Sarean  IV. urtea // 144. zenbakia

Xake jokalarien tranpak eta teknologia


Gotzon Plaza,
informatikoa

Kiroletan, kirol txapelketetan tranpak egiten dirala? Jakina, batzutan bai behintzat eta hor dagoz dopping kasuak edozein arlotan. Ikusleek, kirol taldeek edo ta enpresa babesleek (eta norberaren buruak) eskatuta gero eta helburu handiagoak eskatzen doguz kirol munduan, 'gero ta arinago-gero ta altuago-gero ta indartsuago' baina azken mugaraino eroanda, hau da, beste partaideen gainetik pasetako edo beste partaideak gainditzeko zeozer “hartu” behar bada, ba horixe, hartu ez eta kitto!.

Holako egoeretara ohituta gagozala esango neuke, holako kasuak gero eta sarriago plazaratzen diralako eta zelan ez, ekintza honeen aurrean kirol-arautegiak aldatzen doazelako. Edozelan be, baina xakea lako ikroletan holakorik pasetan ete da? Erantzuna baiezkoa da baina apartekotasun batzukaz.

Dakigun lez, xakea ondo menperatzeko aurrekoaren mobimentuak aurreikusteko ahalmena behar da: arerioak egingo dauen mobimentua zein izan daiteken jakiteko ez eze, geuk emongo deutsagun erantzuna pentsetako; eta ez hori bakarrik, izan be, partidako lau-bost-sei-zazpi mobimentuak aurreikusteko jokerea dago. Jakina, zailtasunak ugari dira: konbinazinoak piloa izan daitekez eta, ganera, norberaren estrategia eta buru-argitasuna be ez dira ahaztu behar.

Batzuk jaio egiten dira holako gaitasunakaz baina gero jorratu egin behar da ereinda dagoana. Lanketa prezesu horretan benetan estimagarriak izan dabez xake jokalariek teknologiari esker garatutako programak. Hor dagoz noizbehinka egiten diran gizaki eta ordenadorearen arteko demak kirol honetan. Antza danez, eta oraingoz bakarrik, gizakiak irabazi egiten dauz holako lehiak (ez beti) baina gero eta gatxagoa da, programok hobetu eta hobetu egiten dabezalako.

Kontuak kontu, holako kiroletan egongo ete da dopping edo antzekorik? Azkenengo barriek baiezkoa emoten deuskue baina, antza, jokalariak ez dau legez kanpoko ezer hartzen, baina halan da guztiz be tranpak badagoz egon: teknologia dauka lagungarri horretarako eta berak ezin dauena, programa informatikoek egingo dabe bere izenean. Xake jokalariari ordenadoreak esango deutso zein izan daiteken jokaldirik onenan. Eta zelan esango deutso? Mesedez, gaur egun hor dagoz eskuko telefono edo belarrietan ipinten diran mikroak edota edozein boltsikotan sartu geinkezan ordenadore txikiak.

Kasu bitxiak

- Nizako txapelketa, Frantzia: Renato Scarenzio 64 urtetako italiarra gabardina jantzita eukan jokatzen egoan bitartean. Klaro, xake jokalariak nahiko arrarotxuak dira eta bakotxak bere kontuak daukaz. Baina kasu honetan, gabardinapean itsuentzako mikroordenadore berezi bat eukan.

- Es Vermar, Mallorca: Gabriel Pons, 67 urtetako Mallorcako txapelduna. Bizitza guztian jokalari baina nahiko arrunta. Jubilau ondoren, ikaragarrizko aurrerapenak egin ebazan eta maisu handi batzuk gainditu ebazan. Arrazoia? Bere esanetan 'Fritz' izeneko programeagaz egunero hiru orduko saioak egiten ebazala. Baina urrian Oleg Korneiev errusiar maisu nagusiari irabazi ondoren, susmoak piztu egin ziran: Pons jaunaren mobimentuak Fritz programeak emoten ebazanakaz konparau eta % 90ean bardinak ziran.

Hilebete geroago, Calviá-n (Mallorcan) jokatzen zan txapelketako antolotzaileek begi bistan eukien gure Pons jauna eta bere jokoa. Gauzak holan, eskua boltsikoan sarritan sartzen ebala ikusi eben eta baita egiten ebazan mobimentu asko Fritz programeak emoten ebazan berberak zirala be baieztu eben. Antolatzaileen susmoa? Pons jaunak boltsikoan ordenadore txiki bat eukala posizinoa erregistretako eta erantzuna belarrian eukan mikrora heltzen jakola. Holako susmoak argitzeko, erregistro pertsonala egiteko baimena eskatu eutsien Pons jaunari. Honek ezezkoa emon eta, beraz, txapelketatik baztertua izan zan atoan.

- Argentinako San Luis urian jokatutako Munduko Txapelketan be antzeko tranpak ebitetako metal detektoreak jarri ebezan baina ez ziran nahikoa izan ze aditu batek adierazo ebanez, holako detektoreak armak bilatzeko konfigurauta dagoz baina ez miniordenadoreak. Beraz, belarrietan ipinita eroan leitekezan mikroak ez dira kontroletan.

Konponbidea, leku ofizial asmotan edota mundu osoko poliziek erabilten dabezan uhin ezabatzaileak izan daitekez. Holako sistemak erabiliz, jokalari eta kanpoko laguntzailearen arteko komunikazinoak galarazota edo etenda egongo litzatekez. Baina holako sistemak ez dira ez merkeak eta nahiz eta txapelketa garrantzitsuenetan erabilgai izan, akaso herri txikiek edo txapelketa txikietan ez da posible izango holakorik eukitea. Iruzurgileak beti aurretik!