Jose Angel Iribar: 'familia handi bat da Athletic'
José Ángel Iribar Cortajarena zarauztarrak 1962ko irailaren 23an debutau eban Athletic talde nagusiagaz Malagaren kontrako partiduan.
Lehen mailan 466 partidu (41.551 minutu) jokatu ditu eta oraingoz inork gainditu ez dauen markea da.
Jokalari internazionala, Espainiako selekzinoagaz 49 partidu jokatu ebazan eta 1966ko Ingalaterrako mundialean parte hartu eban. Eurokopea, barriz, 64an irabazi eban.
1980an erretirau eta Athleticeko beheko mailetako taldeak entreneteari ekin eutson. 86-87 denporaldian, barriz, talde nagusiko entrenatzaile izan zan.
Errege Kopa bi irabazi ditu Athleticegaz 69an eta 73an eta UEFA Kopako txapeldun orde izan zan Athleticegaz 76-77 denporaldian.
Jose Angel Iribarrek jaso dituan sarien artean, Sabino Arana saria, Zamora saria eta oraintsu, erretirau zaneko 25. urteurrenean, ibilbide osoa sarituz, Bizkaia saria nabarmenduko geunkez.
Azken urteotan Euskadiko futbol selekzinoaren entrenatzaile lanetan dabil eta Athleticeko presidentearen alboko zereginetan.
Mitoagaz eta munduko atezainik onenetako bategaz berba egin dogu eta hona hemen berak kontau deuskuzanak:
1.- Jokalari, entrenatzaile zein zuzendaritza lanetan 43 daroazuz Athletic taldean. Gipuzkoar bizkaitartua zaitugu. Momentu on eta txarren artean zeintzuk nabarmenduko zeunkez?
Bai, 43 daroadaz Athletic taldean eta Bizkaian eta oso gustora nabil. Momentu on horreen artean aurretik jarriko neuke Athleticegaz fitxau neban momentua, hori niretzat eta familiarentzat, gehienbat aita zanarentzat amesa betetea zan. Etxean danak ginan Athletic zaleak, Zarautzen asko ziran moduan eta gaur egun be asko dira Bizkaitik kanpora Athletic maite dabenak.
Horrezaz ganera, Athleticen inguruan topau dodan jentea be zoragarria, eredugarria izan da eta izen batzuk aitatzearren, nik asko estimetan dot Telmo Zarra, helduen taldeko ohorezko presidentea.
Jakina, aurretik final bitan huts egin ostean, 69ko Kopa txapelketea irabaztea be ederra izan zan eta ez daukat ahaztuteko. Urteak eroiazan Athleticek Kopa irabazi barik, zaletuak zain egozan, urduri eta baita geu be eta, azkenean, sekulakoa izan zan. Lehendik be Athletic zer zan jakin arren, zaletuen erantzuna eta poza ikusita berehala jaubetu nintzan Athletic lakorik ez egoala inon eta, ‘hemen merezi dik egoteak eta biziteak’ pentsau neban.
Momentu txarrak ahaztutea izaten da onena, baina horretarako zagoze zuok holakoak gogorarazoteko. Duda barik gogorra izan zan 78. urtea; Kopako finalean, Betisen kontra galdu egin genduan (luzapenaren ostean, nik neuk azken penaltia jaurti, Esnaolak gelditu eta gero Esnaolak niri sartu eustan gola) eta UEFAko finalean, Juventusen kontra be bai.
2.- Athleticek bere filosofiari eutsi behar leuskio beti? Hobe 2. mailan kanpotarrak fitxetea baino?
Athleticen filosofiagaz oso konprometiduta nago taldeko zuzendaritzeagaz batera eta, oro har, gizarteak, zaletuak be horretan bat datozela uste dot. Danok konturatu gara bereizgarri horretan sekulako indarra daukagula, filosofia horrek zaletuen eta gizartearen barruko sentimentuetan eragina daukala eta horri eutsi egin behar jako ezelako duda barik. Filosofia hori erronka handia da, motibazino berezia eta zaindu eta landu egin behar da.
