Quaero, bilatzaile europarra
Gotzon Plaza,
informatikoa
Pasa dan urtean Jacques Chirac Frantziako presidenteak iragarri eban: globalizazinoa bai, baina bardintasun kulturalik ez. Eta batez be kultura eredu estadubatuarrari (eta ingeles kultureari) aurre egiteko Europak bere lekua behar dau, bertako aniztasun kulturala mantendu, suspertu eta garatzeko.
Hori dala eta, Interneten munduari begiratuta eta guztiok buruan daukaguzan bilatzaileen aurrean (Google, Yahoo! eta MSN) Europan garatuko dan bilatzailea proposatu eban Frantziako presidenteak. Eta, antza danez, laster aurkeztuko da 'Quaero'.
Berba honek latineraz 'bilatu' esan gura dau eta Europak teknologia estadubatuarrari aurre egiteko lehiakide moduan jaioko da. Frantzia eta Alemania dira proiektuaren bultzatzaile nagusiak, Portugal, Espainia, Italia eta beste herrialde europar batzukaz batera. France Telecom, Deutse Telekom, INRIA, INA, Thomson eta Karlsruhe-ko Unibersidadea be badagoz tartean sartuta. Helburua informazinoa argazkitan, bideoan, audioan eta idazki moduan emongo deuskun bilatzailea garatzea da. Oraingoz ez dago argi zein izango dan aurrekontua baina gobernu europarren laguntzinoa espero da.
Horregaz batera, Google Print liburutegi digitalari lehia egingo deutson liburutegi europar digitala be bideratuta dago.
Lasterketa teknologikoa martxan dago eta Europak ez dau gura teknologia estadubatuarraren menpekotasunik euki, behintzat edukien eta bertoko kultureagaz lotuta dagozan medioakaz. Baina ez gaitezan harritu, geu ez gara honetan bakarrak, Japoniak be antzerako zeozer iragarri dau eta: Fujitsu. Nec eta Matsushita lako enpresen laguntzinoagaz, eurek be euren bilatzailea gura dabe, betiko 'klasikoei' aurre egiteko.