Atsegin Printzak
Xabier Paia
Joseba Santxo ezaguna da Bizkaieko bertsotan atalean. Izan be, berak egindako hainbat bertso-sorta jarri izan doguz eskura amaraunaren zati honetan. Eta oraingoan be, bardintsu gatoz, algortarrak Mungiako Taket bertso-paper sariketea irabazi ebalako urtarrilaren 15ean. 38 bertso-sorten artean, Mungiako Taket bertso-eskolako epaimahaiak bere bertsoak aukeratu ebazan lehenengo sarirako. Urteroko zita bihurtu da San Antontxu eguna Mungian Uribe Kostako bertsozaleentzat, edo behintzat, holan adierazoten eban jentez bete-bete egindako plazeak.
Santxok hartutako gaia erosoa da: ohea. Izarapean leidutekoak, baina lokartu barik.
Ohe, ohe, ohe, ohe…
hasten da bertso-sorta hau,
baina ez beite bihurtu
futbolzaleen alarau.
gaurko gaiak, ezinbestez,
etzanarazo egin nau,
aintzaldu daidan ohea,
berari deiodan kantau.
Zer historia luzea
eta zenbat atseden-gau
etzalekuaren mende,
nekazari zein gortesau!
Azpigai, lastamarraga,
kamaina eta enparau…
Ohe motak joan doaz,
baina oheak hor dirau.
Oba-oba, oba-oba,
sehaska zabukaria…
Hoba sehaska ez balitz
bereizgarri nabaria!
Mailak maila, kuma dogu
jaiobarrien habia,
munduko ume guztien
ametsaren izadia,
lotien gau-baporea,
umezurtzen almadia,
haur laztan-gose hozperen
berotzaile ugaria;
eske-kantuan natortzu,
oi, kumatxo dantzaria,
jarraitu daizun izaten
haur loguren guraria.
“Ai amatxao, ai aitatxo!
beldur naz, argia biztu!”
Gaztetxuei gau ilunak
dakartse mila arrisku.
han-hemengo irudiak
euren buruan gorpuztu,
eta ohe azpikoek
darabilez sustuz sustu!
Ohetxoan txizalarri
egoten diranez estu,
nahi izaten dabe jarri
nagusiagoen esku;
ohe txikia utzita
gurasoenean ostu…
Oheko abordajeak
bakea du bidai-kostu.
Uah, uah, uah, uah!
luze-zabal, muga bage,
ohea bihurtu leike
gozaleku, plazer-labe.
Gazteek hartzen dabenez
askatasuna zutabe,
maita-lekuak damotse
gura beste libertade:
Zelai zabalean edo
itsasoan bare-bare,
basoko zuhaitzen kontra
edo harkaitzen mirabe…
Komuna, igogailua,
autoko jarlekua be,
gazteek edozein toki
ohe bihurtzen baitabe.
“Iufala, iufi, iufala!
iritsi da azkenean
ordua hazur guztiak
jartzeko atsedenean.”
Esku-behargina asko
nekatzen danez lanean,
gauerako egoten da
hauts eginda gehienean.
egunaren akaberan
ohera sartzen danean
burura etortzen jako
akordu bat zuzenean:
“Jendearen arrazoia,
baieztatzen dabenean
ohea dala inbentu
onena azken finean!”
“Au, au, au,au, hau gaua, hau!
noiz hartu behar nau loak?”
Ohea kezkagune dau
bulegari mozoloak.
buru-beharginarentzat
gauez datoz arazoak:
Honen paga, haren zorra,
eta hurrengo kasoak…
Estresak eratzen ditu
izara-marapiloak,
estresak koltxoian sortzen
izerdizko potxingoak;
alperrik dira ohantze
bigunak eta freskoak…
Ohantze eta oinaze
batzen dauz estres gaiztoak.
“Ai, ai, ai, ai, ui, ui, ui, ui!
Urteakaz makaldu naz,
ohera sartzeagaz bat
umore-minak jatordaz.”
Onenak emondakoa
danerako dago eskas
eEta beti dau gogoan:
“Izango ete naz kapaz?”
kalbario bihurtu lei
ohera bidea, beraz,
baita iritsitakoan
izarak zikindu erraz;
hemen konparau leiteke
ohea abioi bategaz
eroango gaituena
beste nonbaitera hegaz.
“Hara, hara, hara, hara,
beste egun bat joan jat!
Hobarik egon da, baina
txarra ez da izan behintzat.
Hamaika gauza txiki on
eskaintzen deuskuz bizitzak,
eta bardin bizitzako
egokiera bakoitzak.
Gure esku dago antza
txikiok hartzea aintzat,
gure esku dastatzea
uneko atsegin printzak;
bizitza gozoagoa
izan daiteke guretzat
ohea hartzen badogu
eguneroko saritzat.
Ohea ez, baina Santxok urteroko saritzat hartu leike Mungiako bertsozaleen San Antontxutako jaialdian parte hartzea. Hau ez dok lehenengoa izan eta ez dok atzena izango!