Euskaldunok munduan  I. urtea // 0 zenbakia - 2002ko apirilaren 8a - Hamaboskaria

Argentina eta Uruguay


'Guztiaren ganetik euren hizkuntzea ez galtzeko ahaleginak egiten dabezanak be badira, egunero ozen norberaren buruagaz berba eginaz'.

Koldo Isusi Zuazo

Gaur egun milaka dira munduko bazterretan sakabanatuta dagozan euskaldunak; antxina lan bila eta diru bila joandako persona ausartak, hasikeran behintzat, gehienak arrantzaleak edo itsasgizonak, geroago artzain lanetarako joandakoak eta, gaur egun, ostera, munduko txoko berezi horreetan jaio arren, euskal jatorriari eusten deutsienak asko eta asko. Nork ez dauz ezagutzen ondoko personaia ospetsuen ibilerak: Joan Sebastian Elkano, 1519 eta 1521 urteen bitartean, munduari itzuli osoa emon eutson lehenengo itsasgizona; Urdaneta eta Legazpi, Mexiko eta Filipinen arteko Ozeano Bareko itsasbidea urratu ebenak; Joan Garai, Buenos Aires uriaren sortzailea edo Simon Bolibar, Amerika kolonizatua askatu ebana, danak izen handiko personaiak. Euskaldunek beti erakutsi dabe izaera edegia eta lanerako prestutasuna eta, munduan, euskaldunak oso estimauak dira.

Gaur egun, 150 euskal etxe baino gehiago dagoz munduan eta, gehienak Estadu Batuetan eta Hego Ameriketan dagozan arren, badira euskal etxeak Kanadan, Frantzian, Britainia Handian eta Australian be. Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Eusko Jaurlaritzako Zuzendariak, Josu Legarreta jaunak, makina bat bidaia egin ditu munduan zehar, euskaldunen ardurak jasoteko asmoagaz eta konponbideak eta beharrezko laguntzinoa emoteko, eta oraintsu Argentinan eta Uruguayn ibili da.

1. Josu Legarreta jauna, zer moduz ibili zara kanpoan?

Hamabost urte daroadaz munduan zehar; urte batzuetan, munduan dagozan Euskal Etxeakaz hartu-emonetan; besteetan, Euskadik Hirugarren Mundurako dituan dirulaguntzino programearen arduradun.

Eginkizun bietan, harrera oso ona jaso izan dot beti, bai euskaldunakandik eta bai ez diranakandik be.

2. Zelan hartzen dabe kanpoan Eusko Jarlaritzako ordezkari baten bisitea?

Politika mailan ezelako arazo barik; hirurogei nazino inguruko politikariakaz izan dodaz hartu-emonak; ideologia eta kultura mueta guztietako politikoak izan dira. Erlijino mailan be gauza bera esango neuke: gotzainak, abadeak, mojak, katolikoak eta ez katolikoak.

Harrera oso ona egin deustie danek, eta beti adierazo deustie Herri hau, Euskal Herria, hobeto ezagutu gura dabela. Ez dabe oso ondo aitzen zelan izan leiteken Euskal Herria Estadu mailan kanporako diru kopururik handiena dauen lurraldea.


3. Zelako loturea izaten dabe euren herriagaz Euskal Herritik kanpo bizi diran euskaldunek? Izaten dabe hemengo egoera politiko, ekonomiko eta gizarte mailako egoerearen barri zehatzik?

Sarritan esan izan da euskaldunok burugogorrak garala eta geure artean ez garala ondo konpontzen. Nik alderantzizko eretxia daukat: Euskal Etxeak euskaldunek sortutako alkarteak dira eta alkar laguntzeko sortuak dira, besteak beste.

Erakunde honeen bidez azkenengo ehun urteetan hamaikatxu euskaldunek izan dabe loturea Euskadigaz, politika mailan, ekonomia arloan, kulturan eta bestelako alor batzuetan.

Gaur egun hartu-emon honeek errazagoak dira: bidaiak egiteko aukera gehiago dago, Euskal Telebista eta Radio Euskadi atzerrian ikusi eta entzuten dira, Bizkaie! lako aldizkari digitalak be badagoz Sarean...; izan be, Interneteko teknologiak sano garrantzitsuak dira.

