Euskera eta Euskal Kulturearen ikastaroak Europan eta Ameriketan
Bizkaie!
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren proposamenaren harian, Gobernu Batzordeak baimena emon dau euskerea eta euskal kulturearen ezaguera sustatzeko, ikastaroak sortu edota hasiak diranei jarraipena emoteko Europa eta Ameriketako beste sei unibersidadetan.
Kultura Sailak unibersidade bakotxagaz bideratuko dituan hitzarmen horreeen bitartez euskera eta euskal kulturearen ikastaroak eskainiko dira Valentziako Unibersidadean, Berlingo Frei Unibersidadean (beronek Berlingo Humbolt eta Poznameko unibersidadeei zerbitzua eskaintzen deutse Varsoviako Unibersidadean, Helsinkiko Unibersidadean eta Mexikoko Unibersidade Nazionalean, egun Ameriketako eta Europako beste hainbat unibersidadeetan eskaintzen diranen antzekoak.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatuta, euskera eta euskal kulturearen lektoradoak sortzen ari dira Europa eta Ameriketako hainbat unibersidadeetan, Euskadi Institutuaren garapenaren bidean. Era berean, Kultura Sailak, HABE erakundearen bitartez, abian dauka Euskal Herritik kanpo helduentzako eoaten diran euskara eskolen garapenerako egitasmoa.
'Euskara munduan' egitasmoaren barruan, Estaduko hainbat uriburutan (Madril, Bartzelona, Valentzia, Valladolid) eta Europa (Paris, Londres, Brusela, Berlin, Frankfurt, Helsinki, Varsovia, Poznan) eta Ameriketako uri eta herri desbardinetan helduentzako emoten diran euskera eskolak arautu eta garatu dira. Horretarako, irakasleen trebakuntzeari garrantzi berezia eskaini jako eta eskola horreek materialez hornidu eta autoikaskuntzarako eta urrutiko irakaskuntzarako zein irakasleen trebakuntzarako sistemak ezarri dira.
Egitasmo honen aitzindariak Txileko Santiagon eta Valparaisoko lau unibersidade eskoletan emoten diran lektoradoak dira. Ikastaro honeek unibersidade mailako ziklo formatiboaren barruan dagoz. Azpimarratzekoa da ikasle gehienak, bi heren baino gehiago, ez dirala euskal jatorrikoak.
Alde horretatik, Miren Azkarate Kultura Sailburuak joan dan zemendian Txile eta Argentinara egindako bisitaldiak euskerea eta kulturea sendotzea izan eban helburu nagusi.
Sailburuak Argentinako Necochean egindako Euskal Astean parte hartu eban Eusko Jaurlaritzearen izenean, eta honen inguruan, FEVAgaz (Argentinako Euskal Elkarteen Federazinoak) euskera eskolen garapenerako oinarrizko zerbitzua izango dan euskal gaien inguruko liburutegia garatzeko hitzarmena eta euskera eskolen garapenerako FEVA eta HABEren arteko hitzarmena izenpetu ebazan.
'Euskara Munduan' egitasmoa Argentinan sortu zan Argentina Euskaraz izenagaz, 1989an bertako FEVAk (Argentinako Euskal Elkarteen Federazinoak) egindako eskaintza baten ondorioz. 1990 abian jarri eta hiru plangintza gauzatu dira, horreei esker euskerazko eskolak sortu, argentinarrak diran euskerazko irakasleak sortu eta trebatu dira eta hau guztia bertakoen eta HABEren artean.
Orain sei urte, egitasmoa Argentinatik Uruguaira zabaldu zan eta orain urte bi Txilera. Aurtengo ikasturtean Argentinan ia 600 ikasle dagoz (40 irakasle eta euskera eskolak 20 uritan) Bestela esanda, Argentinan alkartzen da Euskal Herritik kanpo euskerea ikasten dabizan bi ikasletik bat.
Gauzak holan dirala, 1.500 euskera ikasle dagoz Amerikan, eta 700 inguru Europako euskal etxeetan (gehienak Bartzelona eta Madrilen -200na ikasle- eta 150 Parisen). AEBetan dagozan 60 Euskal Etxeen artean, barriz, erdietan emoten dira euskera klaseak. Bestalde, momentu honetan garatze bidean da egitasmo piloto bat irakasle barriak Ameriketako uri eta herri desbardinetan trebatzeko.
Kontuak kontu, teknologia barriak erabiliz (urrutiko irakaskuntza bidezko barnetegiak, klase presentzialak,...) 40 ikasle argentinar hasiak dira trebakuntzea jasoten, hemendik bi urtera euskerazko irakasleak izan daitezan. Era horretara, irakasle kopurua gehitu eta jomuga nagusira heltzea lortuko da: Euskal Etxe bakotxak bere irakaslea izatea.