Euskaldunok munduan  IV. urtea // 145. zenbakia

Madrileko Beti Jai pelotalekuaren geroa babestuta dago, momentuz


Iratxe Ormatza

Madrileko Beti Jai pelotalekua elementu neomudejarrak daukazan bakarra da munduan. 1983an diseinau eban Joaquin Rucoba arkitektoak, Bilboko Arriaga antzerkia diseinau ebanak, hain zuzen be. Estilo neomudejarra daukan frontoi bakarra da eta 1977 Interes Kulturaleko Ondasun deklarau eben, baita barriro 1991n be.

Beti Jai eraikuntza sozietate mugatu baten esku dago eta amesa dauka bertan hotel bat eta kiroldegi bat egiteko. Rafael Moneo arkitektoa da aurreproiektua egin dauena. Eraikina leku ezin hobean dago eraikuntza enpresetarako: Chamberí auzoko Marques del Riscal kalean. Halanda be, Ondare Historiko-artiskoaren eta Naturalaren Batzorde Instituzionalak ebatzi dau Beti Jaik eraikin babestu moduan jarraitzeko, besteak beste, proiektuak ez dauelako eraikina babesteko baldintzarik beteten. Batzordea Arkitektoen Elkargoak, Madrileko Udalak eta Madrileko Erkidegoko Gobernuak osotzen dabe.

Pelotalekua babesteko beharrean dihardue batez be Enrique Larumbe iruindarrak, 1970eko Donostiako mundialetan urrezko dominea irabazi ebanak eta Eduardo Gasek, kirol historialari eta kirol hezkuntzako lizentziatuak. Larumbek eta Gasek eraikinaren ganeko informazinoa batu dabe: erosketak, salmentak, eraikinean egindako gehiegikeriak, salaketak, administrazinoaren itxikeria eta enparauak. Esandako moduan, Beti Alairen elementuengaitik bakarra izan arren eta babesteko ondasuntzat jo daben arren, administrazinoak ezer gitxi egin dau eraikina gordeteko eta jagokon moduan zaintzeko. Kontuak kontu, Larumbek eta Gasek urteak emon dabez eraikina behar dan moduan zaindu daien eskatzen.