Paraguaiko Jasone Euskal Etxearen 10. urteurrena
Iratxe Ormatza
Jasone euskal etxea bakarra da Paraguai osoan eta herrialdeko uriburuan bertan dago, Asuncionen. Berrehun kide baino gehiago dira eta helburua Paraguain euskal kulturea babestu eta sustatzea da. Horretarako, 2006. urtearen barruan hamargarren urteurrenerako hainbat ekitaldi antolatu dabez.
Etxearen sortzaileen artean, Pedro Jose Gamarra eta Ramon Zubizarreta dagoz. Pedro Jose Gamarra euskal etxearen lehendakaria izan da zortzi urtetan eta gaur egun lehendakariordea da. Orain dala hamar urte, Gamarrak eta Zubizarretak egunkarian iragarki bat imini eben, euskaldunen ondorengoei eta euskal kulturearen inguruan jakingurea eta ardurea ebenei euskal etxea eratzeko konbita luzatuz. Sortzaileek erantzun ugari jaso eben, eta haren guztiaren ondorioz, Jasone euskal etxea jaio zan. Aurrerago, aldizkari bat argitaratzen hasi ziran euskal etxearen inguruko gaien barri emoteko.
Aurrera begira, euskaldunen ondorengoei eta gaur egungo paraguaitar gazteei zuzendutako jarduerak martxan jarri gura dabez. Horreen artean, euskerazko eskolak eta euskal dantzak lantzeko talde bat osotzea nabarmenduko litzatekez.
Beste alde batetik, euskal etxeko jarduerak egungo egoera eta errealidadera egokitzea da asmoa, izan be, 36ko gerrearen ondorioz, eta aurretik be, euskaldun asko joan zan Paraguaira, baina ordutik gitxi dira hara joandako euskaldunak.
Jasone etxekoek Paraguain euskaldunek izan daben presentzia jakinarazo gura dabe. Juan Salazar de Espinoza euskaldunak Asuncion uriburua sortu eban, herrialdeko lehen gobernadorea be euskalduna izan zan, Domingo Martinez de Irala. Paraguaiko hainbat gobernuburu euskaldunak izan dira: Juan B. Eguzkiza, Emilio Azebal, Juan B. Gaona, Manuel Gondra, Eligio Aiala, Eusebio Aiala eta Jose Felix Estigarribia mariskala.
Edozelan be, atzera eta aurrera begira dagoz Asuncioneko euskal etxekoak. Oraingo urterako, argitaletxea martxan jarriko dabe, batez be, genealogiari eta historiari buruzko lanak plazaratzeko. Argitaletxea aurretik egindako beharraren jarraipena da. Joan dan urtean, Hernan Zubizarretak ‘Apellidos vascos usuales en Paraguay’ argitaratu eban, Jasone euskal etxearen eskutik. Daborduko, hiru behar daukiez argitaratzear: ‘Los Irala en la cultura paraguaya’ da bata; beste bat Garaitarren ganekoa izango da; eta, hirugarrena, Ramon Zubiozarretaren biografia, Asuncioneko Unibersidade Nazionaleko lehen erretorea izan zanaren biografia.