Bilboko Guggenheim Museoaren amesetea: miloe bat bisitari
2006-2007 denporaldia
Bilboko Guggenheim museoak sei erakusketa antolatuko ditu 2006-2007 denporaldian: aldi baterakoak bost eta bilduma iraunkorrekoak bi.
- 'Errusia!': New Yorkeko Solomon R. Guggenheim museotik Errusiako arteari buruzko erakusketea martiaren 29an helduko da Bilbora. XIV. mendetik gaur egun arteko egileen lanak biltzen ditu: Levistki, Aivazovski, Gauguin, Picasso, Malevitx, Goncharova...
- 'Txillidaren omenez': Eduardo Txillida euskal eskultorea gogoan hartuta, gaur egungo zenbait artistek eginiko obren erakusketea ikusgai egongo da Bilbon apirilaren 8tik aurrera.
- 'Max Beckmann: urmargoak eta pastelak': Alemaniako pintore espresionisteak urmargo eta pastel pinturez eginiko neurri handiko koadroen erakusketea aurkeztuko dau Guggenheimek bagilaren 26an.
- 'Afrika %100': Jean Pigozzi bildumako obrakaz osotutako erakusketea urriaren 10etik aurrera.
Bilduma iraunkorrari dagokionean, II. Mundu Gerrearen ondorengo AEBetako artearen ganeko erakusketa bi izango dira, bagilean bata eta urrian bestea, museoaren bildumako lanakaz.
Bizkaie!
Juan Ignacio Bidarte, Bilboko Guggenheimeko zuzendaria pozik dago 2005ean museoak izan dauen erantzunagaz eta jardunbideagaz. Balantzea sano positiboa da, besteak beste 2005erako finkatutako bisitari mugea erraz gainditu dauelako museoak: espero baino 115.082 lagun gehiago hurreratu dira arte garaikidearen Bilboko museoak antolatutako erakusketetara eta 2004ko datuakaz konparauta, 2005ean 55.000 mila bisitari gehiago izan ziran. Bidarteren esanetan, urteren batean miloera heltzea da asmoa edo amesa eta 2005ean, danetara, 965.082 lagunek bisitau dabe museoa, horreetatik % 90 inguru Euskal Herritik kanpokoak.
2005eko datuakaz jarraituz, historian lehenengoz, Bilboko Guggenheim Museoak % 78ko autofinantzaketa mailea lortu dau. Hezkuntza programek joandako urteetan baino onuradun gehiago izan dabez (346.048 lagun) eta Museoaren Lagunen kopurua be nabarmen hazi da, izan be, 4.432 bazkide lortu ditu museoak, 2004an baino 405 gehiago. Ganera, 139 enpresek babesten dabe Bilboko Guggenheim museoa.
Danetara, zazpi erakusketa aurkeztu ziran 2005ean Guggenheimen baina Richard Serraren altzairuzko eskultura multzoa izan da arrakastatsuena; datu lez baino ez bada be, Serra jn.aren altzairuzko eskultura multzoa 2005ean mundu osoan eginiko erakusketarik onena izan da The New York Times AEBetako egunkariaren arabera.
Bien bitartean, Jorge Oteizaren lau lan erosi ditu Guggenheimek 792.325 euroko kostuagaz. Lorenart galeriari erosi deutso bat eta bildumagile pribatuei beste hirurak.