'Anexiñua Oñatiarrez'
Makalenaren herri antzerkia
'Anexiñua Oñatiarrez' / Bertsuak
Lehen agerraldixa / Sarrerako bertsuak
Aloña Mendi aldamenian
Leku nasai, zabalian,
Oñati eder ikusten dogu
aurtengo Herri Hegunian;
Batian ta bestian (e)
Plaza eta kalian
Jentia dabil gustora,
Jai-giro polit honen barruan
Orain dator antzerkira.
Urte batzuk tartian dirala
Berriz hemen gaittuzue,
Artista kaskarrak gariela
Zuek ondo dakizue;
Baiña herriko saltsak (e)
Ohitturak eta dantzak
Ikusiko dittuzue,
Borondate on apur batekin
Asko gustauko xatzue.
Gaurko antzerki apal honetan
agertuko dogun gaixa,
Oñatin gertatu zan benetan
hori da kontu garbixa,
obra honen harixa (e)
ixixa da egixa
ezkara-eta gizurti;
kontu zaharrak gogoratuaz
goratu daigun Oñati!
Hemeretzigarren agerraldixa (azkena)
Kondepekuak izanda gero
mende-pilla luzietan,
Oñatiarrok sortu ginttuen
Gipuzkuako Juntetan.
Jauntxo faltarik eztogu izan (e)
ondorengo urtietan,
garai gogortxuak pasau arren
harrezkero herri honetan,
burruka-asmua ezta moteldu
txantxikuarron bihotzetan.
Gure lantxua akabo da ta,
jente prestu ta jatorra,
etorri zariaillako danoi
benetan gure eskerra.
Hurrenguan be asmauko dogu (e)
zerbaitt zuzen edo okerra,
zaletasuna dogun artian
biziko da euskera zaharra;
bazkalordua heldu xaku ta
zuentzat gure agurra!.
Bertsuak, irakurketia eta alkarrizketak tartekatuta, guztira hemeretzi agerraldi dira eta ikuskizunaren iraupena ordubetekoa.
Makalenaren herri antzerkia: 'Anexiñua Oñatiarrez'
Oñatiko ZUBIKOA Kiroldegian, 2003ko martiaren 1ean, gaueko 22:30etan.
Oñatiko Makalena Kultur Alkartearen eta Herri Egunaren 25. urteurrenaren atxakiagaz, 'Anexiñua Onatiarrez' antzezlana aurkeztuko dabe martiaren 1ean gaueko 22:30etan, Oñatiko Zubikoa Kiroldegian.
Sarrerea
1977an, hauteskunde demokratikoen ondorioz, hiruzpalau kuadrila alkartu ziran euskal kutsuko jaiak antolatzeko eta hainbat bilera egin ostean, Herri Eguna egiturau eta Makalena kultur-gastronomi alkartekoek antzerkia egiteko ardurea hartu eben. Herri Eguna jaietako egitarauan berehala sustraitu zan eta askorentzako jaietako egunik herrikoiena da. Ordutik hona sei antzezlan preparau ditue: 1977an Herri ezteia; 1978an Kondearena 1500; 1980an, Unibertsitatea 1760; 1981ean, Oñati Gipuzkoan 1845; 1983an, Txomin Agirreren 'Garoa' 1912; azkenik, 1984an, Bustinzurietako Amaia.
2002an 25 urte beraz hau guztia abiarazo ebenetik eta okasino berezirako 'Anexiñua Oñatiarrez', 'Oñati Gipuzkoan - 1845' antzezlanaren gaur egungo bertsinoa preparau dabe oñatiarrez, Oñatiko euskeran. Anexiño garaiko giroaren barri emotea da antzezlanaren helburua. Horrezaz ganera, Oñatiko berba eta esamolde jator batzuk bildu ditu Iñazio Irizarrek antzezlanaren testua jasoten dauen liburuan.
Oñatiko berbetearen erakusgarri
Oñati Gipuzkuan 1845 / Bigarren agerraldia
Gauza jakiña eta ezaguna da Oñati etzala eskubide eta betebihar guztixekin 1845. urterarte Gipuzkuaratu. Egixa esan, aurretik era askotako hartuemunak gittuen Probiantziarekin, baiña garai, egoera eta komenientzia politikuen arabera aldaketan ziranak, zenbaitt kasutan nahikua aparte eta bereizi galdittuz.
Nundik etorkixon gure herrixari bereiztasun hori? Arrazoi bat baiño gehixago aittatu izan da korapillo hori askaketako: adibidez, Oñati baztertu samartuta Arabako mugan kokatuta eguela, orduko herririk handitxuenetakua zala, ezkebela hemen Gipuzkuako euskerarik ebalten eta abar. Egoera eta kondiziño honeik, baña, inguruko beste herri batzutan be berdintsuak gittuenez, eztogu uste arrazoi ganorazkuenak izango ziranik.
Orduan, auzixaren zergatixa ondo entenditteko beste zerbaitt billatu biharra dago: hain zuzen, mendietan zihar Gebaratarrekin, hau da, Oñatiko jaun eta kondiekin izan gittuen hartuemunak, loturak eta mendekotasuna.
Gebaratarrok gure herrixari buruzko lehenengo albistiakin batera agerketan xaku: XIII-XIV. gizaldira orduko Oñati gehixena euren mendian eukiko euen. Harrezkero, oñatiarrak urte eta mende luzietako borroka latza eruan bihar izan euen kondiak leporatutako uztarri astuna astinddu ahal izateko. Gipuzkuako Juntak edo beste erakunde batzuk sortu ziranian, Oñatik ez eban zuzenian parte hartu, erdi zokoratuta garatuaz.
Dana dala, XVI-XVII.etik aurrera, Oñatiko kondien eragiña eta inddarra ahuldu eta gutxittu ahala, geruago eta erlaziño estuago eta ugarixaguak geukan inguruko herrixekin. Nahiz eta Gebaratarrak Araba aldera jo, han be ondasun askoren jabe ziralako, herrittar gehixenak Gipuzkuaruntz makurketan ziran.
XIX. mendiaren hasierako gerra, inbasiño, aldaketa eta gorabehera politikuak zirala eta, oraintxe Gipuzkuarekin alkartuta eta puntuko aparte agerketan xaku Oñati. 1833-39 bittarteko gerran, Karlistak probintzia gehixena eurenganatu euenian, hemen ipiñi euen Don Karlosen kortia. Gerra hori akabotakuan, nahiz eta administraziño maillan autonomixia gorde, bestelako arazo gehixenetan Gipuzkuarekin bat egiñik euen Oñati: legia, ekonomixia, bide-saria, irakaskuntzaia, etab. bateratuta eukain ordurako. Horregatik, anexiño formala etzan oso urrin ikusten.
Azkenian, 1845. urteko Juntak erabaki euen Oñati Gipuzkua barruan onarketia hamaika berbaldi eta hartuemun eduki ondoren. Handik aurrera, eta Foruak kendu zittuen arte, aulki barri bat izan zan Gipuzkuako Junta Nagusixetan. Hori ez ezik, 1847ko Junta Nagusixak Oñatin bertan alkartu ziran, garagarrilaren 2tik 9ra.