Euskerea berbagai  IV. urtea // 144. zenbakia

Zergatik euskerea ikasi atzerrian?


Xabier Paia

Euskal Herrian euskerea ikasten dauen jenteak agiriko arrazoiak daukaz hizkuntza zahar barri hori bereganatzeko: hizkuntza-eskakizunak, laguntasuna, maitasuna, ideologia, jakinmina… asko izan leitekez, baina danek testuinguru praktiko bera daukie. Euskeraz bizi gura dauenak, inon aukera izatekotan, Euskal Herrian lortu ahal izango dau.

Urte hasikera honetan iragarri dabenaren arabera, ostera, 2.200 persona inguru euskerea ikasten dabil mundu osoan zehar; 1.500 bat Ameriketan eta 700 Europan. Ameriketako datuei jagokenez, Txile eta Argentina dira kasurik aitagarrienak: Miren Azkarate Kultura sailburuak 2.005eko zemendian herrialde horreetara egindako bisitaldiak agirian ixten dau euskerea eta euskal kulturea itsasoaren bestaldean bultzatzeko gogoa.

Argi dago euskaldunok, orokorrean, gustura hartzen dogula euskerea zabaltzen doala dinoskuen barriak. Itzelezko ilusinoa egiten deusku euskerea entzuteak Aturritik eta Ebrotik asago. Gehienetan kanpora joandako euskaldunak izaten dira gure arbasoen hizkuntzeari eusten deutsienak, baina batzuk atzerritarrak izaten dira. Eta zergatik ikasten dabe atzerritarrek euskeraz berba egiten?

Atzerriko 2.200 ikasle horreetatik, asko eta asko, gehienak ez badira, jatorri euskaldunekoak izango dira. Aita-ama edo aitaita-amama euskaldunekoak izaten dira, euren arbasoek gizarteratzeko egindako ahaleginen emoitza errebeldea. Atzerrira joandako euskaldunek, migratzaile orok lez, bizitza barri baten eta iraganaren arteko orekea bilatu gura eben. Lehenengo belaunaldietako kide batzuek, ostera, zuztarrik bako gizarteen suster bilaketea martxan jarten dabe. Eta azkenean, hizkuntza ikasi gura hori kontzientziaren lasaigarri, izanaren jakinmin eta aniztasunaren bereizgarri bihurtzen da.

Beste multzo handi batek arrazoi filologikoak daukaz euskerea aztertzeko. Holako kasuak Polonian jasoten ei dira: filologia hispaniarra ikasten daben poloniarrek penintsulako hizkuntzak lantzeko aukerea izaten dabe eta askok euskerea aukeratzen dabe ganerako hizkuntza erromanikoen artean. Antzeko kasu bat da Quebeceko Michel Usereau-rena. Usereau Montrealgo Euskal Etxeko euskera irakaslea da eta euskerearen barri unibersidadeko berbaldi batean jaso eban. Ordutik euskerea ikasten hasi zan bere kabuz eta gaur egun quebectarren eredu euskaldun bat da.

Euskerea ikasi dauen atzerritar batek baino gehiagok euskerearen jatorria argitu gura izan dau. Erkaketa linguistikoak egiten dabez euren hizkuntzearen eta euskerearen artean. Ber-berra, iberiera, Kaukasoko hizkuntzak… parajekoek eta asagokoek euskerearen jaiotza-data bilatu gura izan dabe, baina alperrik.

Euskerea ikasteko beste arrazoi bat maitasuna izan leiteke. Mutilak neskea ezagutzen dau, alkar maitemintzen dira eta alkarregaz konpartiduten dabe dana, baita batak bestearen hizkuntzea be.

Bai, gaur egungo gizartean gatxa emoten dau euskerea ikasteko arrazoiak bilatzea. Berez, askoz be errezagoa dalako euskerea ez ikasteko motiboak topatea. Zertarako denporea galdu euskerea ikasten, ingelesak edo espainolak askoz be gehiago balio badabe? Ez bagara gai euskal herritar danei euskerea ikasarazoteko, behintzat ez daigun bilatu kanpotarren fede onarentzako arrazoi errealik. Gurago neuke Euskal Herriko jente guztiak ulertu ezin dodazan zergaitiakaitik euskeraz berba egingo baleu.

Hori ailegau artean, eskerrik asko Euskal Herria kanpotik eregiten dozuenei.

Agur eta ohore.