat jo zan euskal ikuspuntuko irakaskuntzearen alde egitea.
1932an Emakume Abertzale Batza eta Eusko Gaztedija talde abertzaleen eskutik sortu zan Euzko Ikastola Batza edo euskal ikastolen federazinoa. Etorkizunean euskal ikastetxeak egituretea eta bideratzea zan asmoa, beti be, euskal nortasunaren ezaugarriei eutsiz. Lehenengo bi urteetan, Euzko Ikastola Batzak, Portugaleten, Sondikan, Getxon, Bilbon, Barakaldon, Bergaran eta Elorrion sortu zituan ikastolak. Euren artean, mobimentu guztiaren ikur edo eredu bihurtu zan ikastolea 'Errotatxuetako Ikastetxea' izan zan.
Errotatxuetako Ikastolea eta maisu-maistrak
Errotatxuetako ikastolea Bilboko Kale Nagusiaren alboan egoan kokatuta, ia-ia Jesusen Bihotzaren Monumentuaren parean. Orduan, Kale Nagusiko Luzapena izenagaz ezagutzen zan alde hau, ezin egokiagoa zan, batez be, inguruan ez egoalako horrenbeste etxerik eta Bilboko erdigunetik urrun eta era berean hur geratzen zalako. Dana dala, ikastolea hainbat arinen sortu beharra egoala eta, diru eskasiaren erruz eraikinak ez ziran behin betirako usteagaz egin aldi baterako baino. Lanak hasi eta 1933ko urtarrilerako prest egozan ikastolea edo ikastetxea osotzen eben eraikinak.
Ikastolea, pisu edo solairu bakarreko eraikin bik osotzen eben. Erdian, umeak jolasteko zelaia eta bertan masta luzea, ikastolen alkartearen banderea ipinteko. Ikastolea mutiko eta neskentzako atonduta egoan. Bost areto zituan: txikientzako bi, mutilentzako bakarra eta neskentzako bi. Lehenengo ikasturtean, 1932an hain zuzen be, danetara, 238 ikasle egon ziran eta Euzko Ikastola Batzaren ikastetxeen artean, ume kopuru handiena eukana zan. Bertan maisu edo maistra modura, Maria Arrien, Felisa Belasco, Koldobike Natxitube, Maria Luisa Arrillaga eta Rosario Olazabal ibili ziran. Maisu-maistra horreek behar eben irakaskuntzarako trebezia, 1932ko maiatzean antolau ziran ikastaro batzuen bitartez lortu eben. Lehenengo, maiatzaren 12tik 20ra hainbat berbaldi emon jakezan: gaien artean, besteak beste, irakaskuntzearen helburuak, ohiturak eta jaiak, geografia, lekuan lekuko historia eta euskerea bera izan ziran. Hizlarien artean, Julene Azpeitia, Jose María Izaurieta, Eduardo Eskarzaga edo Jose Miel Barandiaran bera egozan. Beharrezko azterketak gainditu eta gero, euskera mailaren arabera lortutako puntuak gehitu eta bakotxaren ganeko eretxiak batuz, maistra edo irakasle izateko aukeratutakoen izenak emon ziran jakitera. Azkenik, azterketea gainditu eben maisu-maistrei euskerea lantzeko ikastaro berezia emon jaken garagarrilaren 11tik abuztuaren 10era bitartean.
Irakaskuntza metodoa ez zan gaur egungoa lakoa: Euzko Ikastola Batzaren ikastoletan eta, batez be, mobimentuaren ikurra zan Errotatxuetako ikastolan, irakaskuntzea ez zan ikasgaietan bananduta emoten. Maistreak testu bat irakurri eta testuan oinarrituz, ikasleek gauzarik garrantzitzuenak apuntetan zituen edota maistrearen zuzendaritzapean komentetan ziran gaiak eta holan ikasten eben umeek.
Testulibururik ez
Ez eben testulibururik erabilten, batez be, oraindino sortu barria zan talde honen gustoko testuliburuak topetea ia-ia ezinezkoa zalako. Bardin pasetan zan irakasleentzako liburu edo materialen kasuan be. Gauzak holan dirala, erabilitako material gehiena irakasleek eurek preparau edo atondu behar izaten eben. Horrezaz ganera, ez zan liburuen beharrizanik ikusten, holako liburuekaz umeek buruz ikasten zituelako gaiak eta holan ikastea ez ebelako gura. Ganera, liburuetako edukiak ez ziran egokiak ume guztientzako eta orduko asmo sendoa zan umearen berezitasunak jagotea. Dana dala, ikasgai batzuetan sortzen ziran arazoei aurre egiteko, berbarako aritmetikan, gaia euskeraz azaltzen eban liburu baten lehen atala argitaratu zan. Beste alde batetik, irakurgaiez osotutako lehenengo liburu bat Julene Azpeitiak egokitu eban; 'Irakurri, matte…' zan izenburua eta bilduma bateko lehenengo liburua baino ez zan izan.