Basurtuko ezbeharra: prebentzino lanak berandu heltzen diranean
IƱaki Atxutegi
Fakultadean esaten euskuen inguruko barriei kasu gehiago egiten dautsegula urruneko herrietan jazoten diranei baino. Errege egunean asko izan gara mahai baten inguruan familiagaz batu garanak. Eta seguru nago gure artean ez dala Israeleko egoerearen ganean hausnarketearik egin Ariel Sharon osasun egoerea larria kontuan hartuta. Era berean, ez dot uste nik Turkian izan diran hegaztien gripearen ganeko kontuak pentsetan neurona askorik gastau diranik.
Basurtuko istripua, ostera, hamaikatxu mahaitan agertu dan gaia da. Ez da harritzekoa, gugandik hur jazo dan istripua, haur txiki bi hilda eta instituzinoen jokabidearen ganean izan dan eztabaidea berebiziko osogaiak dira bazkalosteko mahainguruak berotzeko.
Ez dira gitxi trafiko istripuak beti izango dirana esaten dabenak. Eta holan da. Autortu beharko geunke abiadura handigaz gabilzala errepidean eta sarri askotan ez doguzala errespetetan abiadura mugak. Baina hau onartuta, esan beharko dogu instituzinoen beharra prebentzino lanak egitea dala. Eta ez zirala lar fin ibili gure instituzinoak Basurtuko zonalde horretan prebentzino lanetan. Inor gitxik jarten dau zalantzatan bost urte lartxu dirala arazo bati konponbidea emoteko. Are gehiago zerikusia daukien instituzino guztiak Bilbon bertan dagozanean. Distantzia fisikoa ez zan horrenbestekoa. Distantzia mentala, ez dakigu.
Baten batek esango dau istripuak sortu dauen zalapartan argi azaltzen dala gure herri txiki honetan instituzino larregi dagozala eta sarri askotan ez dagoala jakiterik zein dan instituzino bakotxaren lana. Basurtun Auzoko Kontseiluak eskatu eban semaforoa. Udalak gaia ezagutu behar eban eta Aldundiaren beharra zan semaforoa imintea. Asko izan dira Bilboko Udalari kontuak eskatu deutsiezanak. Kale honen ganeko konpetentziarik ez eukan instituzinoari, hain zuzen. Normala ete da Bilboko neurriko udal batek kale jakin batzuen ganean konpetentziarik ez izatea?
Eta ez dira gitxi ardurea personalak ikusi gura leukiezanak. Egia da Auzoko Kontseiluan eskaera egin zanean, presidente egoan persona bera, urte bi geroago, arazoa konpondu behar eban departamentua zuzentzen ebala. Baina ez gaitezan engainau. Ez egoan zinegotzi edo diputadurik zoritxarreko furgonetea gidatzen. Ezin jako instituzinoan dagoan inori jazotakoaren errua bota. Era berean, ezin da buru barruan sartu uri batek daukazan arazo eta zirrikitu guztiak.
Baina egia da persona bat (edo bat baino gehiago, ez dakit) ez dala behar bezain azkar ibili arazo bati soluzinoa emoten. Hau baino arinago beste istripu batzuk izan dira hantxe bertan. Seguruenik, istripu horreek ez dabe horrenbesteko zalapartarik atara kaltetuak haurrak ez ziralako. Orain, istripu honen ondorioz, prisaka eta korrika ibiliko dira danak arazoa konpontzen. Lehen posible ez zana orain di-da egingo da. Beraz, lehen be, zoritxarreko jazoerea baino arinago, posible zan konponketaren bat topetea. Horrexegaitik uste dot nik semaforoa jarri eta egin beharreko guztiak egin eta gero, egoerearen erantzule zuzenak diranek euren ardurak laga egin beharko leukiezala. Ez istripu hau izan dalako, prebentzino lanak berandu egin dabezelako baino.