Barriketan  IV. urtea // 144. zenbakia

Jokin Aspuru: 'etxe erdaldun askotan sartu gara'

Getxo mailako Bizarra Lepoan aldizkariaren 3-4 urteko ibilbidearen ostean, UK sortu zan Uribe Kosta eskualdeko gaiak jorratzeari ekin eutsenean eta daborduko 10 urte joan dira, danetara 127 zenbaki eta milaka kontu eta burukomin.

Hilebetekaria izateko jaio zan aldizkaria baina 2002an aro barriari ekin eutsien atal barriak eskainiz eta orrialde kopurua bikoiztuz. 2003tik aurrera, barriz, UK hamabostero dago kalean.

Urteurrenaren ganeko gorabeherak, 10 urteko ibilbidean bizitako momentu gozo eta garratzak, erronkak eta enparauak jorratzeko, hona hemen Jokin Aspuru, UK-ko zuzendariagaz eta hasieratik saltsa honetan dabilenagaz egindako berbaldia:

1.- Herri aldizkarien susperraldian kokatu geinke UKren sorburu izango zan Bizarra Lepoan aldizkaria baina kontaiguzu zelakoak izan ziran lehenengo pausu, burukomin eta bildurrak

Bai, zeozelako loraldia egoan momentu haretan eta herri aldizkarien susperraldia bizi zan. Giro horretan, Getxon aldizkari bat behar zala erabagi genduan, Aixerrota Institutoko ikasle ohiak ibili ginan saltsan eta ideia berez lagun birena izan arren, gero jente asko hurreratu zan gurera. Aixerrota Institutoko ikasle ohiak ibili ginan hor eta gure irakasle izandakoak geugaz bat egitea erabagiorra izan zan. Oso polita izan zan euren laguntzinoagaz aldizkaria sortzea. Hasieran, hilebetero aldizkari guztiz amateurra baina aldi berean polita egiten genduan, 32-34 bat orrialdetakoa. Ilusino handiagaz, hasierako lantaldean 20 bat lagun ibiliko ginan eta Bizarra Lepoan aldizkariagaz 3-4 urtetan oso gustora ibili ginan.

Hori bai, orain 10 urte geure inguruan ez egoan euskerazko aldizkaririk eta euskerazko gauza bat egitea ia-ia gauza politikoa zan, geure burua zuritzen, jente independientea ginala, euskerearen alde gengozala azaltzen eta euskerazko komunikabide barri bat erakunde publiko zein pribatuei aurkezten ibili ginan luzaroan. Akaso, finantzabidea lortzea baino gatxagoa izan zan hori, hau da, gizarte mailan zeozelako onarpena lortzea.

2.- Aldizkariaren sorreratik zagoz. Zergaitik? Ibilbide horretan bizi dozuzan momentu on eta txarren artean, zeintzuk nabarmenduko zeunkez?

Bai, Bittor Egurrola ‘Don Vito’ eta biok gara sorreratik gagozan bakarrak. Egia da, nik neuk be ez dakit zelan iraun dodan horrenbeste denpora honetan baina motibo nagusia euskereakanako maitasuna dala esango neuke; saltsa honetan zergaitik jarraitzen dodan sarritan itaundu deutsat nire buruari eta erantzunaren bila pasadizo bat kontauko deutsut: umetan, aberri egun batean, ikastolako nire klasekide gehienak ez bezela, etxeko balkoian ikurrinarik jarri ez genduala arpegiratu neutson aitari. ‘Ikurrinarik ez daukagu etxe honetan. Euskaldunak gara baina gure aberria ez da zapi hori’ erantzun eustan. Esku bat bihotzean eta bestea ahoan ipini eta gero, ‘euskerea, geure hizkuntzea da geure aberria, munduan egoteko eta mundua ulertzeko modua’. Aitak esandako horrek betiko markau ninduan.

Bigarren itaunari erantzunez, geure ibilbideko momentu garrantzitsua izan zan orain bost bat urte profesionalizazinoaren bidea aukeratu genduanekoa. Izan be, proiektu honek aurrera egin badau, momentu horretan erabagi hori hartu gendualako izan dala esango neuke.

3.- Bizarra Lepoan Euskara Elkartea 1995ean sortu zan Getxon euskerearen erabilerea sustatzeko eta euskal kultura indartzeko. Zer izan zan lehenengo alkartea ala aldizkaria? Gaur egun zelako hartu-emonak dozuez?

Lehenengo aldizkaria izan zan baina horri zeozelako legezko oinarria emoteko Bizarra Lepoan euskera alkartea sortu genduan. Kontua da ze, sasoi haretan eskualdean euskera alkarterik ez egoala eta jente asko hurreratu zala; ondorioz, UK jaio zanean, euskera alkarteak bere bideari ekin eutson eta aldizkariak bereari. Edozelan be, oso ondo konpontzen gara eta gure arteko hartu-emonak naturalak dira.

