Euskerea berbagai  IV. urtea // 143. zenbakia

Euskalgintzea, hurreratu haite erdaldunengana!


Saioa amaitzean, urteetan euskerea ikasten edo ari diran hainbat ikusi dot auzoko tabernan. Pozik ikusi dodaz, euren buruaz harro. Totelka bada be euskeraz zelan berba egiten daben entzun deutset: 'Inguruko lagun erdaldunek euskeraz ez jakiteagaitik inbidia agertu deuste estrainekoz. Baina horrezaz aparte, nire euskereagaz arrotz sentiduten nintzan lur eremu honetan, lehenengo bider, etxean sentidu naz, erakustazokan batu diranek etxeko bihurtu nabe, orain arte igarri ezinean nenbilen zeozeren partaide nintzala erakutsi deuste. Horregaitik bakarrik, zailtasunak gorabehera, apartau beharreko langen ganetik eta azpitik, euskereagaz egin dodan bideak merezi izan dau!' inoen horreetariko batek.

Bertsolaritzeak irriñoa egin deutse duda barik euskerara hurreratu diranei eta gerturatu ezkero irabazteko ezer gitxi eukela uste ebenei, eta bete-betean asmau dau. Joandako gizarte eta denborakaz euskerea eta bertsolaritzea lotzen ebenek euskerea eta bertsolaritzea, besteak beste, gaurkoa, erakargarria dirala ikusi ahal izan dabe. Hor dago euskeradunak euskaldun bihurtzeko bidean eta horretara ailegau ez diranengana gerturatzeko segidu beharreko bide zidorra, dan-danok egin beharrekoa.

Erramun Osa

Barakaldon, ez Bilbon, eregitako erakustazokan Bertsolari Txapelketearen azken saioa burutu da. Antolaketa bikainaren eta giro ezin hobearen inguruabarrean burutu da dana eta Andoni Egañak eskuratu dau barriro txapela. Halan da be, bertsolarien jardunak ez dauka kirolagaz zer ikusirik, ezpada kulturgintzeagaz, eta, haren edo beste horren markea ontzeko preminarik ez dau euki ez Egañak, ez eta beragaz batera jardun dabenek. Baina, Txapelketearen azken saioaren xehetasunak aparte itxita, urte honetan burututakoek egin deutse euskereari eta euskal kulturgintzeari be aparteko ekarpenik. Erdal eremura hurreratzeko eta haren atentzinoa erakarteko aparteko ahalegina egin da eta horixe da, neure eretxiz, aurtengo txapelketeak egin dauen ekarpenik azpimarragarrienetakoa.

Barakaldo eta inguruko herriak aitatzean erdal eremu peto-petotzat hartzen dabe guztiek. Estaduko beste lurralde batzuetatik etorritakoen osteko belaunaldiek euskerara hurreratzeko egin daben ahalegina gitxietsiz, galdutako eta berreskuratu ezinezko eremutzat hartu izan da askotan, eta hori ez da holan. Barakaldo eta inguruko herriak, Bizkaiko uriburua barruan dala, euskerearen bidean urratsak egiten ari dira. Horrenbeste ze egun, besteak beste, Barakaldon, Ondarroan baino euskaldun gehiago dagoan. Halan da ze euskaldunak izan badira, baina erdal itsaso zabalean ez dira horren erraz igarten.

Euskereak gune urbanoetan egin dau aurrerakadarik nabarmenena, baina, aldi berean euskerea gune horreetan dago egoerarik gatxenean. Izan be, euskeraz dakienek euskeraz egiteko oso aukera gitxi daukie, sakabanatuta dagoz, eta holako baldintzetan oso gatx egiten da euskerearen erabilerea bultzatzeko harreman-sareak eregitea eta trinkotzea. Inguru horreetan, gazte belaunaldiak dira euskaldunenak, baina, euskaltegiek urteetan egin daben lanaren podezuz, persona heldu askok be euskerea ikasi dau, baina, dentsidade demolinguistikoa urria da oraindino. Gauzak holan dirala, orain arteko ahaleginak indartu eta bizkortu behar izango dira hamarkadetan galdutakoa beste hamarkada batzuetako jardunaren bidez itxuraldatuko bada.

Barakaldo eta inguruko udalek, kasu askotan, udal euskaltegirako bideratzen dabezan baliabideak dira udalok euskerearen alde egin ohi daben ustezko apustuaren erakusgarri. Baina, euskereak hori baino gehiago behar dau, danetariko jardueren bidez askozaz nabarmenago egon behar dau, bestelako egitasmoak eta baliabideak be behar dauz, baina, halakoetarako, sarritan, borondate politikoaren faltea da igarten dana. Testuinguru horretan, euskeradunak izan arren, erabilera eremu zabal baten eta babes instituzional eragingarriaren faltan, euskereari eustea gatxa da.

Erdi izkutuan dagoan errealidade hori agerian jartzeko, indartzeko, prestigietako eta erdal munduak inguruan ebilkona zer zan ez ekianez, interesa be bizteko balio izan dau, tarte baterako behinik behin, Txapelketeak. Euskerearen kontuak umeez ganera jente heldua badaukala erakutsi izan da holan. Kontu txiki eta haundietarako, erakargarrietarako geure hizkuntzeak balio dauela erakutsi jake erdaldunei, eta honeek, euskeraz ez jakiteagaitik zeozer galtzen ari zirala igarri dabe lehenengoz era nabarmenean. Berebat, euskerearen bidean ahalegindu diran askorengan be euki dau eraginik, barruko sentimentuak askatuz, nor edo nor badirala agertuz.