Presinopean negozietan
IƱaki Atxutegi
Catalunyako Estatutu barriaren ganeko negoziazinoa bere azken txanpan dagoala esan leiteke. Gobernu espainiarra eta Catalunyako alderdiak bileraz bilera eta 'kromoak aldatzen' dabilzala emoten dau. Horren ozen komunikabideetan egiten diran adierazpenak jokuaren parte bat baino ez dira. Generalitatean dagozan hiru alderdiak eta CiU ahalik eta indartsuen dabilz egitasmoaren oinarrizko puntuei eusten, baina hemendik gitxira ikusiko dogu zertan emoten daben amore.
Ez da, gero, lan erraza eurena. Espainiako sozialistak ez dagoz inondik inora puntu nagusietan men egiteko prest. Ganera, Alderdi Popularraren ingurutik egitasmoa pikutara joan daiten presinoa sartzeko lanean dagoz. Azkenean zer urtengo dan ez dakigu, baina argi dago gaur egungo aurrez-aurrekorik nabarmenena puntu bitan dagoala, hain zuzen, nazinoaren errekonozimenduan eta finantziazinoan.
Lehenengo puntuaren ganeko kontrako eretxia nondik eta militarren aldetik etorri da. Demokrazia sendo batean sekulan emon behar ez dan presinoa izan da. Mena Teniente Jeneralak esandakoaren haritik erretirautako militar batzuek gutunak bialdu dabez Estaduko komunikabiderik kontserbadoreenei berak esandakoagaz bat eginda. Jakina, erretiroa hartu dabenak ez dira ezeren bildur. Baina zerbitzuan dagozan horreek zer pentsetan dabe? Menak esandakoaren haritik jokatuko leukie Estatut barria heuren gustoko ez bada?
Alderdi Popularrak urre gorria ikusi dau euren oposizinoa indartzeko, are gehiago sozialista asko euren eretxiagaz bat datozela jakinda. Popularren esanetan, erru guztia Zapaterorena da eta militarrak bat datoz horrenbeste espainarrekaz Parlamentetik urten zan testuaren kontrako eretxia kaleratzen dabenean. Ondorioz, argi dago Espainiaren lasaitasunak prezioa bat daukala: egitasmoa goitik behera aldatu beharko litzateke edo atzera bota.
Honegaz lotuta, ez dot uste Francisco Hernando Auzitegi Gorenaren Presidenteak adierazotakoa kasualidadea danik. Gaztelera ez diran Estaduko beste hizkuntzen ganeko ezespena ez da persona bakar baten eretxia. Gogoan izan daigun azken egunotan catalaneraren ganeko polemikea sortu dala komunikabideetan. Eta ez da kasualidade inuxentea izan.
Konstituzinoak dinoanez, espainera da derrigorrez jakin beharreko hizkuntza bakarra. Ganerako hizkuntzak ezagutzea eskubidea baino ez da gaur egun. Estatut barrian esaten danez, derrigorrezkoa izango litzake catalanera ezagutzea. Legearen arabera, bigarren mailako hizkuntza izan dana lehen mailara paseteak sutan iminten ditu espainiar nazinonalistak.
Beste alde batetik, diru kontuak ei dira Catalunyako jentearen ardura nagusienak. Ez da harritzekoa, euren bizkar sostengatzen da eta Estadu osoa. Orain egun gitxi batu ziran Zapaterogaz alkargo autonomoetako presidente sozialistak. Seguru nago kontu sinbolikoak alde batera itxita oso arduratua dagozala presidente autonomo sozialistak euren autonomiei eusteko behar daben dirua murriztu egin daitekelako. Badakizue, Catalunyak berarentzako gorde gure dau zergatan pagetan daben dirua. Eta, lagunak, kontu sinbolikoak onartu leitekez, sikeran sakrifizio handigaz, baina besteen diruagaz bizi diran autonomi batzuek zelan funtzionauko dabe Catalunyako egitasmoa bere horretan onartzen bada? Ez da harritzekoa, beraz, Ibarrak esandakoa: Kongresutik urtengo duan Estatutek ez dau antzik izango Catalunyatik urtendako egitasmogaz.
Hau beteten bada ikusi beharko da, orduan, zein dan Catalunyako alderdien erreakzinoa. Onartuko dabez Congresuko emendakinak jokabide pragmatikoari jarraituz ala erretirau egingo dabe egitasmoa? Horra galderea.
Portzierto, erne aste honeetan zehar euskal antzerki publikoan daukagun kulebroiari. BECen Batasunaren ekitaldia egingo ete da? Egin ala egin ez, aktore guztien jokabidea erabagigorra izan daiteke pake prozesua abian iminteko edo (ai, ama!) pake prozesua pikutara joateko. Adi!