2006, erre barik pasau lei?
IƱaki Aurrekoetxea
Urte barri on irakurle. 2006az idatzi gura dot, baina ez tabakoaren legeaz, zuzenean ez sikeran. Bertso-urte barriak emon leikenaz idatziko dot, bertsoaren egutegiaren zirriborroa marraztuko, hain zuzen be. Daborduko badira gorriz markau beharreko egunak, bertsolari gazte batek baino gehiagok dana emoteko esperantzeagaz prestauko dauan sariketea, Bizkaiko Txapelketea barriro... horreek guztiak Txapelketa Nagusiaren oihartzunak ondino isildu ez diranean. Xabi Paiak bertsolaritzea mudetan ikusi dau, eta abiadura handiko trena hartzen. Gogoeta interesgarria, orgatileari tiraka ez gagozan tarteren batean zer edo zer aportetan ahalegintzeko.
Bistakoa da bertsolaritzeak loratze barria bizi dauala, Barakaldoko BECtekadak hori dino, eta ostean euskal herrietan izan diran bertso jaialdietan be nabarmendu da bertsozaleen bertso egarria. Aparraldian itoteko arriskuaz ari nintzan izenburuan, modan dagoen edozer gauzagaz denbora tarte laburrean suertetan dan errealdiaz. Baina bertsolaritzeak lehenago be jakin izan dau aparraldiak neurtzen, eta aparraldiaren azpiko ur maila jagoten. Txapeldunak berak esan dau Txapelketa Nagusiaren ondoko urtea, batez be izan dauan oihartzuna izan eta gero, gogoeta egiteko urtea izan behar dala. Horretan be maisu. Ez dago kasualidadez Bertsozale Elkartearen Aholku Batzordean. Elkartekideok badakigu igaz indar asko erabili izan dirala Txapelketea aurrera atarateko, ohiko zereginei bizkarra erakutsi barik, eta emoitzak bikainak izan badira be, orain beharrezkoa izango dala trankil jesarri, balorazinoak egin eta ondorioak ataratea. Bertsolaritzeak udagoienean bizi izan dauana liseritzeko ordua da, patxadaz, eta beste gauza askoren artean, lau urte barru indar bardin eta asmo barriakaz plazaratzeko baldintzak jagon, sortu, landu.
Hori beharrori Elkarteari dagoko. Bertsozaleak bien bitartean gozatu gura dau, eta bere belarrien sasoi ona aprobetxau gurako dau. Bertsolariak gehiago ezagutzen dauz eta honeek erabilten daben teknikea lehen baino hobeto ulertzen dau, edo ez, baina gustokoa dau bertso saiora joan eta ordu pare polita pasetea. Eta izango dau horretarako aukerea. Aurreikusita dagozan saioakaz eta gure eskuetan daukagun informazinoagaz bakarrik, bertigoa emoteko beste badago.
Bertso Eguna eta Bizkaiko Txapelketea
Urtarrilean bertan, Bizkaian esaterako aikoan zenbat saio dagozan: 14an Markina-Xemein bertso-poteoa Jokin Uranga, Miren Amuriza eta Iratxe Ibarragaz; 15ean Mungian, San Antontxu jaien barruan, bertsopaper lehiaketako sari banaketea eta saioa, Unai Iturriaga, Sustrai Colina, Etxahun Lekue eta Xabi Paiagaz; 21ean Bilbon bertso-bazkaria Paia anaiakaz; egun berean saioa Munitibarren... Aukera asko eta danetarikoak. Saioen antolatzaileei (ez saio honeen antolatzaileei, ezpadaze orokorrean) ohartxo bat bialdu gura neuskie, aho askotatik ari nazenaren ziurtasunagaz: Txapelketearen aparraldiari probetxua atara leikio, bai, baina ez dagiela edozein modutan edozer antolatu, bertsolaritzea zaindu beharreko kultur espresinoa dala, ez daiguzala bertsozaleak eta bertsozale ez dirank erre. Eta finalistetatik kanpo be badagoala bertsolari on asko, edozein herritan sano polito egin leikienak. Laguntzinorik behar izan ezkero, Lanku zerbitzura jo leikie.
Urtarrileko agendea Bertso Egunak biribilduko dau. Bertsozaleen urteko zitarik kutunena 28an izango da, Donostiako Kursaalen. Aurton saio ederra preparetan dabiz bertsolari beteranoen inguruan. Laster izango doguz zehaztasun gehiago. Bertsolariek erre ahal izango dabe Kursaalen? Legez ez, eta uste dot pare bat orduko saioan eskatu leikiola hori bertsolariari. Zezeilari batzarren hilea deituko deutsagu: Bertsozale Elkartearen ohiko Batzar Nagusia 25ean izango da, eta aurretik Bizkaikoa be izango dogu. Gorago aitatutako balorazinoak entzun eta urte honetarako dagozan helburuak adostuko dira. Martian-apirilean gazteen BBK sariketea izango dogu Bizkaian, eta herrialdeko txapelketak Araban eta Nafarroan. Nafarroan finala apirilaren 2an izango da. Udabarrian ondo sartuta gagozala, eskolarteko txapelketek hartuko dabe lehiaren lekukoa. Baina sasoi horretan, dudarik barik Bizkaiko bertso egutegia baldintzatuko dauen ekimena hasiko da okerrik ezean: 2006ko Bizkaiko Txapelketea.
Maiatzean eta bagilean Eskualdeetako Txapelketak jokatuko dira. Eskualdeetan bertsolaritzeari eta bertsogintzeari bultzada berezia emoteaz aparte, udagoienean egingo dan Bizkaiko Txapelketarako parte-hartzaile zerrendea osotuko da. 'Puff, aurten barriro txapelketea!', horixe pentsauko dabe Txapelketa Nagusian lehiatu diran bizkaitar batzuk. 'Orain Bizkaian, gogoa daukat zer egin neiken erakusteko!' esango dau beste mordoxka batek. Batzuk nekatuta, eta gehienak ilusinoagaz hartuko dabe zita barri hori. Esan dogu zelan hasiko dan, eskualdeetan hain zuzen be. Amaitu be 2006ko gabon bezperetan izango da, okerrik ezean Euskalduna Jauregian jokatuko dan finalagaz. Erre ahal izango dabe finalistek? Finalak luzeak izanda, urteeraren bat topau beharko da, tablau ostetik kalerako urteeraren bat edo, bertsolari batzuren urduritasuna ke artean baretu daiten. Amaitzeko, urte hasikeran ohikoa izaten da, eta neuk be sasi-igarlearena egingo dot: aurton Bizkaiko finala seik bertsolarik jokatuko dabe. Interesatuok trankil, hori ez da eta inon erabagi, ondino. Ganera, finalean bertsolari bi gitxiago izateak ez dau esan gura, derrigorrez, lehen baino txartel bi gitxiago egongo diranik. Bertso barri on danori.