Bidaide  IV. urtea // 145. zenbakia

Txema Garcia: Kurdistan ilunera bidaia (I)


- Terörle mucadele sube müdürlügü. Berba horreek ez jatzuz sekula ahaztuko...

- Ez. Terrorismoaren Kontrako Brigadearen Turkiako Bulegoaren izena zan. Biztanle kurduen artean bildurra sortarazoten eban erakundeak eta, geuk be, bizipen txarrak, oso txarrak euki genduzan eurakaz.

- Biajea hasi zanean, amesgaizto bihurtuko zala pentsau be ez zenduan egingo, ezta?

- Ez. Biajearen helburua Golkoko gerrearen osteko Kurdistaneko errealidadea ezagutarazotea zan. Bagenkian arazoak sor eikeazala, baina ez hainbeste. Estanbulera 1991ko urriaren 12an heldu ginan eta azken helmugarantz jo genduan: Dogübayacit. Biaje ia amaibakoa izan zan: 1.800 kilometro 22 ordutan. Heldu ginanean, munduz aldatu genduala konturatu ginan. Paisajean okre koloreko mendiak ikusten ziran eta Ararat mitikoa zan nagusi. Biztanleak, be, oso desbardinak ziran. Dogübayacit leku estrategikoan dago kokatuta, Iran, Armenia eta Georgia artean. Orduko biztanle gehienak, 40.000 bat, kontrabandoan ibilten ziran.

- Orduan hasi zan abenturea...

- Bai. Heldu ginanean sei egun falta ziran hauteskundeetarako eta isilpeko batzar ugari egiten ziran kanpainea zala eta. Erregimena militarra zan eta kurduen egoerea negargarria. ‘Zuek Espainiako kurduak zaree eta gu Turkiako euskaldunak’, esaten euskuen nondik gentozan jakiten ebenean. Herrira heldu ginanean hasi zan inoiz ahaztuko ez dodan astea. Zorigaiztoko bidaia beste euskaldun bategaz eta kazetari kurdu bategaz egin neban. Kazetariak ginala isilpean gorde arren, indar armatuak hur geunkazala igarten genduan. Eta, handik gitxira, susmoa egia bihurtu zan.

- Zer pasau zan?

- Giza Eskubideen erakunde bateko buruari egin geuntson alkarrizketea eta preso politikoen egoera negargarria salatzen eban Nazinoarteko Amnistiaren dokumentu bat emon euskun. Handik, Mus herrira joan ginan eta, gura barik, askotan kurdu erradikalen kuartel orokorra zan hotelean hartu genduan ostatu. Laster hasi ziran tiroketak. Bildur itzela pasau genduan hogei minutu hareetan eta gaua zorigaiztokoa izan zan. Kaleak tankez bete ziran eta hotelean tensinoa zan nagusi. Zorionez, ez jakun ezer pasau.

- Baina handik gitxira...

- Bai. Hurrengo egunean, armozau ostean, Polizia gure bila etorri zan. Galdeketea egin ostean, herritik urtetako agindu euskuen. Onena kasu egitea zala pentsau eta Diyarbakir urira joan ginan. Kurdistaneko uri garrantzitsuena da Diyarbakir. Bidean, auto bat segika geunkala konturatu ginan. Heldukeran, kaleko jantzitako hamabost polizia armatu eta hiru furgoneta egozan gu itxaroten. Atxilotu ostean, ‘terörle mucadele sube müdürlügü’ dalako segurtasun nazionalaren eraikinera eroan gintuen.

- Ordutik aurrera, danak egin eban okerrera.

- Pentsau be ezin zeinke zenbateraino. Bizi izan dodazan hogei ordu txarrenak izan ziran. Golpeka eta sakakadaka. Gure gauzak lurrera bota ostean, galdeketa gelara sartzeko agindu euskuen. Euren logikea arin ulertu genduan: kazetari batek lo-zakua eukitea nahikoa zan mendian PKKgaz lo egiteko zala pentsetako; eta zintak, ‘terroristei’ alkarrizketak egiteko. Orduan gogoratu neban Nazinoarteko Amnistiari zuzendutako dokumentua neukala. Bildurtu egin nintzan. Komunera joateko baimena eskatu eta papelak bota nebazan. Baina zisternea apurtuta egoan eta eskua zuloan sartu behar izan neban papelak behe-behean ixteko. Bueltan, polizia bat topau neban aurrez aurre eta zeozer igarri eban antza ze komunera joan zan eta papelakaz etorri zan bueltan. Behar eban garaikurra. Ez ebala topauko uste neban.

Alkarrizketearen bigarren partean Txemak ‘terörle mucadele sube müdürlügü’ eraikinetik zelan urten eban jakin eta Kurdistaneko errealidadea hurragotik ezagutuko dogu.

Zigor Aldama

Ikerkuntza erreportajeen ganean berba egiten dogunean beti jatorkuz burura gatazketan edo inork begiratu gura ez dauen lekuetan euren bizia arriskuan jarten daben personak. Munduari leku horreetan zer pasetan dan erakusteko egiten dabe lan. Baina gitxik, oso gitxik jarten dabe arriskuan euren bizia albistea sakon landu ahal izateko. Horraino heltzen diranak, askotan, egoera gogorrak bizi behar izaten dabez, subertearen esku dagozalako.

Azpiatal barria zabalduko dogu Bidaiden egia topau guran egoera larrian izan diranakaz berba egiteko. Baztertutako herriak, ahaztutako gerrak eta ezkutuan gordetako arazoak. Oraingoan, Kurdistan erdialdera joko dogu ‘Arriskuan...’ honi hasierea emoteko. Akaso denporatxua pasau da Txema Garcia bertan izan zanetik baina gaur egun oraindino hainbat komunikabidetan ikus geinke kasua. Irakeko lehenengo gerrearen ostean, Saddam Husseinek 1991an Kuwaiteko okupazinoa hasi eta gero joan zan Garcia hara. ‘Egin’ egunkariaren barriemole berezi lanak egitea zan helburua eta gaur egun irakurrita be, ikarea sortzen dabe erreportajeok. Biajean, Txemak hurretik sentidu eban heriotzea.