Manuale d'amore
Italian ohikoak diran komedia ereduei orpoz orpo jarraituta eta trebetasunez kateaturiko kapituluen arabera egituratuta, Giovanni Veronesi zuzendariak maiteminduei zuzendutako gida hau atondu dau; danetara, lau etapa eta lau bikote mueta aztertzen dira: maitasunak jorraturiko une desbardinetarako (maitemintzea, krisia, engainua eta traizinoa) beste horrenbeste bikote.
Istorio guztietan desengainu eta eszeptizismo ikutu argiak azaltzen dira, baina itxaropenari zabaldutako ateak be ikusten dira: bikoteak mehatxatzen dabezan bakardade, ohikeria eta egunerokotasunari bigarren aukera bat emoten jake, bizitzeari irribarrez begiratu ahal izateko. Parodia, esperpentoa eta ironia ezin hobeto buztartzen dira pelikula on honetan.
Egia da film honetan topiko eta sinplifikazino ugari agiri dirana, baina honako hau maitasunaren ganeko komedia bat da eta horretan ezin hobeto asmau dabe; ikus-entzuleek barre egin ez eze egoera goibel eta triste bati baino gehiagori etsipen alaiaz oratu be egingo deutsie, euren bizitzako pasarteren bat islatuta ikusi dabelakoan edo. Azken batean, maitasun kontuak eta bizitzea oso antzekoak dira, gorabehera, aldats eta pasarte gazi-gozoz betetakoak, baina gauza jakina da une gozo nahiz garratzei hobeto egiten jakena aurre irribarrea ezpanetan.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Giovanni Veronesi.
- Herrialdea: Italia.
- Iraupena: 116 minutu.
- Antzezleak: Carlo Verdone (Goffredo), Silvio Muccino (Tommaso), Luciana Littizzetto (Ornella), Sergio Rubini (Marco), Margherita Buy (Barbara), Jasmine Trinca (Giulia), Rodolfo Corsato (Alberto Marchese), Dino Abbrescia (Gabriele), Dario Bandiera (Piero), Luis Molteni (Goffredoren abokatua), Anita Caprioli (Livia).
- Gidoia: Ugo Chiti eta Giovanni Veronesi; Vincenzo
Cerami-ren argumentu batean oinarrituta.
- Argazkia: Tani Canevari.
- Muntaia: Claudio Di Mauro.