Iñaki Garcia Uribe: 'herriagazko maitasuna baino ez dot nik etxean ikusi'
5. Mendizalea, argazkilaria, ikertzailea, idazlea, komunikatzailea...; zeregin edo afizino horreetatik zeinegaz identifiketan zara?
AITA izan naz orain zortzi hilebete eta zoratzen nago, sekula bizi izan dodan sentsazinorik onena da. AXULAR ekarri dot mundura eta berari eskaini deutsat liburua. Edozelan be, gustau jat itauna eta banan-banan erantzungo deutsut. Mendizale sentiduten naz gehienbat, kirolik osoena da eta Orozkon bizi naz, zer gehiago behar dot!. Argazkilari: argazkilari baten semea baino ez naz, aitak erakutsi deust nik dakidan guztia. Ikertzaile: hoba ikertzaile banintz!, papel eta liburu artean ibiltea gustetan jakon afizionau bat besterik ez naz, ikertzaileak asko miresten dodaz. Idazle: bai, idazletzat daukat burua, hiru liburu ditut plazan eta astero testu asko idazten dodaz; 55 aldizkari desbardinetan kolaborau dot eta nire beharrak 17 liburutan agiri dira; historia, turismo eta etnografiaz gauza asko idatzi dodaz. Komunikatzaile: bai, azken urteotan makinatxu bat kolaborazino egin dodaz, 18 irrati kate desbardinetan 80 bat irratsaiotan parte hartu dot eta telebistako 50 programa ingurutan. Asko ikasi dot eta gaur egun irrati batzuekaz eta noz edo noz telebista batzuekaz kolaboretan dot.
6. Lehenago aurkeztu dozuzan beste behar batzuetan legez, orain be argi geratu da Bizkaiagaz lotutako gai guztiak maite doduzana baina, orokorrean, euskal kultureagazko maitasuna da erakusten dozuna.
Zuzen zabilz baina herriagazko maitasuna baino ez dot nik etxean ikusi, lurraren balioa, bertoko jentea, hemengo ohitura eta tradizinoak. Txiki txikitatik aitak eta amak beti eroan gaitue arreba bikia eta biok sekulako jakingurea eragin deusten lekuetara. Geroago, gauza asko ikasi dodaz eta horreek danak zabaltzen ahalegintzen naz. Liburuaren aurkezpenetan esan dot, azkenean lekurik ederrenean pintau dodala koadroa bat eta, kasu honetan, koadroa liburua izan dala. Bateren batek Bizkaia baino ederragoa dan parajerik ezagutuko baleu esan deidala mesedez, beste liburu bat egingo dogu.
7. Gaur egun kanpo hartu-emonetarako arduraduna zara Bizkaiko ikurra dan Bizkaia Zubian. Kontaiguzu bitxikeria edo anekdotaren bat munduko lehen transbordadorearen ganean.
Gai honek alkarrizketa zabala egiteko emongo leuke eta, beraz, gura izan ezkero, Bizkaie!-ren zenbakiren baterako gaia proposatzen deutsut, interesgarria izango litzatekela uste dot. Kontuak kontu, egia da oraintsu hasi naz zeregin horretan, lau bat hilebete daroadaz eta pozarren nago. Bitxikerien atalean asko aitatu neikez baina hor zehar zabal dabilen esakera bat esango deutsut: 'Bizkaia Zubiak baino errematxe gehiago daukazu'; kontua da ze 400.000 mila errematxe daukazala Zubiak. Bizkaia Zubia inaugurau ebenean, 1893an hain zuzen be, ez egoan soldaketarik eta, beraz, errematxeak ipini behar izan zituen. Aldamiorik be ez eben erabili eta Zubiak 65 metroko altuerea dauka, zuok atara kontuak!.
8. Hasibarria dan urte honetarako zer proiektu darabizu buruan?
Proiektu edo zeregin garrantzitsuena nondik edo handik denporea ataratea da hasita dodazan liburu biak idazteko. Horreetako bat Gorbeiaren ganekoa izango da, orain arte aztertu edo idatzi barik dagozan gaiei buruz eta bestea, barriz, Orozkoko eleiz-erromerien historiaren ganekoa. Horrezaz ganera, beste ideia batzuk be badagoz baina nire arerio nagusienak, hau da, denporeak gogor egiten deust.
