John Cale Gasteizen
Gotzon Uribe
Velvet Underground taldeko kidea izandakoa barriro etorriko da Euskal Herrira, oraingoan ‘Black Acetate’ lan barria aurkeztera. Zitea Gasteizko Azkena aretoan izango da zezeilaren 17an. Azkenekoz aspaldi egon zan gurean, Bilbon orain hamabost urte inguru Campos antzokian. John Cale Galestarra da, Garnant urikoa. Koposatzailea, produtorea eta abeslaria da, eta John Cage eta LaMonte Young konpositoreen eskolatik jatorko jario musikala. 1965ean Lou Reed-egaz batera Velvet Underground taldea sortu eban, New York uriko sonoridade iluna ulertzeko talde ezinbestekoa. Bertan, musika klasikotik asko edaten eban Cale jaunak: minimalismorako joerak igarten ziran abestietan eta biolea joteko eran. Hor dagoz, adibide legez, ‘The Velvet Underground & Nico’ eta ‘White light/white heat’ (1967) diskoak; gaur egun disko esanguratsu eta bereziak dira azken hamarkadetako rock musikea ulertzeko.
Beti be abangoardian sartuta ibili dan musikaria da John Cale. Produtore moduan punk eta new wave mobimentuetan sartuta egon izan da. Bera izan zan produtorea Stooges, Nico, Modern Lovers edota Patti Smith-en ‘Horses’ diskoetan.
Bestetik, bere bakarkako lanari jagokonez, zabala eta askotarikoa dala esan daiteke. Beti jardun da experimentazinoaren eremuan. Hor dagoz, berbarako, poetikaz jantziriko disko batzuk: (‘Paris 1919’, 1973; ‘Music For A New Society’, 1982; ‘Fragments Of A Rainy Season’, 1992). Filme asko jantzi ditu musikaz, batez be Europako zine independientean. Berak konposatu dau ‘Basquiat’ edota ‘American Psycho’ filmeetako musikea.
Caleren kontzertuetan ahotsa, pianoa eta gitarrea dira nagusi; artisteak, ganera, intensidadea eta lirikotasuna topetan ditu beti.