4. Euskal Herriari begira, zeintzuk izaten dira kanpoan bizi diran euskaldunen ardura, arazo eta jakinminik handienak?

Hirugarren adinekoen artean, zeintzuk litzatekezan hona etorri ezkero laguntzinoak, eta bizi diran lekuetan pentsinorik kobrau leikien, edota ETA noiz desagertuko dan. Gazteek, ostera, beka eta unibersidadeko ikasketen ganeko itaunak egiten dabez.

5. Argentinan gaur egun bizi daben egoerea benetan negargarria da. Zelakoa da, barriz, Argentinan bizi diran euskaldunen egoerea?

Benetan larria. Ez dago beharrik; ez dago botikarik; dendetan ia ez da ezer saltzen; berbarako, General Motors lantegiak urtarrilean kamioi bat baino ez eban saldu Buenos Aires uri osoan.

Beraz, oso arduratuta eta bildurrez bizi dira. Ezelako laguntzinorik jasoteko aukerea ikusi ezkero, alde egiteko prest dagoz danak.

6. Uruguay aldean egoerea bestelakoa izango da, ezta?

Esaera zahar batek dinoanez, Argentina eztulka dabilenean, Uruguay aldean jentea gripeagaz makalik dago. Beraz, Argentinan pasetan dana, berehala jazo daiteke Uruguayn be.

7. Sasoi baten kanpora alde egitea erabagi eben euskaldunek euren hizkuntzeari, euskereari, eta euskal nortasunari eutsi eutsien, baina gurasoak euskaldunak izan arren, kanpoan jaio eta, kasu askotan, euskerea galdu daben lagunek zelan ikusten dabe euren burua?

Euskal Etxeetako gaurko kiderik gehienak ez dira Euskadin jaioak, eta, beraz, euskerea galdu egin dabe. Euskerarik gehien Estadu Batuetako Euskal Etxeetan egiten da, eta ez larregi.

8. Beste kasu batzuetan, ostera, ama hizkuntzea euskerea izan arren, kanpoan urte asko daroezalako edo ondo integrau diralako kanpoko gizartean, beharbada euskerea galdu ez baina euskal kontzientzia larregirik be ez dabe izaten; holako kasuak be ezagutuko zenduzan...

Bai, jakina, eta normala da ganera. Hizkuntzak komuniketako tresna dira eta ohiturearen eraginez, arrotza dana normaltzat hartzen da, nahiz eta barrenean oso-osorik galtzen ez dan ama hizkuntzea.

Edozelan be, alderantzizko kasuak be ezagutzen dodaz: guztiaren ganetik euren hizkuntzea ez galtzeko ahaleginak egiten dituenak be badira, egunero ozen norberaren buruagaz berba eginaz eta abar.

9. Munduan 150 euskal etxe baino gehiago dagoz eta jakin gura geunke, orokorrean, euskal etxeen jardunbidea zelakoa izaten dan. Eusko Jaurlaritzeak zelako laguntzinoa emoten deutse euskal etxeei? Bestelako laguntzinorik jasoten dabe kasuan kasuko gobernuen aldetik?

Euskal Etxeek Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoak baino ez dabez hartzen. Berrehun eta berrogei miloe pezeta daukaguz urtero hareen aldeko laguntzinoetarako. Eusko Jaurlaritzeak Dekretu batez araupetzen ditu laguntzinook, eta izan daitekez, ba, Euskal Etxeak konpontzeko, gastu arruntetarako, kultur ekintzetarako, beketarako, botikak erosteko, eta bestelako gauzetarako.

10. Munduan zehar bizi diran euskaldunen egoerea ondo ezagutzen dozu eta, bitxikeria lez, esaiguzu, munduko zein herrialdetan bizi diran hobeto euskaldunak, batez be bizi-kalidadeari jagokonez?

Bizi-kalidadea, zoritxarrez, sarri askotan ekonomi iturriakaz lotuta egoten da. Ikuspegi honetatik, gaur egun ondoen bizi diran euskaldunak Iparramerikan dagoz, ezelako zalantza barik.