Txutxu-mutxuan  IV. urtea // 144. zenbakia

Kaxmirren eta Pakistanen hotzak hilten hasita


Edozelan be, txarrena ez da oraindino heldu, negua gogortzeagaz batera, datozen asteetan egoereak okerrera joko dau eta. Ganera, mendietako haranetan geratu diran familia askok erabagi leikie zelaiotara jaistea, babes bila. Beste ardura larria zera da: osasun laguntzarik eza. Eskualdeko eraikin publikorik gehienak suntsituta dagoz, bai eta ospitaleak nahiz osasun zentroak be. Negu gorria dator eta persona honeek ez dabe aterperik eukiko. Hotzak, gaixotasunek eta goseak koktel hilgarria osotzen dabe eta ez dau emoten munduari lar ardura deutsonik.

Begiluzea

Orain dala hilebete bi, mundua dardara baten parau zan Kaxmir eskualdean izandako lurrikarearen ondorioak ikusikeran; lurrikara horrek 86.000 hildako eta 100.000 zauritu eragin ebazan. Hondamendia jazo zan lekura heltzea ez da erraza; horrek sano gatx egin dau laguntzak bideratzeko beharra. Ganera, nazinoartea ez da lar arduratu eta negu honetan goseak nahiz hotzak hiltzarre ikaragarria eragin daikie

Lal Din-ek semeen nortasun agiriak erakusten dauz, biak hil dira lurrikara honen ondorioz. 70 urte daukazala, sei personak osoturiko familiaren kargu eta ardurea daukan gizonezko bakarra da. Agureak, ganera, egurrezko hanka bat dauka, 1971n Indiaren kontra izandako gerrako gomutagarri modura. Seismoa izan bitartean, lau urteko lobeak kolpe bat hartu eta oraindino ezin dauz hankak mobidu. Hondamendia izan eta hilebete bi igaro diran arren, oraindino ez deutsie osabiderik emon.

Lal Din-ek bizi izandakoaren barri emon dau bere etxea izan zanaren aurrean, harri eta hondakin multzo handi baten aurrean, hatan be; handik hur, etxe ondoko soloetan usteltzen doazen behien gorpuak eta hazurrak ikusi daitekez. Familia orain txabola antzeko estalpe batean bizi da eta euren sabai bakarra manta batzuk baino ez dira. Ez da berotzeko aparteko modua, tenperaturak 10 gradu azpiko marrea gainditzen dabela kontuan hartzen badogu.

Isolaturiko herriak

Aurreko urriaren 8ko lurrikareak ez eutson kalte handirik ekarri familia hau bizi dan herriari. Etxeen % 40 baino ez dira suntsitu. Baina herri hau haran menditsu eta aldapatsu batean dago eta neguan ganerako mundutik isolatuta geratu ohi da edurraren eraginez. Edur geruzea hainbat metrotakoa izan daiteke. Denporaldi honetan ezin dabe etxetik urten eta suaren inguruan batzen dira. Aurten, laguntzinoa sasoiz ailegetan ez bada, herri mueta honeetako biztanle asko be asko hilko dira hotzaren ondorioz, batez be umeak. Hondamendia hain handia da ze eskualde honi laguntzeko Emoile Konferentzian 6.000 miloe dolarreko laguntzinoa emoteko erabagia hartu zan. Baina, beharrizanek gora egin dabe, tenperaturek behera egin daben neurri berean.

Biktima asko ez dira laguntzinoari begira geratu eta eskualde honetako uri nagusien inguruko zelaietan (Muzaffarabad, Mansehra eta Bagh) eta haran handietan batu dira. Milaka lagun pilatu dira zelaiotan; higiene egoerea ez da ona eta izurriteak agertzen hasi dira. Toki honetara baturiko persona honeek negurako preparauta ez dagozan dendetan bizi dira, negu gorriaren menpean.