Bizkaie!
La Gran Enciclopedia Vasca argitaletxeak oraintsu ataratako argazki liburu bat ekarri dogu gaur 'Kulturea' atalera, besteak beste, Bizkaiko irudiez ondo hornidu dauelako Iñaki Garcia Uribe egileak, Bizkaiagaz eta euskal kultureagaz maiteminduta dagoan gure kolaboratzaileak. Ugaoko semearen 3. liburua da eta, oraingoan, 10 kapitulutan Bizkaiko ikuspegi piloa jaso ditu; Gorbeiako kurutzea da bere pasinoetariko bat eta orain arte argitarautako beste behar batzuetan legez, 'Bizkaia begi-bistan' liburuan be badauka bere lekua jakina. Gaur egun, Bizkaia Zubiko kanpo hartu-emonetarako arduraduna da.
1. 'Bizkaia begi-bistan' liburua egiteko ordu asko erabiliko zenduzan. Noiz eta zergaitik jaio zan proiektu hau?
Argazkilari afizionaua nazan aldetik, artxibo potoloa neukala konturatu nintzanean otu jatan argazki liburua egitea. Orain hamar urte edo hasi nintzan aukera honi bueltak emoten eta, azkenean, nire hirugarren liburuak argia ikustea lortu dot. Bizkaia nire probintzia, nire jaioterria maite dot eta beste atxakiarik ez neban behar Bizkaiaren ganean gehiago sakontzeko. Edozelan be, beti izan dot gauza barriak ezagutzeko gogoa eta liburuko argazkiak eginaz eta Bizkaian zehar osterak eginaz asko ikasi eta ikusi dot. Bestalde, Euskal Herriaren ganean liburu gehien atara dauen 'La Gran Enciclopedia Vasca' argitaletxeari eskerrak emon behar deutsedaz, nigan beti sinistu dabelako.
2. Liburuak hamar kapitulu, hamar argazki multzo ditu eta bakotxaren hasieran sarrera laburra egin dozu. Zergaitik?
Sarrera labur-laburrak dira eta behar-beharrezkoak nire ustez; hasieran pentsau neban argazkiak multzotan bereiztea eta bakotxaren hasieran sarrera txikiak egitea. Liburua argazki multzoetan bereizita dago ikuspegi historiko, etnografiko eta paisajistikoen arabera.
3. Henrike Knör, Euskaltzaindiako Buruordeak liburuaren sarreran dakarrena gogoratuko dogu: '...arkitekturan eta paisaian dogun ondareagazko sentiberatasuna zabaltzen lagunduko dau liburu honek. Ondare hori, zoritxarrez, sarri zapaldu dabe basakeriak eta diruzalekeriak.' Zeozer gehiago erantsi gura dozu?
Bai, guztiok aparteko ahalegina egin behar dogula gure ondarea, hau da, denporan galtzen dan azken erreferente bizia gehiago maitatzeko. Ganera, nire ustez oso garrantzitsua da gure inguruan doguzanak be horren barri izatea. Berbarako, Kirikiñauziak (gaztainak gordetako zezen plaza txikien antzeko harrizko hesiak) ia-ia desagertu egin dira, gehienak 55-75 urteen artean, gure mendietan pinuak landatzeko induskailuek birrinduta; gure kultura eta etnografiaren elementuak dira eta zoritxarrez Euskal Herri osoan 100 baino ez dagoz eta Orozko nire herrian horreen guztien % 40 inguru. Ezagutu gura izan ezkero, konbidauta zagoze.
4. Liburuaren aurkezpen ekitaldietan argazkiekaz egindako diaporama ikusi genduan. Diaporama hori herririk herri aurkezteko asmoa dozu?
Deustuko Unibersidadeko Geografia Katedraduna dan Iñigo Agirre Kerexeta nire lagunak lagundu eustan diporama informatizatua egiten. Liburuko 175 argazkiak CD batean sartu eta efektu bereziak tarteko, ikuskizun ederra dala pentsetan dot. Gu prest gagoz diaporamea edonon aurkezteko; hori bai, ordenagailu portatiletik proiektetako kanoi bat beharko geunke. Bizkaia erakustea oso pozgarria izango litzateke.