Sagarrak eta sagardaoa
Sagardaoa
Historialariek esaten dabe sagarra eta sagargintzea betidanik egon dala euskaldunon artean eta, seguru, euskaldunek sagardaoa egiten erromatarren garaian ikasi ebela.
Sagarraren muztioaren irakinaldien ondoren sortzen da sagardaoa. Uraren antzeko densidadea dauka, txinpartaduna da eta % 6 alkohola da.
Lantzean behin, eta batez be urte-sasoi honetan, guztiok probau beharko geunke sagardaoa. Izan be, neurriz, edan daiteke, karbohidrato batzuk eta alkohol gitxi ditualako. Arazoa, beraz, ez da edaten doguna (neurrian edanda!), sagardotegietan jaten doguna baino. Jakina, lantzean behin egiteagaitik ez jako inori ezer pasauko; hori bai, astero joateko ohiturea daukien horreetakoa bazara, kontu apur bat izan beharko zeunke.
Sagardotegietan menuari begiratu ostean, berehala jaubetuko gara proteinak eta gantzak sobran dagozala: makailao prijidua, makailao-tortillea, txuletoia, gaztaia... Eta, ganera, karbohidrato konplexu, zuntz eta zenbait bitamina gitxi daukaz menuak.
Gauzak holan dirala, sagardotegietako otorduek aurretik eta ostean gure dieteari kasu apur bat egin beharko deutsagu. Afaria holakoa izango dala jakinik, bazkaritan barazkiak eta fruta fresko asko jango doguz eta proteina asko daukiezan jakiak baztertu. Hurrengo eguneko gosarian naranja-ura ezin da falta eta goizean zein arratsaldean aire freskoa hartu: itsasalde edo mendialdetik ibilaldi bat eginez berehala kanporatuko dozu sobran dagoana. On egin!
Amaia Laforga,
Dietetika eta Gizaki Elikaduran diplomaduna
Daborduko martxan dago sagardotegi-denporaldia, txotxetik edateko garaia hasi da. Euskal Herrian erabat erroturik dagoan ohitura zaharra da, urtetik urtera gero eta zale gehiago biltzen dauena, bai sagardao bera probetako, bai sagardao-menua jateko, bai honen inguruko jaian disfrutetako. Hasteko, sagarra ezagutu eta sagardotegien fenomenoa aztertuko dogu, sagardotegiak osasunez disfrutetako aholku batzuk emonez.
Sagarrak
Sagar-mota ugari dago eta batzuk besteak baino gozoagoak dira. Euskal Herrian guztion errege dogun 'Errezil' sagarretik hasita kanpotik ekarten deuskuezan sagar mardul horreetaraino daukaguz: Goldena, Grammy Smith, sagar-gorriak, etab. Sagarraren azaleko kolorea eta gustoa desbardina izan arren, osogai aldetik alkarren antz handia daukie. Uraz gan, karbohidratoak dira osogai nagusia: 200 gramoko sagarrek 21 gramo fruktosea daukie. Koiperik eta proteinarik ez daukie.
Jateko erregulatzailea dala esaten da, gatz mineral eta bitamina-edukiari esker. Sagar batean 200 mg. potasio eta 9 mg. magnesio egoten dira. Gatxa izaten da mineral horreek daukiezan jatekoak topetea. Bitaminen inguruan esan behar da sagarrak bitamina-mueta asko dituala, bakotxetik gitxi izan arren. Adibide modura, hona hemen C bitaminea: sagarrak naranjak baino hamar bider C bitamina gitxiago dauka. Halanda be, C bitamina gitxi honek oxidazinoa ebitetan dau. Horregaitik, azala kendukeran, C bitaminea desagertu egiten da airearen eraginez eta sagarra baltzitu egiten da, hau da, azalak sagarraren barruan dagozan bitaminen babesle modura jokatzen dau.
Sagarrak zuntz ugari dauka: uretan disolbagarria dan pektinea, hain zuzen be. Sagarra birrinduta, pektinea oxidau egiten da eta beheranzko arazoak arintzen laguntzen dau. Oxidautako pektineak ura hartzen dau, beheranzkoan kanporaketearen abiadurea moteldu egiten dau eta hesteei ura xurgatzeko denporea eta aukerea eskaintzen deutse. Ondorioz, birrindutako sagarra ona da beheranzko kasuetarako eta idorreriaren kasuan emoitzak desbardinak dira: normalean sagarra hartuta, pektineak hesteetako abiadurea erreguletan dau idorreriari aurre eginez. Esana dogu azala aberatsa dala, baina kontuan hartu behar da nekazaritzan erabilten diran pestizidak azalean geratzen dirala, beraz, ondo garbitu behar da jan aurretik.
Gure eguneroko dietan hiruzpalau fruta-ale sartzea komeni danez, zitrikoen osogarri legez egunean sagar bat jatea ona da.