Antxina-barri  IV. urtea // 144. zenbakia

Belengo portalian


Lehenengo jaiotzak

Badakigu gaurko jaiotzen antzerako lehenengoak edo lehenengoetarikoak behintzat Zisterreko fraileek egin ebezala eta berez lehenengo jaiotzea Asisko San Frantziskoren ardurea izan zan 1223. urtean.

Gero Giovanni Velita 'Greccioko Jauna' deitutakoaren kasua be badaukagu. Gizon honek bere etxe ondoan jaiotzea antolatzea agindu eban, berez etxe partikular bateko lehenengo jaiotzea izango zana antolatuz. Kondaireak dinoanez, lehenengo jaiotza hau jarritako lekuan eregi eban gero Asisko San Frantziskok bere egoteko lekua.

Jaiotzen ezaugarriak

Jaiotzen historia alde batera itxita badagoz jaiotzetan normalean jarten doguzan ezaugarri batzuk eta honek be ikuspegi historiko batetik aztertzea merezidu dau. Besteak beste honexek dira:

- Askea: hauxe da jaiotzetan agertzen dan gauzetatik lau ebangelistek aitatzen daben gauza bakarra.
- Kobazuloa. Berez kobazuloaren aitamenak lehenengo kristinauen denporetara eroaten gaitu, dakigunez Erroman izandako lehenengo kristinauek koba zuloetan batzen ziralako. Europa zein Asiako hainbat herrietan oraindino Kristinautasuna zabal ez zala eta Kristo zaleek kobazulo eta leku eskutuetan egiten ebezan euren batzarrak. Kristinautasunak ohitura hori kontuan hartu eta bereganatu egin eban. Kobazuloagaz adierazo nahi da, jaio barria benetan egoera berezian jaioten zala, ezelako ondasunik barik, pobreen artean. Kobazuloak emoten eban ideia hori eta mendebaldeko herrietara egokitutakoan kobazuloa kortea bihurtu zan, etxeetan dan lekurik eskasena modura.

- Astoa eta idia be agertzen ziran kortearen ideiagaz batera. Baina euren agerpenak beste esangura batzuk daukaz eta Kristinautasuna zabaldu aurretik egozan beste sinismen batzuekaz lotzen dau Jesus. Hau da lurreko hainbat lekuetan egozan sinesmenek abereak sarri aitatzen ebezan eta Kristinautasunak bereganatu eta Jesusen jaiotzeagaz lotu dauz.

- Errege Magoak. Ez dago Hiru Errege Mago bako jaiotzarik. Baina honeek hiru ziranik ez dago argi ezta erregeak ziranik be. Esaterako Baltasar Errege Magoa ez zan lehenengo idatzietan agertzen.

- Izarra. Errege Magoek hartu behar eben bidea erakusten eutsen izarrak. Mateok ez dau aitatzen eta izar honen esangurearen gainean be badira eztabaidak; batzuentzako: Venus da. Baina kontua da Jesus jaio zanerako ezagun ebela Venus beraz ez eben era berezian aitatuko. Beste batzuen ustez, Halley kometea da, baina hau arinago pasautakoa zan. Azkenik, Johanes Keplerrek 1606an Jesusen jaiotzan agertutako izarra Lurra, Jupiter eta Saturno bateratzearen ondorioa zala esan eban, hau pasaukeran izar disdiratsu modura ikusten diralako. Bitxikerai lez, hori egia ete dan ikusteko aukerea be badaukagu, hori bai 2198. urtera arte itxaron beharko dogu. Baina ordurako ez dakigu oraindino jaiotzak jarteko ohitureak iraungo dauen. Beharbada bai. Baina ez gara asko egongo lurrean hori baieztatzeko.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Museoko teknikaria

Gabonak badoaz eta eurekaz batera egun honeetan izaten doguzan hainbat ohitura, besteak beste, erregaluak, argiak, eta jaiotzak. Azken honen gainean argibide batzuk botako doguz hurrengo lerroetan.

Jesusen jaiotzea

Gabonetan Jesus umearen jaiotzea ospatzen dogu eta ospakizun hau da Kristinautasunaren ospakizunik garrantzitsuenetarikoa, Aste Santuagaz eta beste egun berezi batzuekaz batera. Baina ez daigun pentsau hau betidanik holan izan danik.

Kontuan izan, Jesusen garrantzia Jaungoikoa gizon egin eta gizakiakaitik bizitzea emotera etortea dala, hau da, hilteko prest egoala, beraz kristinauentzako ospakizunik handiena Jesusen heriotzearena izango litzateke, hau da, Aste Santua. Gogoan izan Jesusen bizitzearen barri emoten dabezan testu nagusiak, hau da Ebanjelistak idatzitakoak be ez deuskula zehaztasun larregirik emoten Jesusen jaiotzearen gainean eta esaten dogunaren adibiderik argiena, Jesusen jaiotzearen dataren inguruan dago, izan be, zehaztasun eza da nagusi.

Kristinautasuna zabaldu eta lehenengo mendeetan Jesusen jaiotzearen datak ez ziran era berezian ospatzen eta IV. mendean, Nizeako Kontzilioaren ostean (325. urtea), Jesusen jaiotzea ospatzen hasi ziran. Orduan Claravaleko Bernardok, fraile zisterzienseak Jesukristoren bizitzako hainbat atal proposatu ebazan gurtutzeko eta horreen artean jaiotzearen momentua egoan.

Jesusen jaiotzearen ospakizunak gizarteratzeko beharrezkoa eban Eleizeak lehenengo eta behin jenteak jaiotza horren zehaztasunak ondo ezagutzea. Horretarako, Kristinautasunak hainbat bider erabili ebazan antzerki erako saioak. Antzerki horreetan Jesusen jaiotzearen aurrekoak (Mariaren haurdunaldia, Joseren bizimodua...) agertzen ziran. Gero jaiotzearen barri (lekua, ingurua, bisitariak...) eta azkenik jaio barriari jazotakoak (Herodesen asmoak, Egiptorako bidaia...). Gero antzerki horreek txontxongilo eta andrakilen bitartez hasi ziran aurkezten gaur egun antolatzen doguzan jaiotzen antzera, eta gitxi gora behera jaiotzen ohiturea era honetara hasi zala esan geinke, data eta baldintza zehatzak jakiterik ez dagoan arren.