Migel Madariaga (Euskaltel-Euskadi): 'gure atzean herri oso bat dago'
'Batzen gaituen taldea da gurea, Euskadi izenagaz bakarra'
'Batzen gaituen taldea' lemapean, Euskaltel-Euskadi taldeak Mallorkan ekin deutso azken urteotako denporaldirik garrantzitsuenari; Frantziako Tourrean hirugarren aldiz parte hartzea da asmoa eta gonbidapena jaso gura izan ezkero, emoitza onak behar dira denporaldiaren hasieran. Horrezaz ganera, Euskaltel etxearen babesa 2004. urtean amaituko da eta Frantziako Tourrean parte hartzea eta ahalik eta lasterketa gehien irabaztea erabagiorrak izan daitekez Migel Madariaga buru dauen taldearentzako.
1. Zelan dator aurtengo denporaldia?
Polito dator; orokorrean jentea ondo preparauta dago eta taldeak indartu egin dira fitxaketakaz eta enparauakaz. Txirrindularitza arloan, zer datorren ikusita, hau da, gauzak beherantza doazela, dinotsudan legez, taldeak indartu eta mentalizau egin dira ahalik eta emoitza onenak lortzeko; gu geu be horretan gabilz, badakigu zer garan eta gitxi gora behera zer emon geinkean eta barruan dogun guztia atarako dogu aurten. Guretzako denporaldi berezia da 2003koa.
2. Aurtengo denporaldiari begira taldea ez da asko aldatu, igazko talde gaztea da oinarria. Cesar Solaun eta Igor Floresen bajak eta Dioni Galparsororen altea baino ez dira izan. 23 urte azpiko munduko txapelduna, Francisco Gutierrez fitxau gura izan zenduen baina azkenean ezerezean geratu zan aukera hori.
Bai, txirrindulari ona zan guretzako, munduko txapelduna. Kontua da ze Gutierrezek aurrekontratu bat eukala sinatuta portugesakaz eta horren barri izan genduanean, pausu gehiago ez emotea erabagi genduan. Geroago, ez dakit zelan baina Labarca2-Baque taldeko Zengotitabengoak antza akordioa lortu dau portugesakaz eta hor ez dago sartzerik.
Edozelan be, guk beteranotasuna indartu gura izan dogu taldean eta horregaitik ez dogu gazterik igon. Aurten taldeak zer emon leikean ez dakigu eta gaur egun talde gaztea izanda, oraindino gazte gehiago sartzea ez jaku egokia otu. Alde horretatik, orain arte gauzak ez doguzala lar ondo egin pentsetan dot ze gazte asko pasau doguz eta pasa dan Tourrean larri ibili ginan, beteranoak lesinoakaz jota eta gazteak, barriz, emon behar daben maila edo neurria emon ezinik. Gauzak holan dirala, Dioni Galparsoro baino ez dogu fitxau, afizionatu mailan polito ibili dan txirrindularia. Taldearen benetako mailea non dagoan ikusi gura dogu aurten beteranotasunari eutsiz.
3. Julian Gorospe kirol zuzendariaren esanetan, aurtengo denporaldia gogorra izango da eta, beraz, gogoagaz eta ilusinoagaz ekin behar jako. Txirrindulariek eurek be igarriko dabe presinoa, izan be, gero eta gehiago eskatzen jake.
Prozesinoa barrutik doa. Julianek eta biok txirrindulariak mentalizetan aparteko beharra egin dogu. Zer daukagun, zer datorren eta gauzak zelan egin behar doguzan aztertzen ibili gara ze gauzak egin leitekez ondo eta txarto urten baina txarto egiten badozuz ondo urtetea gatxa da. Guk ez deutsegu txirrindulariei presinorik erantsi gura izan baina aurtengo denporaldiaren ganeko kontuak argi eta garbi azaldu deutseguz. Aurten Frantziako Tourrean parte hartzea helburu nagusia da eta ez da erraza izango. Lau plaza baino ez dagoz eta zortzi bat talde lehian, besteak beste, igaz Tourrean 3. postua eskuratu eban Lampre taldea, AG2R, Phonak, Jean de la Tour, Domina Vacanze Elitron, Mario Cipolliniren taldea. Gu geu be kanpoan gagoz.
