Ardaoa eta erlijinoak
Judutarren ardoa (Kosher ardoa)
Kosher ardaoa da juduek edan leikien ardao bakarra. Juduen erlijinoan ardaoa sano garrantzitsua da jai ospakizun seinalatuetan, berbarako Pazko garaian edo barikuetan egiten dituen ospakizunetan; esandako moduan, ardaoa da hartu leikien fermentautako produktu bakarra (baldintza nagusia, beti euren errituari jarraituz egitea da).
Ardaoa elementu garbia da judutarrentzako eta, dakigunez, juduek gauza 'puruak' baino ez ditue jaten. Euren testu sagraduak (Tora) dakarrenez, judua ez dan persona batek ezin leike ardaoa ukutu. Judu askok ez deutse judua ez dan bati ardao-botilea zabaltzen edo ardaoa zerbiduten ixten.
Lehenengo eta behin, Kosher ardaoa egiteko erabiliko diran ontzi eta tresna guztiak ur irakinagaz purifikauko dira, ondoren ur hotzaz igurtziko dira eta Kosher ardaoa egiteko baino ez dira erabiliko. Mahatsa osoa eta osasungarria izatea derrigorrezkoa da eta jario-ardaoa baino ez da erabiliko, ezelako prentsarik erabili barik. Garbitzeko arrautzaren zuringoa erabilten dabe. Prozesu guztia juduek egiten dabe, rabinoaren ikuskaritzapean. Gero ontzi eta tresneria guztia zigilatuta gordeko da. Azkenean, ardaoa egiten dauen upeldegiak enologoari ez eze rabinoari be pagau beharko deutso. Bitxikeria horreez ganera, ardaoa egiteko erabilten daben mahastiak 'deskantsua' hartu behar dau zazpi urterik behin, Bibliaren aginduari jarraituz.
Orain artekoak aztertuta, argi dago prozesua luzea eta karua dala. Horregaitik oso gitxi dira ardao mueta hori egiten dabenak. Ardao hori egitend aben gure inguruko produktore batzuen izenak aitatzearren, Tarragonako Celler de Capganes eta Xarmada Conca de Barberá upeldegiak dira, zelan ez Bartzelonako rabinoaren zuzendaritzapean. Sasoi batean, Domecq upeldegiak be egiten zituan era horretako ardaoak.
Islamean
Danok dakigunez, islamean galarazota dagoz alkoholdun edariak, euren esanetan deabruaren produktua dalako. Baina nahiz eta sinismen hori sakona eta zorrotza izan, beste sasoi batzuetan ardaoa gauza handia zan, berbarako, arabiarrak Andaluziara heldu ziranean. Sasoi horretako poeta arabiarrek goraipatu egiten eben ardaoa euren olerkietan. Koranak askotan aitatzen dau ardaoa baina gehienetan horren kontra egiteko.
Azken buruan, Koranak galarazo egiten ditu gizakion garuna estimuletan daben produktu guztiak; arrazoia izan leikie ardaoa estimulatzailea dala esaten dabenean baina euren idea, erlijinoa eta pentsamentuak errespetau arren, adituen azterlanakaz bat etorriz, ardaoa neurrian edanda osasuntsua dala eta ardaoaren inguruan kultura aberatsa dagoala esango neuke.
Mikel Garaizabal,
Enologoa eta sommelierra
Zergatik dago galarazota ardaoa musulmanentzat? Inoiz pentsau dozue eukaristia katolikoetan abadeak mezako ardaoa edaten dauenean ze ardao klase dan hori? Badakizue meza katolikoetan ardao zuria eta gozoa erabilten dabena? Edo judutarren ardaoak eurek baino ezin leikiezala egin eta beti rabino baten agindupean?
Katolizismoan
Katolizismoan, ardaoa Jaungoikoaren odola da eta jakina eukaristietan ardaoak ogiagaz batera sekulako garrantzia dauka.
Lehenengo eta behin esango deutsuet ardao mueta honeek ezin dituala edozeinek egin eta saldu. Ardao honeen eta mezako ogiaren produkzinoa Zuzenbide Kanonikoko 815 Kanonean araupetuta dago, 1917ko Kanonean hain zuzen be. Gauzak holan dirala, mezako ardaoa produziduteko eta saltzeko eleizearen onespena behar da.
Nahiz eta lehen ardao liturgiko hori baltza izan, 1565. urtean ardao zuria izan behar zala erabagi eben eta zuria izateaz aparte, ardao gozoa izan behar zala. Huts egiteko bildur handirik barik pentsau daiteke beraz, arrazoi horregaitik izan daitekela Ameriketara mahats bariedade europarrak heltzea, misinolariek euren ospakizun erlijiosoak egiteko, ardaoa behar ebelako; dinogun legez, Europatik eroan zituen bariedade zuriak eta horreen artean gehien eroandakoak moskatela eta malvasia bariedadeak izan ziran.
Zorakeria emoten badau be, AEBetan lege sikuaren sasoietan, sasoi gogor horreetan, upeldegi asko salbau egin ziran eta ez zituen lokalak zarratu, batez be, izkutuan mezako ardaoak egiten zituelako.
Ardao klase hau egiteko, mahatsa ondo helduta egotea derrigorra da, ez da onartzen mahats heldubakorik; arrazoi horrexegaitik galarazo egin eutsen Kalagurriko gotzainari mezea txakolinagaz egitea, ardao hori egiteko eta klimeagaitik heldu bako mahatsa batzen zalako. Hartzidura edo fermentazino prozesua naturala izan behar da eta ezin jako gehitu legamia artifizialik. Horrezaz ganera, ezin jako azukerarik, koloranterik, azidorik eta klarifikanterik bota arrautzaren zuringoa izan ezik. Ganera, ezin daiteke antiseptikorik erabili, batez be, ardaoa ez ozpintzeko; upeldegietan ardao hau pasteurizau egiten dabe. Azken kontu bat: ardaoa zerbidukeran uragaz mehetutea posible da, batez be, azken afarian holan egin ebelako eta zergaitik ez, mozkortutako mezamutilik ez ebelako behar.