Euskaldunok munduan  II. urtea // 19. zenbakia - 2003ko zezeilaren 1a

Luciano Basauri berangoztarra, Txileko neurozirujauen artean onenetarikoa


Venezuelako gobernuak, abade euskaldunek zuzendutako unibersidadeari emoten deutson laguntzinoa bertan behera itxi dau oraintsu.

Hugo Chavez presidenteren gobernuak, UCAB, Universidad Catolica Andres Bellori emoten deutson laguntzinoa eten egin dau, pasa dan abenduaren 2an hasitako greban parte hartu ebalako.

Luis Ugalde, UCABeko errektoreak, laguntzinoa bertan behera ixteko neurriak ikasleei akademiari baino kalte handiagoa egiten deutsela esan eban 'El Nacional' egunkarian. Aitagarria, 2500 ikaslek jasoten dituela dirulaguntzinoak, 'Pensiones Proporcionales' programearen bitartez, bakotxaren maila soziokonomikoa kontuan hartuta.

Orain arte, matrikula kostuaren erdia ikasleek pagetan izan dabe zatika eta beste erdia Estaduko eta Unibersidadeko administrazinoaren ardurea zan. 2002. urteko emoitzea 5000 miloe bolivarrekoa izan zan. 'Gobernuari 1500 miloe bolivar eskatu geuntzozan baina 610 emoteko konpromisoa hartu eban; laguntzino hori 12 hilebetetan emotekoa zan eta oraindino horreetako 3 zor deuskuz' adierazo dau Ugaldek. Edozelan be, Klaserik emoten ez dan bitartean, ikasleei ez jakela matrikulea kobrauko zehaztu dau Ugalde jn.ak.

Bizkaie!
eitb.com
Euskaletxeak Virtual

Txileko oso aldizkari garrantzitsu batean Ameriketako zirujau famatuenen zerrendea agertu da eta horreen artean, Luciano Basauri euskalduna, Berangoko familia bateko semea agertzen da.

Txileko bost espezialista baino ez dira agertzen artikuluan eta Ameriketako Neurozirujauen Alkarteko edo CNS (Congress of Neurological Surgeons) neurologoen biltzarreko kideak dira bostak. Euren artean dago Luciano Basauri beteranoa, hurrengo belaunaldien trebatzaile.

Luciano Basaurik 70 urte ditu eta astero sei ebakuntza egiten ditu oraindino. 1994. urtean, ebakuntzak ordenagailu bidez egiten hasi zan eta 2000ko martian, estaduko klinikarik handienetako batera, Los Condes klinikara eroan eban nabegazino birtualerako ekipoa. Txilen ez dago beste inon holako ekipamenturik. Huts egiteko arrisku barik esan daiteke Luciano Basauri Txileko neurozirujau birtual bakarrenetakoa dala eta munduan onenetarikoa.

Eusko Jaurlaritzea munduan zehar

Datozen hilebeteotan ordezkaritzea zabalduko dau Madrilen Eusko Jaurlaritzeak, besteak beste, bere interesen alde egiteko, urian ordezkaritzea daben beste Autonomia Erkidego eta erreginoetako ordezkariekaz hurreko hartu-emonak bideratzeko, Euskadiren ganeko europar politiken jarraipen zehatza egiteko eta euskal errealidadea espainiako uriburuan zabaltzeko. Oraintsu ezagutarazo dau barria Josu Jon Imaz Jaurlaritzako bozeramaleak eta zehaztu gura izan dau munduan euskal presentzia bultzatzeko helburua dauen programa zabalago baten barruan kokatu behar dala erabagi hori. Esangura horretan, lehenengo pausua orain hilebete batzuk emon eben Mexikon ordezkaritzea abiarazotea araupetzen dauen dekretua onartuz; geroago, Txilen, Argentinan eta Venezuelan zabalduko ditu ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzeak.

Basque Electronic Diaspora III

Euskal Herrian ez da inoiz musikagile eta abeslari faltarik egon. Denporan atzera eginaz, 'Ez Dok Amairu' da gehienoi burura jatorkun erreferentzia baina lehenago be baziran musikariak eta musikazaleak jakina. Gaur egun, eskaintza zabala dago eta oraindino gogotsu dabilzan dinosauro batzuen ondoan, musikari gazte-gazteak be badabilz, joera barrietan eta barritzaileetan euren ekarpenak egiten; beste alde batetik, arrazoi bategaitik edo besteagaitik, gure mugetatik kanpo euskal musikari asko bizi dira eta 1999. urtean, munduan zehar dagozan euskal musikari horreen beharra jaso guran, 'Esan Ozenki Records' diskoetxeak 'Basque Electronic Diaspora' diskoa atara eban, euskal musikari elektronikoen beharra jasoteko. Urtebete geroago, Esan Ozenki diskoetxea desagertu eta 'Metak' izenekoak hartu zituan harek itxitako lekua eta Basque Electronic Diaspora proiektua. 2000. urtean etorri zan II. diskoa eta oraintsu, barriz, III.a atara dabe, disko bikotxa ganera. London, Toulouse, Buenos Aires, Edinburg eta Paris lako urietan bizi diran 26 euskal artisten kantuak dakarz III. disko horrek. Musika elektronikoa ugari beraz eta house, funk edota groove estiloetako kantuak zenbat-gura; esperimentazinoak be badauka bere lekua disko honetan eta, duda barik, erreferentzia garrantzitsua da Euskal Herriko new wave musikala ezagutzeko.

'Begiraleak', Donibane Lohitzuneko dantza taldea Argentinara

Argentinako, Paranako Urrundik Euskal Alkarteak harrera beroa egingo deutso apirilean 'Begiraleak', Donibane Lohitzuneko dantza taldeari. Iparraldeko taldeak datorren apirilean ekingo deutso bira erraldoiari Argentina eta Uruguayn eta Buenos Aires, Montevideo, Salto eta Konkordia lako urietan aurkeztuko dabe euren dantza ikuskizuna. 'Begiraleak' taldeko Administrazino Kontseiluak Argentinako 'Urrundik' Euskal Alkartea izentau eban birearen antolakuntzea bideratzeko eta dagoeneko prest dago egitaraua. Paranako 'Urrundik' Alkartea euskal kultur alkarterik zaharrenetakoa da, izan be, 1935. urtean jaio zan euskal tradizinoei eusteko asmoagaz eta berenberegi euskerea, euskal kantuak, dantzak eta antzerkia bultzatzeko asmo garbiagaz. Gaur egun, alkartearen sorrerako momentuetan legez, gogotsu dabiz beharrean.