4.- Aldizkaria batueraz idatzita dago ‘akabuko punte’ atalean eskualdeko euskalkiek be euren lekua daukien arren. Irakurle gehiagorengana heltzea da asmoa?

Aldizkariaren sorreran ibili ginan gehienok ikastolako umeak gara eta ikasi dogun euskerea batua izan da; beraz, batuaz idazteko erabagia modu naturalean etorri zan. Horrezaz ganera, tristea eta gogorra izan arren, ez dogu gaitasunik izan bizkaieraz aldizkari bat egiteko.

Hori bai, eskualdeko berbeta danek aldizkarian euren lekua behar ebela jaubetu ginan eta ‘Akabuko punte’ atalak sekulako arrakastea dauka, irakurleek asko estimetan daben atala da. Nire aitite bertoko euskalduna izan arren, berbeta hori ez zan nigana heldu eta belaunaldi bat edo bi galdu ostean, zeozelan zubi lana egin gura izan dogu atal horregaz, berbeta horreek berreskuratzeko asmoagaz.

Horrezaz ganera, udal agintariek eskualdeko berbetak, toponimia eta enparauak jaso eta biltzeko partidak bideratu dabez eta, beraz, zeozelan akulu lana egin dogula esango neuke.

5.- Zuri baltzekoak izan arren, UK aldizkarian irudiari eta argazkiari aparteko garrantzia emoten deutsazue, izan be, azala eta barruko atalak begiratzea baino ez dago...

Bai. Kontuan hartu aldizkaria hemen beharrean gagozanon gusto eta arduren isla eta euskarria dala eta argazki eta irudizale izanik, hasieratik argi euki dogu, testuak zaintzea ez eze, irudiak edo argazkiak be oso garrantzitsuak dirala. Ganera, irudi edo argazki horreei esker, irakurle-ikusle erdaldunengana be heldu garala, etxe erdaldun askotan be sartu garala konturatu gara.

Datu lez baino ez bada be, esango deutsut, plantilan beti euki dogula argazkilari bat, geugaz egun osoan beharrean dabilena.


6.- UKko lantaldean 13 zagoze gaur egun baina kontaiguzu zelako gorabeherak izan diran aldizkariko kolaboratzaile eta erredakzino taldeko kideei dagokienean

Bai, 13 gara eta plantilan lau gagoz gaur egun. Enpresa txiki bat gara eta holakoetan normalak izaten diran gorabeherak izaten doguz geuk be. Gurean soldatak ez dira oso altuak eta beharginen joan-etorria normala da. Hori bai zazpi orduko lan jarduereagaz eta opor gehiagogaz zaintzen doguz beharginak. Zorionez, plantilako lau horreetako hiru azken 3-4 urteotan gabiz eta jarraitzeko asmoagaz ganera.

7.- Gaur egungo mundu globalizatu eta homogeneizatuan, zein da herri aldizkarien lekua?

Sarritan geure buruari egin deutsagun galderea da hori. Nik UKren ganean egingo deutsut berba eta esango neuke geure eskualdearen egunerokotasuna jaso eta zabaltzen ahalegintzen garala. Hori nekez topau daiteke komunikabide ‘handietan’ eta jenteak horren beharra be badaulaka uste dot, hurreko gaiak, jente anonimoa gura dauz.

8. Zenbat ale argitaratzen dozuez hamabostero? Zenbat irakurle inguru kalkuletan dozuez?

Normalean 3500 ale ataraten doguz eta eskualde osoan doban banatzen dira, borondatezko harpidetzak daukaguzan arren. Gehiago be atara izan doguz, orain berbarako 10. urteurrenerako, baina hor bueltan gabiz. Gehiago be atara geinkean egunkari formatoko zeozer eginaz, kalidadezko produktua gurago dogu kantidadea baino.

Irakurleen kopurua kalkuletako, barriz, ale kopurua bider 3,5 egiten da eta, beraz, 12 mila eta 15 mila bitartean izan daitekez.

9.- Aztertu dozue inoiz Internetera salto egiteko aukerea?

Bai. Azken urteotan gabiz aukera horri bueltak emoten eta ezuztekorik ezean, orain arteko aldizkariari eutsiz, aurten Internetera salto egitea da asmoa, geure nortasunaren erakusgarri, estilo grafikoagoa, intuitiboagoa erabiliz. Hori guztia aztertzen gagoz orain.

10.- Zeintzuk dira UK, Uribe Kosta Aldizkariaren bihar etziko erronkak?

Internetera salto egitea da 2006ko lehentasuna baina helburu nagusia aldizkaria ataraten segidutea da, tontakeria emoten dau baina lan ikaragarria da.

Horrezaz ganera, agenda digital edo posta zerrenda moduko bat be egin gura dogu eskualdean antolatzen diran euskereagaz lotutako gauza guztiak gure bazkide edo irakurleen artean zabaltzeko.

Koldo Isusi Zuazo