Koldo Nabaskues: ‘lege lar dagoz baina gitxi beteten dira’
Tabakoa, prezioen igoerea, merkealdia, hipotekak... Urteko sasoirik gogorrena dala dinoe askok, Gabonetan boltsiloak hutsitu dabezalako askok. Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketearen presidente Koldo Nabaskuesegaz egin dogu bat gai horreen ganean berba egiteko.
1.- Tabakoaren Kontrako Legea indarrean sartu eta berehala, Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketeak (EKA) tabakoa galarazotea eta tabako-makinak kentzea eskatu dau. Alkartearen ikuspuntutik, zein da erabagiaren helburua?
Egia esan, alkarteak legea ondo idatzita egotea gurako leuke. Osasuna babesteko bada, batez be umeena eta ez erretzaileena, argi araututa egon behar da. Kontsumitzaileon oinarrizko eskubidea da, estadu zein Europa mailan dago araututa Kontsumitzaileen Estatutuan. Kontraesana da tabakoa hilten dauen produktua izanda (edo hilten laguntzen dauena) salgai egotea; legezko drogatzat hartzen bada, gitxienez, tabako pakete bakotxean zigarroen elementu kimiko eta naturalak zeintzuk diran eta daukiezan kontraindikazinoak azaldu behar dira, botiken antzera.
Ganera, legea gehiago landu behar da, kontraesan ugari daukazalako. Zelan babesten ditu adin txikikoak? Hau da, euren gurasoakaz doazen adin txikikoak 100 metro baino gitxiago daukiezan erretzaileen tabernatara sartu daitekez. Holan babesten da umea? Kontu horreek ondo arautu behar dira. Bitartean, ezin da aurrera egin. Lehenengo eta behin, 18 urtetik beherakoei guztiz galarazo behar jake tabakoa eta, horretarako, berenberegi araututako lekuetan baino ezingo litzatekez saldu.
2.- Behar-lekuan, taberna askotan, leku publikoetan... ezin da erre. Orain arte, izan dozue arazoren baten barri?
Ez. Azken batean, erretzaileek eta ez erretzaileek urte asko daroe egoera honetan. Erretzaileek igarriko dabe murrizketa gehien eta, jakina, ez dira etorriko kontsumitzaileen alkartera etorriko euren eskubideen babes eske, ez dalako eskubide naturala.
Legea zorrotzagoa izan beharko litzatekela uste dogu, hau da, kalean edo zeure etxean ez bada, ezin da erre.
3.- Legea zorrotz beteko dala uste dozu?
Ez. Lege lar dagoz baina gitxi beteten dira. Danetarako daukaguz legeak baina ez dira danak beteten. Beste herrialde batzutan, askoz be lege gitxiago dagoz baina zorrotz beteten dira. Kasu honetan, tabakoa txarra da eta kitto. Horregaitik, leku publikoetan erretea guztiz galarazotea da urtenbidea. Gu ez gagoz personen eskubideen kontra. Bakotxak gura dauena egin leike beraren bizimoduagaz, beti be albokoari enbarazurik egin barik.
4.- Zelan jokatu behar da legearen urraketearen aurrean?
Uritarrak ez dau salataria izan behar. Ezin dogu inor behartu urraketa bat salatzera. Horretarako, administrazinoa dago eta berak jakingo dau zelan betearazo legea, beharrezko ikuskaritzakaz eta kanpainakaz. Hori bai, gura izan ezkero, edozeinek jar leike salaketea.
5.- Urte barriagaz, prezio barriak. Argiaren, gasaren, butanoaren... prezioek nabarmen egin dabe gora. Oinarrizko elementuak izanik, zer deritxazu?
Urtero, urte aldaketea aprobetxetan da prezioen gorakadea apliketako. Ez dago justifikazinorik prezioak urteko sasoi horretan igoteko. Badago, barriz, prezioak igoteko justifikazinoa, beti be ekonomia azterketei lotuta. Euroa indarrean jarri zanean, prezioen gorakadea nabarmena izan zan, ditxosozko ‘borobiltzea’ baino gehiago.
Egun, kontuan hartu beharreko gauza bi dagoz: petroleoaren prezioa eta diruaren prezioa. Petroleo-upelaren prezioa 60 dolar bueltan dabil eta, adituen arabera, gora egingo dau. Horrek eragina dauka ekonomia orokorrean, kate amaibakoa da. Petroleoak gora egiten badau, danak egiten dau gora. Hori bai, ez dago justifikazinorik neurribako igoerak egiteko. Diruaren prezioa da ekonomiari traba egiten deutson bigarren puntua. Urte askoan lar mobidu barik egon dira indizeak baina orain gorantza doaz. Ondorioz, familiek erosteko ahalmen gitxiago daukie eta zorretan dagoz. Egoereak holan segidu ezkero, zorra gehiegizkoa izango da eta hori arriskutsua da. Prezioak igotea ez da arazo larriena, prezioakaz batera aitatutako kontzeptu biek gora egitea larriagoa da.
Gure gomendioa da etxeko ekonomiaren balantzea egitea, benetakoa. Urtean zenbat diru jasoten dogun, kredituetan zenbat pagau behar dogun eta zer ekarriko deuskuen interesen igoerek. Geure buruagaz leialak bagara, gastuak murriztu behar doguzala konturatuko gara.
6.- Oraintsu urten daben 50 urtera arteko hipotekak. Urtenbidea dira?
