Euskerea berbagai  IV. urtea // 145. zenbakia

Erderaz, mesedez!


Jazoera hori eta beste hainbat etorri jataz gogora kargutik kendu barri daben jeneral batek esandakoak, baita be, militar batek egindako galdereari erantzunez, militarren artean oraintsu zabaldu daben zirkularraren barri (zirkularra onetsi dauen karguduna ez dabe kargutik kendu, nik dakidala) izan ostean. Jeneralaren eretxiz, katalana jakin beharrak nazino horretara bialdu behar diran militarrak aukeratzeko erispideetan eragina izango leuke eta hori onartezina da. Zirkularrean esaten danaren arabera, barriz, ejerzitoaren eta armadearen jarduera guzti-guztietan ez da beste hizkuntzarik erabili behar gaztelania baino, dan-dana batasunaren edota dana dalakoaren mesedetan.

Jarrera hori, baina, ez da barria. Estaduko administrazinoak urteak daroaz berton eta bestelako erkidegoetan ofizialkide diran hizkuntzak normalizetako xedez onartutako Legeak bete barik eta beteteko borondaterik be erakusten ez dauela. Izan be, Europan hizkuntza batzuen onarpenaren alde egitea ondo dago, baina, norberaren etxean, etxeko lanak eginkizun daukaz Espainiar Estaduak, eta hori ezin da ezelan be ahaztu. Hor daukie aterpe, besteak beste, Estaduaren baitakoak diran zerbitzuek-eta euskerea lako hizkuntzak ez normalizetako erakusten dabezan jarrerek.

Erresistentziak handiak dira. Batzuek dinoe Estaduaren batasuna dala kolokan dagoana. Baina, papeletan, kulturaniztuna, hizkuntzaniztuna, etab. ustez dana egiatan zelan dan, Estaduaren izaera bera da ezbaian dagoana, zalantza barik, bide batez lekuan lekuko lege eta ebazpenek danontzat balio bera daukiela erakutsiz.

Erramun Osa

Euskaltegietan erabilteko asmoz, fotokopiagailu batzuk erosteko operazino baten inguruabarrean, Euskal Herriko finantza entidade ezagun bateko ordezkaria eta biok alkartu ginan, Bilboko plaza zirkularrean, urte asko orain ez dala. Bakotxak ordezkatzen eban erakundearen izenean, notario baten aurrean sinatu behar genduzan operazinoa egin ahal izateko papelak. Hara ginoiazan, zer pasauko jakun arrastorik be ez geunkala, eta Bilboko erdigunea ikusteko aukerea eskeiniko euskun pisura ailegatzeko hartu genduan igogailuan, kontu kontari biok.

Holakoetan jazo ohi dan legez, itxaron behar izatea suertau jakun. Halako baten, orduantxe ezagutzen neban notarioak sartzeko konbita egin euskun. Izenpetzen ginoiazala, notarioak berbea hartu eban, eta nire ahalak euskeraz egozan ezkero, ulertzeko gauza ez zala argudiatuta, mahai gainean eukazan papelak ez ebazala izenpetuko adierazo euskun, eta ‘katalanez, frantsesez, ingelesez edota gazteleraz egongo balira ez leukela arazorik izango’ erantsi eban. Geure aurpegiek ikustekoak izan behar eben notario harek bere burua zuritzeko emon euskuzan azalpen luzeetan erreparetan badogu. Katalana, ingelesa edota frantsesa Bilbon ofizialkideak ez zirala, euskerea, ostera, bai lako argudioak be alperrekoak suertau jakuzan, izan be, fotokopiagailu-sortea erosteko finantzazinoa izenpetu barik, handik gitxira kale gorrian gengozan.

Notario harentzat euskerea ofizialkidea izatea ez zan erabagigarria. Izatekotan, berak ekizan hizkuntzak ziran kontuan hartu beharrekoak, antza danez.