Los dos lados de la cama
Orain dala hiru urte 'El otro lado de la cama' pelikulea inork itxaroten ez eban arrakastea jadesteko gauza izan zan; orduan be musika munduagaz zerikusirik ez eukien hainbat antzezle dantzan egiten eta abesten ikusi genduzan ezelango konplexu barik. Horretarako, 70 eta 80ko hamarkadako hainbat musikagai ezagun erabili ebezan, ikus-entzule gazte-helduen gomutearen konplizidadea topau guran.
Ezohiko komedia erromantikoaren eta musikalaren arteko nahasketa horrek jentearen arretea bereganatu eta dirutzea batu eban. Halanda ze, ez da harritzekoa film honen bigarren zatia pantailaratu izana. Oraingoan be zuzendaria nahiz talde artistiko eta teknikoa lehengo bera da. Hori bai argumentua aurrekoan baino zoro eta burubakoagoa da eta emoitzea apur bat kaskarragoa.
Maitasun gorabeherei, bikotearen kontzeptuaren ganeko betiko dudei eta fideltasun liskarrei sexu identidade eta jarreren aldaketea gehitu deutsie. Hartu-emonetarako era barriak gizarte errealidade barriei erantzuteko. Personaia maskulinoak ez dira lar aldatu, zaharragoak dira, baina ez helduagoak; beharbada lehengo zatian baino neurotiko eta estereotipatuago agiri dira. Nesken kasuan, Paz Vega eta Natalia Verbeke-ren berezko erakargarritasuna ezin da guztiz ahaztu Verónica Sánchez eta Lucía Jiménez-en jarduna ikusikeran, euren lana txukun bete dabela esan behar bada be.
Dana dala, personaia eta egoera barriak sartzeko egindako ahaleginak gorabehera, gidoiaren makaltasuna deigarri egiten da. Originaltasuna eta txinpartea falta dira eta horren ordez istorioa areago bihurritu dabe, nahiko modu behartuan endredau be. Hutsuneak hutsune, film honek denporea ondo pasetako eta barre batzuk egiteko aukerea opesten dau.
Josbe Terrerros
- Zuzendaria: Emilio Martínez-Lázaro.
- Herrialdea: Espainia.
- Iraupena: 112 minutu.
- Antzezleak: Ernesto Alterio (Javier), Guillermo Toledo (Pedro), Alberto San Juan (Rafa), María Esteve (Pilar), Pilar Castro (Carlota), Lucía Jinénez (Raquel), Secun de la Rosa (Carlos), Juana Acosta (Gemma), Verónica Sánchez (Marta).
- Gidoia: David Serrano.
- Argazkia: Juan Molina.
- Muntaia: Fernando Pardo.