Nork jagoten dauz medikuak?
Depresioak, eskizofreniak...
Kataluniako esperientziak erakusten dauenari jarraituz, medikuen artean ohikoak diran gaixotasunen artean nortasunaren gorabeherak, psikopatia arazoak, depresioak eta erretako profesionalaren sindromea dagoz. Sustantzien kontsumoari jagokonez, zuztartuen dagoana alkohola da. Morfinearen edo estupefazienteen kontsumo kasuak sano urriak dira.
Edozelan be, arazo honeek lanean daukien eragina azkenengo gauzea da. Programa honetako adituen esanetan, esate baterako kokainearen gehiegizko kontsumoak beharrari eragiteko, lehenengo eta behin, seguru antzean medikuaren famili inguruneak edo ingurune personalak guztiz apurtuta egon behar dabe. Medikuen Euskal Kontseiluak Osasun Sailagaz batera programa honi 2006an jarraipena emoteko erabagia hartu dau.
Begiluzea
Medikuak gaixoak osatzeko ardurea dauka, baina nor arduratzen da haren osasunaz? Medikuak gaixo onak izaten dira? Datuek argi eta garbi ixten dabe. Osagileen % 4k ez dauka historial medikorik; Osakidetzak formalismo hori erabiltzaile guztiei eskatzen deutse euren osasun egoerearen ganeko jarraipen lana egin ahal izateko. Ganera, nork bere kontura botikak hartzeko usadio kaltegarria be sano zabalduta dago lanbide honetan. Buruko mina izan ezkero, ez da ezer pasetan. Arazoa sortzen da, gaixotasun mentalak, drogen kontsumoa, alkohola... tartean dagozanean eta medikuak mahaiaz bestaldean beharrean jarraitzen dauenean.
Arazo hau daukien profesionalei tratamentua emoteko asmoz, 2004ko amaieran EAEn martxan imini zan Mediku Gaixoei Laguntzeko Programea, Medikuen Euskal Kontseiluaren ekimenez; kontseiluaren barruan EAEko hiru lurraldeetako profesionalen alkargoak dagoz eta erakunde horixe da zerbitzuaren % 50 kudeatu eta finantzatzen dauena Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailagaz erdibana. Tarte honetan, programearen bitartez 15 medikuri lagundu jaken; horreetariko seik gaixotasun mentalak euki ebezan eta ganerakoek sustantzia toxikoak kontsumiduten ebezan neurri barik, batez be alkohola.
Hamarretarik bik arazoak
Medikuari kosta egiten jako gaixoaren rola bereganatzea. Osagileak ganerako herritarren gaixotasun eta arrisku berberak daukaz, baina ezaugarri berezia dauka: diagnostikoa atzeratu eta ostentzen dau, bere buruari botikak agintzeko gaitasuna dauka eta, ganera, ez dauela laguntzarik behar pentsau ohi dau. Kontsultak korridoreetan egiteko joerea dauka.
Katalunian egindako azterlan batek agirian imini eban hamar medikuetarik bik arazo psikologikoen edota alkohol edo droga kontsumoen jazoera bat baino gehiago eukiten dabezala euren lanbide esperientzian barrena.
Medikuei laguntzeko programa honi dei baten bitartez ekiten jako; hari esker, osagileak egitarauaren barri euki leike. Beste batzuetan, beste mediku gaixo batek emoten deutso kideren bati programearen barri. Lehenengo balorazino baten ostean, terapeuta psikiatra bat osagileaz arduratzen da sekretupean eta, beharrezkoa bada, laneko bajea emoten deutso edo zentro espezializaturen batean sartzea erabagiten dau.