Antxina-barri  IV. urtea // 145. zenbakia

Orreaga: euskaldunen lehenengo burrukea


Orreagako gudearen ondorioak

Orreagan pasautakoa gehi aurretiaz euskaldunekaz izandako arazoak (gogoratu daigun Martelek izandako arazoak zati handi baten euskaldunek akitaniarrei emondako laguntzinoaren ondorioak izan zirala) kontuan hartuta, Karlomagnok ikusi eban Akitania eta Waskonia inguruko lurraldeakaz zeozer egin behar zala. Orduan, bere seme Luisentzako (Ludovico Pio) Akitania eta Waskonia batzen ebazan erresuma sortzea erabagi eban. 781ean, Luis errege izentau eban (hiru urte eukazan), eta handik lau urtera Padeborneko Batzarrean, hau da, Gortearen aurrean aurkeztu eben errege barri eta gaztea euskaldunen erara jantzita ganera, ordurako euskaldunek frankoen artean euken garrantzia erakutsiz.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria

Sarrerea

Gaur dakargun istorioa orain dala mende batzuk pasau zan. Askorentzat, kontu hutsa baino ez da izango, baina beste askorentzat euskaldunak ‘betidanik’ erakutsi doguzan ezaugarrien aldeko burrukearen lehenengo pausua da. Orreagan izandako gudearen ganean gabiz berbetan.

Egoera historikoa

Zazpirehungarren urtearen bueltan jarri behar dogu gure burua, hau da, zortzigarren mendea amaitzear dagoala. Europako mendebaldean agintari senide batzuk doguz nagusi: Karolingioak. Frankoen tartekoak. Familia horretakoa zan orduko agintaririk nagusiena, Karlos Martel. Europako alde honetan Eudon akitaniarraren kontra eta era berean orduan hegoaldetik etozan musulmandarren kontra egin eban. Garaipenak lortu ebazan eta Europako mendebaldean nagusi agertu zan zortzigarren mendea amaitzear egoala. Burruka horretan, euskaldunek Eudonen alde egin eben eta Martelen semeak, Pipinok, agintea hartu ebanean barriro be haren kontra matxinatu zan Hunaldo II.aren alde agertu ziran euskaldunak 769an.

Baina Hunaldok ezin izan eban garaipenik lortu eta, Pipinorengandik iges egin guran, euskaldunen artean (orduko Waskoiak) hartu eban atsedena. Karlomagnok, Pipinoren semeak, Hunaldoren atzean jarraitu eban. Baina hau euskaldunen artean egoala ikusirik, euren lurretan sartu barik Hunaldo emotea eskatu eutsien. Azkenean, euskaldunek, Lupo agintari eukela, Hunaldo Karlomagnorengana eroan eben eta honek, eskatutakoa beteta ikusirik, bere ejerzitoagaz bueltea emon eta alde egin eban Waskoien lurretan sartu barik.

Orreagako ‘gudea’

Urteak egon ziran euskaldunak Karolingioen barri jakin barik. Baina 778an orduan Europan ahaldun guztia zan Karlomagnok Iberiar Peninsulea be bereganatu gura izan eban, bertako musulmanen kontra egiteko. Horretarako, Zaragoza aldera bideratu eban ejerzitoa. Ez dakigu zelakoak ziran ordurako euskaldunakaz eukazan hartu-emonak baina kontua da Zaragoza aldera joiala ikusita, euskaldunek onartu ebela Karlomagnoren ejerzitoa Pirinioetatik pasetea, euskal lurraldeetatik.

Bidean, Nafarroako uri nagusira, Iruñeara sartu zan ejerzitoa, bere esku egoan guztia hartuta eta euskaldunen urian lapurreta eta apurketa itzelak eginez. Handik Zaragozarako bidea jarraitu eban. Baina ez ziran bere asmoak bete eta uria musulmanen esku geratu zan.

Bueltan be, ejerzitoa Pirinioetatik pasau zan, Waskoien lurretatik hain zuzen be. Eta euskaldunek ez euken ahaztuteko Iruñean pasautakoa.

Orreagatik pasetan hasi ziranean, Altabizkarreko tontorra pasau eta, barruko aldean egozanean, mendian ostututa egozan euskaldunek eraso egin eutsen. Ez zan ejerzito arrunt edo normal baten erasoa. Gehiago esan geinke: talde txikiek egindako erasoa zan, gero hain ezaguna izango zan ‘gudatxo’ edo ‘gerratxo’ moduko erasoa. Baina erasoa ez eben itxaroten eta ezelako ardura barik joiazan frankoek itzelezko galerak jasan ebezan. Tartean Karlomagnoren hurrenekoa zan Errolan bera be bertan hil zan. Gero idatziko zan Errolanen Kantu ospetsua.