Errefreskoak eta batidoak
Miszelanea edo nahaste taldea
Light edariakaz zer?
Danok ezagutzen doguz light edari freskagarriak, publizidadearen eraginez, lar ondo sartu deuskuezan edariak; kontua da ze azukerearen ordez sakarinea edo ziklamatoa gehituten deutsiela. Dana dala, ez dira oso gomendagarriak, badakigulako gozotzaile artifizial horreek (sakarina, ziklamatoa...) erabiltea ona izan daitekela kasu zehatz batzuetan baina gozotzaile artifizial horrek neurri barik hartzea be ez da ona ze gehiegizko kontsumoaren ganeko azterlanik oraindino ez dagoalako, hau da, ez dago jakiterik ze eragin izan leikien gorputzean (beti be, gehiegizko kontsumoa dagoanean).
Labur zurrean, ondoko ondorioa atara geinke: noz edo noz hartu ezkero, edari freskagarriek ez deuskue kalterik ekarriko. Sarritan edan ezkero, ostera, aditibo eta 'kaloria huts' gehiegi hartuko dogu eta, oraindino zehaztu barik dago azukerearen ordezko diran gozotzaile artifizial horreek ze eragin izan leikien. Sarritan azpimarrau badogu be, gure edari fisiologikoa eta naturala URA da.
Larraitz Artetxe,
Dietetika eta Nutrizinoan diplomatua,
ELAN VITAL Mediku Zentrukoa.
Izaki biziok likidoa behar dogu gure gorputzeko beharrizanak bete ahal izateko; likido hori edan egin behar dogu egunean zehar galdu egiten dogulako (txisa, izerdia, kaka eta arnasaren bitartez batez be). Ez ahaztu, gure edari fisiologikoa eta naturala URA da.
Uragaz preparetan dira kafea, saldak, errefreskoak eta ia-ia ganerako edari guztiak. Aurreko ataletan azpimarratu dogun moduan, ura bakarrik da edari guztietatik behar-beharrezkoa, baina gizakiok gusto desbardinen plazerraz disfruteteagaitik eta balio sozial eta sinbolikoakaitik uragaz eta beste likido batzukaz, alkoholdunakaz esaterako, koktel edo edari konbinazino asko preparetan doguz.
Batidoak
Esneagaz preparetan dira eta beraz esnearen balio nutritiboa eta botaten deutsien azukerearena hartzen dabe. Batido gehienak esne deskrematuagaz egiten dira (esnearen proteina eta kaltzioari eutsiz). Osogai nagusia esnea dan arren, batidoek ezin dabe dietako esnea ordezkatu, gehigarri edo aditiboak eta azukera asko daukielako. Gauzak holan dirala, energiaz ganezka dagoz: 200 ml-ko batidoak edo tetra-brik txiki batek 115-160 Kilokaloria bitartean ditu.
Txokolatea gehituten deutsienean be, koipe kopurua ez da % 2 baino handiagoa izaten eta, beraz, batido komertzialak ez dira produktu koipetsuak. Leitekeana da etxeko batidoak edo batido 'artesanalak' esne osoagaz edo kremeagaz preparauta egotea eta kasu horreetan koipetan aberatsak izango dira segurutik.
Batido komertzialetan erabilten diran aditiboak egonkortzaileak, emulsionatzaileak eta antioxidatzaileak dira gehienbat.
Ohiturea edo egunerokotasuna apurtzeko edo plazer hutsagaitik noz edo noz elikagai moduan hartu geinkez, baina esnea, yogurra eta gaztaia askozaz be nutritiboagoak eta interesgarriagoak dirala ahaztu barik.
Errefreskoak
Kola, naranjadak, limonadea eta era horretako edariak dira freskagarriak deitzen doguzanak. Euren konposizinoa honakoa izaten da: ura, azukerea, koloranteak eta beste aditibo batzuk (kontserbatzaileak, azidotzaileak, gozotzaileak, antioxidatzaileak...). Gauza ezaguna danez, kola edarietan kafeina da nagusi eta beraz estimulatzaileak dira.
Edari horreetako batzuk fruten ur apur bategaz egiten dira baina % 8-% 20 bitartean baino ez dabe izaten; beste batzuk, etiketan 'edari freskagarri lurrineztatuak' oharra dakarre eta horrek argi adierazoten deusku ez daukiela fruten urik.
Hori guztia aintzat hartuta, errefreskoak edaten doguzanean, kaloria asko hartzen dogu azukera modura; berbarako basu erdi naranjadak zopa koilarakada bat azukera edo 10 gramu azukera dauka. Basu bete freskagarrik 125 kilokaloria inguru ditu eta lau edalontzik 500 kilokaloria.
Beraz, guztiok be edari freskagarrien kontsumoa kontroletea komenidu da. Umeek be oso gitxitan hartu beharko leukiez holako edariak, azukera larregi jateaz ganera gosea kentzen deutsielako eta gero umeeentzako oso garrantzitsuak diran proteina, bitamina eta gorputzerako beharrezkoak diran bestelako osogaietan aberatsak diran elikagaiak ez dituelako jan gura izaten. Ez da ohitura bape gomendagarria ogitarteko edo yogur baten ordez baso bete freskagarri emotea umeari.
'Kaloria hutsak'
Mueta honetako elikagaiei 'kaloria hutsak' izena be emoten jake, besteak beste, energia baino ez deuskuelako emoten, hau da, azukeraz aparte beste mantenugairik ez daukielako.
Publizidadeari esker, mueta honetako edariak jatortasuna, gaztetasuna eta bestelako ezaugarrien sinbolo moduan agertzen badira be, alde nutrizionalari begiratuta, argi eta garbi esan behar da ez dabela ezelako balio interesgarririk (nahiz eta C bitamina eta azido zitrikoa antioxidatzaile moduan erabili, dieta orekatuan mantenugai horreek arazo barik lortzen doguz beste elikagai batzuetatik).