Ostalariak eta tabakoa
Amarruak
Legeak egiten dauenak amarrua be egin ei dau. Ostalaritzearen gremioak zirrikitu guztiak bilatuko dauz,'zuzena ez dan araudi honen aplikazinoa' ebitetako. Legezko testuak ezartzen badau 100 metro koadroko establezimentu guztiek erretzaileentzako guneak atondu behar izango dabezala, jaubeak ahaleginak egingo dauz lokalak 99,2 m2 besterik euki ez daian.' Ez dogu desobedientziaren aldeko deirik egingo, hori legearen aurkakoa dalako'. Aukera modura ikusten dabezan presino neurrien artean poliziaren telefonoak kolapsetea dago, baimenduta ez dagoan gune batean erreten dabilen bezero bat dagoala salatzeko deien bitartez. Dana dala, hori hipotesi bat besterik ez da.
Tabakoaren kontrako legeak ez-erretzaileentzako gunean zigarroa biztuten daben personei 30 eurotik 600era bitarteko isunak ezartzen deutsez. Baina, enpresabururen bati 601 eurotik 10.000 eurora bitarteko zigorra ezarri ahal izango jako, gune horreetan erretea ahalbideratzen badau hutsegite batengaitik edo erreten dabilen personea ez ikusteagaitik. 'Ostalariak familiaren eta gizartearen jagoleak izango dira. Eskatzen doguna erreza da: erreteko ardurea eta erantzukizuna araua urratzen dauen personearena besterik ez izatea'.
Ostalaritzako Federazinoak zorrotz kritikau dau legea, arautegi barriak sektore honetako enpresaburuak diskriminetan dauzelako legea apliketako epeei jagokenez; izan be, lokalak egokitzeko epea zortzi hilabetekoa baino ez da izango. Beste gremio batzuen aldean daukiezan desabantailak dirala eta (motorren kiroletan tabakoaren publizidadea kentzeko epea hiru urtekoa izango da), sektore ekonomiko honetako profesionalek euren asmoak jakinarazo gura izan dabez: 'Inork ez daiala pentsau legezko testu hau ostalari gixajoari baino ez deutsiela ezarriko'.
Bien bitartean, urtarrilaren 1eko goizaldean ia ez da igarri tabakoa erreteko debekua. Ikusi beharko da zelan beteten dan aste honetatik aurrera.
Begiluzea
Urtarrilaren 1ean tabakoaren kontra indarrean sartu dan lege barriak hautsak harrotu dauz ostalaritzan, eduki 'diskriminatzailea' eta 'kaltegarria' ei daukalako. Euskal Autonomia Erkidegoko Ostalaritza Federazinoko idazkari nagusiak, Ángel Gagok, gogor kritikau dau araudi hau; izan be, beraren esanetan, ostalaritzako enpresaburuak 'gizarte eta familiaren jagoleak' izango dira eta 'legea betearazoteko amarru eta urtenbideak dagozala' aitatu gura izan dau. Egia esan, ezin da argiago esan: 'gure ustez, legea oztopatzeko eta haren aplikazinoan egon daitekezan akatsak erakusteko legitimauta gagoz'.
Arlo honetako profesionalak harrituta dagoz legezko testu hau abian iminteko presa handia dala eta; ostalarien eretxiz, osasunaren ganeko eztabaidea beste jokaleku batean eroan behar da aurrera. Erreteari ixteko erabilitako prozedurea 'ez da egokia' eta arlo ekonomiko honi % 5 inguruko 'galera ekonomikoa' ekarriko deutso.
Ostalariek sano gatx ikusten dabe lege hau indarrean sartzea aste honetan, euren ustez beharrezko artikuluak 'erkidego mailako arautegien bitartez' garatu behar diralako. Puntu honetara ailegauta, Gagok ironia erabili eban araudi korapilatsu baizen eztabaidagarri hau martxan iminteko ezintasuna azaldukeran. 'Benetan inork pentsetan dau Eusko Legebiltzarrak Gabonetan egingo dauela behar auzi hau konpontzeko?'.