Saraband
Nazinoarteko zinematografiaren gaur egungo egoerea kontuan hartuta, Ingmar Bergman zuzendari handiaren pelikula barri baten emonaldira joateko aukerea pribilegiotzat hartzen dabe askok eta askok.
Kritikariek, pelikula honen ganean berba egikeran, zuzendari suediar ospetsu honen 'testamentua' eta 'ondarea' dala aitatu dabe behin eta barriz, filmik ez zuzentzeko emondako berbea betetea gura balebe legez.
Saraband, egia esan, 2003an telebistarako errodauriko pelikulea izan zan. Estreinaldia hainbat luzatu da, Bergman-ek berak halantxe eskatu dauelako; halanda ze, urte bi baino gehiago itxaron behar izan da pelikula hau zine aretoetako pantaila handian ikusi ahal izateko.
Honako hau biluzik eta gorabehera handi barik aurkeztutako zinea dogu; dan-dana, azaleko xumetasun eta apaltasunez filmauta dago; apal-apala emoten dau, barruan gordeten dauen konplexutasuna gorabehera.
Saraband-ek guraso eta seme-alaben arteko maitasun eta gorroto grinatsua erakusten deusku, guzur eta disimulu barik, baina inor epaitzeke. Filma bederatzi kapitulutan aurkezten jake ikus-entzuleei, zinemagintzan ezohikoa dan egitura interesgarri bati jarraituz.
Tarte huts eta intimistei esker, Bergman-ek benetakotasunaren usain sakona daukan istorioa atondu dau, kontakizun gordina eta gogorra, baina soiltasun harrigarri batez apaindua. Ez da ikusteko erreza, baina bai distiratsua.
Joseba Terreros
- Zuzendaria eta gidoia: Ingmar Bergman.
- Herrialdea: Suedia.
- Iraupena: 107 minutu.
- Antzezleak: Liv Ullmann (Marianne), Erland Josephson (Johan), Börje Ahlstedt (Henrik), Julia Dufvenius (Karin), Gunnel Fred (Martha).
- Argazkia: Raymond Wemmenlöv, Per-Olof Lantto, Sofi Stridh, Jesper Holmström eta Stefan Eriksson.
- Muntaia: Sylvia Ingemarsson.