Frantziako Tourrerako konbidapena jasotea hil ala bizikoa da ze 2004an amaituko jaku kontratua Euskaltelegaz eta kontratu barriztea negozietako nahitaezkoa izango da. Tourrerako konbidapena jaso ezean, leitekeana da Euskaltel 'hotzitzea'. Euskaltelegaz sano pozik gagoz eta jakin badakigu holako beste babesle bat topetea ezinezkoa izango dala. Beraz, karreratan burua erakusteko eta, ahal dala, etaparen bat irabazteko aparteko ahaleginak egingo doguz.
4. Igaz, Alberto Martinezek irabazi eban Criterium Internazionala Lance Amstrongen aurretik eta hori oso garrantzitsua izan zan Tourreko antolatzaileen konbidapena lortzeko. David Etxebarria tendinitisagaz jota dabil denporaldiaren hasieran baina Euskal Herriko Itzulirako eta Flecha Valona eta Liejarako ondo egotea espero da. Denporaldiari ekiteko Gorospek talde bi egin ditu eta emoten dau Unai Etxebarria, Mikel Artetxe eta Alberto Martinezen ardurea dala hasiera honetan lasterketak irabaztea.
Bai. Denporaldiaren hasierarako 12 txirrindulari dagoz preparazinoaren aldetik aurreratuago eta geroagorako, barriz, beste 12. Hasieran astebeteko lasterketak dagoz eta horreetarako forma fisikoa arin hartzen daben txirrindulariak dagoz lehenengo taldean. Dana dala, argi dago maila apalagoan dabilzanak be espabilau behar dabela ze gurea talde beharra da; irabazi batek baino ez dau irabazten baina ganerakoen laguntzinoa be oso garrantzitsua da.
5. 1994an, Perurena eta Laka zuzendariekaz eta 180 miloe pezetako aurrekontuagaz jaio zan Euskadi Fundazinoa. Gaur egun, Euskaltel-Euskadiren aurrekontua 900 miloe pezeta ingurukoa da. Gauzak goitik behera aldatu dira.
Bai. Aurtengo udan 10 urte egingo doguz eta orduko kontuak txiki geratu dira. Geldiro-geldiro joan gara gauzak egiten eta urteetan zehar amesa baino ez zana be lortu genduan, hau da, Frantziako Tourrean parte hartzea. Hori lortzeko Euskaltelen laguntzinoa ezinbestekoa izan da; alkarregaz egin dogu bidea: bakotxa bere arloan jakina, Euskadi Fundazinoak eta Euskaltel Enpreseak ia-ia batera egin dabe gora.
Gaur egun estu gabilz, gure aurrekontuagaz Frantziako Tourrean burua erakustea ez da erraza; berbarako Beloki, Gonzalez de Galdeano anaiak eta Osa anaiak gure taldean izan beharko geunkez baina hori ez da posible, ezin deutsegu eskatzen dabena pagau. Guk geuk kantereari eutsiko deutsagu baina badakigu kanteratik datozenei eustea be ez dala bape erraza ze nabarmentzen eta burua erakusten hasten diranean, errepresentanteak eta enparauk tarteko, diru piloa mobiduten da. Guk ezin dogu burua galdu.
6. Gaur egun 24 txirrindulari dagoz taldean, gehienak bizkaitarrak (13), gipuzkoarrak (5), nafarrak (2), arabarrak (3) eta Asturiarra (1). Roberto Laiseka da hasieratik dagoan bakarra. Taldeak beti eutsi deutso bere filosofiari, hau da, bertoko txirrindulariak hartu eta eurekaz behar egiteari. Dana dala, beste kirol batzuetan lez, txirrindularitzan be fitxaketak eguneroko kontua dira. Euskaltel-Euskadik orain arteko bideari ekingo deutso aurrerantzean?
Bai, duda barik. Hori bai, mundu guztiari ez jako txupetea ahoan ipini behar. Gure taldeak ez dauka zerikusirik ganerako taldeakaz; gure atzean herri oso bat dago eta filosofia horri derrigor eutsi behar deutsagu ze hori barik Euskadi izenak ez dauka zertan izan.
Taldean bizkaitarrak dira gehienak eta horren arrazoia argia da. Gure lehenengo esponsorra Euskaltel da baina bigarrena Euskadi da eta horri eusten deutsagu Fundazinoaren 3000 bazkideei, enpresa desbardinei eta erakundeei esker; Araba eta Gipuzkoari aukerea emon jaken baina ez eben aitu 'Batzen gaituen taldea' dala gurea, Euskadi izenagaz bakarra. Bizkaiko Aldundiak hasiera-hasieratik bultzatu eban proiektu hau eta hiru kaja edo bankuen artean, BBK da laguntzinoa emoten dauen bakarra, hasieran Vital-Kutxak zeozertxu lagundu baeban be.
