Kulturea  IV. urtea // 144. zenbakia

Arrese Beitia hil zala ehun urte


Julen Gabiria

Hurrengo astean, urtarrilaren 16an, ehun urte beteko dira Felipe Arrese Beitia poeta bizkaitarra hil zala. Izan be, igazkoan lez, aurten be arrazoi sendoak dagoz Euskal Herriko zein kanpoko idazle handi askoren efemerideak ospatzeko.

Euskal idazleen artean, Arrese Beitiaren urtemugearen ostean, astebete eskaseko tarteagaz, Andima Ibiñagabeitiaren jaiotzearen ehungarren urteurrena etorriko da, eta udan, barriz, Iokin Zaitegi jaio zala ehun urte bete dirala gogoratuko dogu. Atzerriko idazleei begiratuta, lau idazle izango dira protagonista nagusiak: Artur Lundkvist, Henrik Ibsen, Dino Buzzati eta, danen gainetik, Samuel Beckett. Ibsenen heriotzearen ehun urteak beteko dira aurten, eta, beste hiruren kasuan, jaiotzen urteurrenak dira gogoratuko diranak. Esan dogun moduan, Beckett irlandarra izango da aurtengo efemeride literarioetako protagonista nagusiena, eta guk horren barri emongo dogu momentua heltzen danean, aitatu ditugun beste idazleak ahaztu barik eta garrantzi berezia emonez euskal idazleei.

Felipe Arrese Beitia (Otxandio, 1841-1906) eskultorea zan ogibidez, santugilea (santugine deitzen eutsien herrian). Hamabi urtegaz zurezko lanak egiten hasi zan, eta, hamahiru urtegaz, Gasteizera joan eta marrazketa ikasketak jaso zituan. Gero, atzera Otxandiora joanda, aita arotzagaz hasi zan lanean eta lanbide horri esker egin zan ezagun hainbat lekutan. Baina literaturearen esparruan, ospea 1879an etorri jakon, 38 urte eukazala, Hego Euskal Herrian egin ziran lehenengo Lore Jokoak irabaztean, Elizondon. “Ama euskeriari azken agurrak” izeneko bertso-sortea aurkeztu eban, eta, geroztik, haren izena sarritan hasi zan agertzen poesia lehiaketa nagusienetako irabazleen artean.

Xabier Mendiguren Elizegik eta Koldo Izagirrek “Euskal literaturaren antologia” liburuan dinoenez, Arrese Beitiaren arrakastaren giltza ez egoan hainbeste haren olerkigintzearen kalidadean, ezpada poesia hori sortu zan momentuan. Izan be, Madrildik Hego Euskal Herriari foruak kenduta, hondamendi-sentimentu bat zabaldu zan euskaldunen artean, eta giro horretan sortuko zan, geroago baina, abertzaletasuna. Otxandioko semeak ezin hobeto aprobetxau eban sentimentu etsi hori, baina, Mendiguren eta Izagirrek dinoen moduan, 'abertzaletasunak sarritan ahaztuko eban bereizgarri bategaz: euskerea baztertzeari egozten deutso askatasunaren galerea'. Beste berba batzuk erabilita, antzeko zeozer dino Patxi Salaberrik “Iraupena eta lekukotasuna” lanean: 'lehenengo poema harek garaiko sensibilidadea, gogoak eta egoera hitsa jasotea lortu eban eta, era berean, jendea oztopo larriaz ohartuago bilakatzea. Eta izan zituan ospea eta arrakastea be handik etorri jakozan, gizataldearen sentimentuei forma poetikoa emoten jakitetik'.

Halanda ze, Euskal Herriko arazoaren konponbidea euskerea berreskuratzetik etorrela aldarrikatuz, Arrese Beitiak sensibilidade desbardinak erakarri zituan hizkuntzak sinbolizetan ebanaren inguruan. Hortik etorri jakon famea, batez be lege zaharrak, euskerea eta gizarte idilikoa gai nagusi lez hartu zitualako, herriak gai horreen gaineko diskursoa entzuteko beharra eukanean.

Bertsolaritzako moldeak erabili zituan batez be, baina Arrese Beitiaren obrea aztertu daben aditu guztiek dinoenez, larregiko erretorikeak moteldu egiten zituan bere testuak, idazkera sutsukoa bazan be. Hala aitatzen da oin arte aitatutako bi obretan, eta Harluxet zein Lur hiztegi entziklopedikoetan. Mikel Zaratek lora ederrak botaten deutsoz otxandioarrari “Bizkaiko euskal idazleak” lanean, baina, amaitzeko, bat egiten dau aditu guztiakaz: 'olerkari legez punterengoa izateko zer bat falta jako' dino Lezamakoak. Azkenik, Mitxelenak berak, 'euskera eder, sendo eta ugaria' erabilten dauela aitortu ostean, 'egiazko lirikoa osotzen dauen zera'

Edozelan be, ezin da ukatu bere sasoiko euskal gizarteagaz bat egin ebala, sintonia egokia lortuta eta obra oparoa itxita. Besteak beste, “Ama euskeriaren liburu kantaria” atara eban 1900ean, hainbat aldizkaritan sakabanatutako bertsoak bilduz eta Arturo Kanpionen berbaurreagaz. 1902an, “Asti-orduetako bertsozko lanak” plazaratu eban, baina hil ostean bere beste zenbait obra argitaratu dira: 1919an “Olerkiak 1”, 1930ean “Olerki Sortatzua”, 1957an “Olerkiak” eta 1988an “Olerki sorta bat”, besteak beste.

Felipe Arrese Beitia bere jaioterrian hil zan, hirurogeta bost urtegaz, oin dala ehun negu.