Arriskutsuak dira. Familia bankuaren esklabo bihurtzen da. Egia da etxebizitzen balioa, denporeagaz, handitu egiten dala. Baina handitze horren zati handi bat bankuaren esku geratzen da interesen bidez. Etxebizitzea, beraz, behartutako aurrezkia da baina interes oso altuakaz. Hogeta hamar urteko kredituek bizitza laboral normal ia osoa zorretan egotea dakarre. Modu batean, eroangarria izan daiteke, baina askorentzat ez, lan egonkorrik ez daukielako. Berrogeta hamar urteko kredituek, barriz, bizitza laborala baino denpora gehiagoz zorretan egotea dakarre. Ikusteko dago, oraindino, zelako erantzuna izango daben kreditu barri horreek. Baina edozelan be, atea zabalik dago eta guretzat arriskutsua da bidea. Esan dodan legez, diruaren prezioak gora egiten dau baina errentak igoera horren azpitik dagoz. Beraz, kontu horreetan sartzen danak kontuz ibili behar dau.
7.- Merkealdi garaian gagoz. Prezioak murriztu egiten dira baina, askotan, kontsumitzaileen eskubideak be bai. Zelan jokatu behar da hori ez pasetako?
Gauza bat da merkealdian dendarik denda joatea eta beste bat aurretik pentsautako erosketea merkealdian egitea. Bigarren hori da egin beharko litzatekena eta horren alde egiten dogu guk gogor. Dendarik denda ideia jakinik barik bagoaz, behar ez doguzan gauzak erosteko arriskua dago eta hori ez da ona. Onena produktuek daukiezan beherapenak aprobetxetea da eta horretarako sasoi parebakoa da merkealdia.
Hori bai, aurrerago azaldu dodana euki behar da gogoan: norberaren egoera ekonomikoa, noraino sar naiteken zorretan, kontuz kreditu txartelakaz (izenak berak dino ‘kreditu’ txartelak dirala eta hurrengo hilean etorriko jaku bueltea).
Gauzak merkeago egon arren, ez dira kalidade gitxiagokoak izan behar eta ez dira izaten. Daukagun komertzioa ona dala esango neuke eta kalidade-prezio aldetik neurria egokia dala uste dot. Saltzeko dagozan produktuak hilebete lehenago salgai egotea nahitaezkoa da, hau da, sasoikoak izan behar dira. Ganera, denda bakotxak jarraibide administratibo batzuk egin behar ditu eta luzapenari jagokonez be, arauak dagoz, nahiz eta askotan ez errespetau. Gure zeregina ez da irregulartasunak salatzea, kontsumitzaileen eskubideak bermatzea baino. Salaketak jarteko lana administrazinoari jagoko.
8.- Salaketarik jaso dozue merkealdietako irregulartasunen bat dala eta?
Konsulta asko izaten ditugu, ez salaketak. Konsultok batez be produktuak aldatzerako orduan sortutako duden ingurukoak izaten dira: Gabonetan erositako produktua merkealdian aldatzen badot, diferentzia emongo deuste? Holakoak izaten dira galderak gehienetan. Beti etekina lortu guran!
9.- Kontsumitzailea zertaz ohartu behar da arazoak ebitetako?
Produktuak prezio biak euki behar ditu ikusgai, lehengoa eta merkealdi sasoikoa. Beherapena portzentajearen araberakoa bada, argi geratu behar da zein produktuk daukien beherapena eta zeintzuk ez, izan be, ez dira zertan produktu danak merkealdian jarri. Ganerako jarraibideak (kreditu txartelen erabilpena, konponketak egiten dabezan ala ez...) urte osorako iragarritakoak dira eta, bestela, ondo iragarrita egon behar dira aldaketak.
10.- Merkealdi sasoian behar ez doguzan gauzak erostea ‘gaixotasuna’ dala uste dozu?
Alkartearen oinarrizko lau zutabeak eduketea, jakinarazotea, defendidutea eta burutik kentzea dira. ‘Burutik kentze’ hori oraintsu jo dogu zutabetzat. Gaur egun, persuasinoaren gizartean bizi gara eta guk kontra-kanpainea abiarazotea erabagi dogu, kontsumitzaileei behar ez dituan gauzak ez erosteko konbenziduteko. Baina oso gatxa da kontsumitzaileakana heltzea, gure mezu bat heltzen jakenerako milaka mezu persuasibo heldu jakezalako zuzeneko zein zeharkako publizidadearen eta ingurukoen eraginaren bidez. Badakigu bakotxak beraren diruagaz gura dauena egin leikela baina egia da ez dogula bape pentsetan gauzak erosterakoan.
11.- Zeintzuk dira zentzunezko konsumoaren hiru-lau jarraibide nagusiak?
Lehenengo eta behin, ez erosi behar dozuna baino gehiago. Zeozer erosikeran, konparau kalidadea eta prezioa, modea eta zeharkako kontuak albo batera itxita. Hau da, kotoizko kamisetea behar badogu, zenbat kotoi daukan begiratu eta ez marka honetakoa ala bestekoa dan. Publizidadeari ez jako kasu lar egin behar eta informazinoa ezinbestekoa da konparazinoak egiteko.
Bestalde, ez doguz ondo beteten gure beharrizanak. Eskubideak daukaguz, bai, baina beharrizanak be bai. Kontratuak izenpetu baino lehenago ondo irakurri eta ulertu behar dira dokumentuak eta ezaugarriak. Hori, orokorrean, ez da ia inoiz egiten. Eta gero, gerokoak etorten dira. Bide horretan aurrera egin beharra dago, Europako kontsumitzaileen mailearen azpitik gagozalako. Hor dago, beraz, erronkea.
Saioa Torre Gereketa