7. Oraintsura arte, profesionaletan euskal talde bakarra zan Euskaltel-Euskadi baina aurten Labarca2-Baque taldea sortu da. Konpetentziagaz, Euskaltel-Euskadik indarra galduko ete dau?
Ez, ez, ez. Txirrindularitza mailan euskal talde bi egotea hoba izango da bakarra egotea baino. Talde bion artean errespetua behar da eta danon artean egitea euskal txirrindularitzearen alde.
8. Taldeak gaur egun 3000 bazkide inguru ditu baina Euskaltel lako etxe baten babesa nahitaezkoa da aurrera egiteko. Euskaltelegaz sinatutako kontratua datorren urtean amaituko da eta, kirol arloan, 18 txirrindulariri kontratua amaitzen jake aurten. Panorama eskasa. Kontratua barritzeko negoziazinoak edo babes aukera barriak aztertzen hasita zagoze?
Euskaltelegaz sinatutako kontratua datorren urtean amaituko da eta oraingoz ez dot pausurik emon; Frantziako Tourrean parte hartzeko gonbidapena jaso ezkero, orduantxe inogaz baino lehen Euskaltelegaz hasiko gara kontratua barriztuteko aukerak aztertzen. Kontua ez dago erraz ze zoritxarrez Euskadi izenagaz batera euren publizidadea agertzea ez dabe gura izaten enpresa askok.
Beste alde batetik, 18 txirrindulariri amaitzen jake kontratua eta badakit askok ez dabela salidarik izango eta askok urtebeterako sinatuko dabela. Beste talde batzuen eskaintzak be izango ditue batzuk mahai gainean. Hortik aparte, gazterik ezin da pasau ze gazteei derrigor egin behar jake pare bat urteko kontratua.
9. Euskadi-Fundazinoak 10 urte egingo ditu aurtengo udan. Zelako balantzea egiten dozu?
Ezer baino lehen eskerrak emon gure 3000 bazkideei eta lagundu deuskuen guztiei, eurek barik ezinezkoa izango zalako proiektu hau. Lehen be esan dozu, kirol arloan Roberto Laiseka da hasieratik taldean dagoan txirrindulari bakarra baina proiektu honetan, neu naz geratzen nazan bakarra. Hamar urte horreetan gauza asko pasau dira, onak eta txarrak beharbada gehiago txarrak onak baino. Talde honetan mundu guztiak pentsetan dau eskubidea dauela eskua sartzeko eta hortik etorri dira alderik txarrenak. Momentu onak be asko izan dira, zelan ez. Hamar urte egin doguz burrukan eta beste hamar urte be aguantau geinkez, talde honen atzean herri bat dago eta herria pozik eukitea erraza ez bada be, ahal dogun guztia egingo dogu; hori bai, taldean gauzak beste modu baten planteau behar dira, honezkero hasita gagoz taldeari beste forma bat emoten.
10. Aurten Lance Amstrongek 5. Frantziako Tourra irabazi leike. Nor izan daiteke aurten amerikarraren arerio gogorrena?
Igazko moduan ibilten bada, Armstrongek ez dau areriorik izango. Gero, izen asko aitatu leitekez: Beloki 2. eta 3. be geratu da eta kontuan hartzekoa da. Igor Gonzalez de Galdeano be bai eta burua asentetan badau Ulrich bera be ez dogu ahaztu behar.
11. Euskaltel-Euskadi aurten Tourrera joango ez balitz, taldearentzako porrota izango litzateke?
Bai, bai, porrot handia. Azken bi urteotan ilusionau egin doguz bai zaletuak, bai Euskaltel eta bai ganerako etxe babesle guztiak eta orain ezin deutsegu hutsik egin. Euskaltelek ateak zabaldu euskuzan bere momentuan eta pozarren gagoz emondako laguntzinoagaitik baina babeslea pozik izateko taldea Tourrean egotea oinarrizkoa da, gero geroakoak; Euskadi izenagaz batera joateko beste etxe babesle bat topetea benetan gatxa izango litzateke; beste bide bat izan daiteke Euskadi egitea taldearen jaube baina horretarako Euskadiko gobernua eta erakundeak inplikau beharko litzatekez. Kontua da ze mundu guztia doala Euskaltelen eta ganerako erakundeen errapera esnea ataraten...
Koldo Isusi Zuazo