Aurrekontuak onartu ta gero bestelako akordioak posible ete dira?
IƱaki Atxutegi
Ez dakit nik urteko barririk garrantzitsuena izan ete dan ala ez. Batzuek holan ikusi gura izan dabe. Ezin da ukatu, halanda be, hurrengo hilebeteetan eragina izango dauela joan dan astean Legebiltzarrean jazotakoak. Gogoratu daigun sozialistek aldeko botoa emon deutsela Eusko Jaurlaritzako aurrekontuei. Ikuspuntuen arabera, zeozer, jarrera bat apurtu dala edo zeozer zabaldu dala esan leiteke.
Duda barik, holako erabagi bat pentsauezina zan orain urtebete. Seguru dagoz politikan adituak diran guztiak ez dala puntu honetan geratuko alderdi bien arteko adostasuna, pausu honen atzetik beste batzuk etorriko dira eta.
Beste alde batetik, jazoerea normaltasun politiko baten barruan kokatu beharko geunkela pentsauko dau baten batek. Madrileko Gobernuak arazo larriak daukaz Diputaduen Kongresuan eta Senatuan bere kontuak atara ahal izateko. Are gehiago, Catalunyako Estatut barriaren eztabaidearen korapiloa askatu ezinda dabilzanean, ezin eben espero sozialistek laguntza haundirik ERC bere aliatuaren aldetik. Honexegaitik behar ebazan jeltzaleen botoak euren kontuak atarateko. Ez jakez merke urten botoak. Abiadura Haundiko Trena aurrera atarateko finantziazinoa emon behar izan dau Madrileko Gobernuak boto horreen truke. Testuinguru honetan, Eusko Jaurlaritzearen aurrekontuei aldeko botoa emotea be normaltzat jo beharko geunke.
Orain arte harritzeko moduko ezer. Honeek kontuak politikan normalak badira be, badagoz mahai azpitik joan leitekezan beste kontu batzuk. Hain zuzen be, bozeroaile sozialista eta jeltzale batzuen esanetan, pausu hau garrantzitsua izanda, garrantzitsuagoak izan leitekez jarraian emon beharreko beste urratsak. Bai Imaz jeltzalea zein Pastor sozialistea oso baikor agertu izan dira aurrerantzean bakegintza ta normalizazinoaren ganean lortu beharreko akordioen inguruan. Jeltzaleak eta sozialistak akordioak lortzearen alde dagozala ezin da ukatu. Kontua da ez dakigula zertan oinarrituko diran horreek akordiook. Sozialistek behin eta barriro esaten dabe bakegintza eta normalizazinoaren ganeko akordioak legearen barruan egin behar dirala. Jeltzaleek azken urteotan aldarrikatu daben erabagiteko eskubidea, ostera, ez da inondik inora Espainiako legeriaren barruan sartzen. Ibarretxe lehendakariaren plana be ez. Eta hor erdiko biderik ez dago.
Lehendakaria oso ixilik egon da azken asteetan. Batzuen eretxiz, prudentziak bultzatuta. Beste batzuek ez dabe lotura handirik ikusten azken egunotako adierazpen eta azken urteotan zehar Ibarretxek adierazotako jarrerakaz. Bestalde, ez dau emoten EA eta EB oso pozik dagozanik lortutako akordiogaz. Duda barik, zenbat eta sintonia gehiago sozialista eta jeltzaleen artean orduan eta zalantza gehiago alderdi bi horreentzat.
Ezker abertzaleak, bere aldetik, ez dau zalaparta handiegirik atara. Seguruenik, hemendik aste gitxira BECen izango dan ekitaldi politikora begira egongo da, hau izan leiteke eta bere etorkizun politikoaren ganean unerik erabagikorrena. Ez dakigu eragile politiko guztiek bestelako egoera politikoari aurre egiteko moduan egongo ete diran. Nire ustez, 2006. urte barri honetan aldaketak baino eraldaketak gertatu leitekez. Jakina, onerako eraldaketea eta jarrera aldatzea beharrezkoa izan daiteke. Baina, edozein kasutan be, ondo etorria izan daitela itxaropena!