Bigarren mailara bajetako aukerea burutik pasau be ez jat egiten; badakigu edozein joan daitekena, baina atzerritarrak fitxetea ez da bermea 2. mailara ez bajetako. Jakina, badagoz egon irabaztea besterik gura ez daben zaletuak eta kanpotarrak fitxau gura leukiezanak, baina hori egin arren be, ez dago garaipenik eta titulurik ziurtatzerik; irabazi batek baino ez dau egiten eta kanpotarrak fitxetan dabezan talde asko hor bazterrean geratzen dira.
3.- Non ikusiko dogu Athletic aurtengo denporaldiaren amaieran?
Gatxa da holako prebisino bat egitea, oraindino asko falta dalako amaitzeko. Edozelan be, aurtengo helburua taularen erdialdeko postuetan sartzea izango litzateke. Ez da lan erraza izango talde asko dagozalako helburu horregaz, baina itxaropentsu nago taldea orain aste batzuk baino hobeto ikusten dodalako, gogoagaz eta indartsu. Jokalariak konfiantza gehiagogaz ikusten dodaz eta gora egingo dogula pentsetan dot, eta Kopan be aurrera egin geinkela esango neuke bidean arerio gogorrak daukaguzan arren.
4.- Gaur egungo jokalarien fitxak astronomikoak dira, baina oso oker ez bagagoz zuk zeuk 250.000 pezeta jaso zenduzan profesional lez sinatutako lehen kontratuan. Gaur egun diruak agintzen dauela eta norberaren koloreak eta taldea defendidutea antxinako kontuak dirala uste dozu?
Duda barik jauzi kualitatiboa izan da. Baina kontuan izan, aldatu ez diran gauza bakarrak baloia, 22 jokalariak eta zelaiaren neurriak dirala; gizartea, taldeen gestinoa, ekonomia, futbola eta jokatzeko modua bera goitik behera aldatu dira azken urteotan. Lehen klubaren morroi ginan jokalariak, taldearen pentzutan gengozan eta gaur egun, barriz, jokalariak euren buruaren jaubeago dira.
Kontuak kontu, gaur egun diruak agindu arren eta gaurko eta lehengo egoeretan gorabehera handiak izan arren, gure taldean behintzat, batzuk koloreak sentiduten dabezala esango neuke; gauza jakina da gure jokalari batzuek hemen geratzea erabagi dabela kanpoan diru gehiago irabazteko aukerea euki arren.
5. Liga bi irabazi ostean, Clementek taldea itxi eta zeuk hartu zenduan Athletic entrenetako ardurea. Zelako esperientzia izan zan orduko ha?
Esperientzia ederra. Nork ez dau gura ba Athletic entrenau? Jakina, transizinoan atrapau neban taldea, liga bi irabazi ostean, eztabaida beroa Clemente eta Sarabiaren artean, klubaren barruan giroa nahastau egin zan eta ez atzera ez aurrerako egoerea bizi genduan. Lan gatxa izan zan, kirol arloan ez genduan suberterik izan, denporaldiari ondo ekin geuntsan, baina gero jokalari garrantzitsu asko lesionau ziran eta kategoriari eutsi arren, estu ibili ginan. Hori bai, sikeran Kopako semifinaletara heldu ginan eta Realak irabazi euskun.
6.- 1980an zure omenaldian batutako dirutzea euskal ikastola sortu barriei laguntzeko emon zenduan eta urteetan galarazota egon ostean, Realaren kontrako partidu batean ikurrina atara zenduan Kortabarriagaz batera. Politika zein gizarteko bestelako arlo batzuetan kirolari profesional batek jarrera argia hartzea ondo ikusten dozu?
Ezer baino lehen esango deutsut, nire uste apalean kirolariak eta politikea ez dirala ondo buztartzen; bakarka praktiketan diran kiroletan, akaso, desbardina izan daiteke, baina talde baten barruan zagozanean, kolektibo baten parte zaranean, jarrera hartzea kaltegarria izan daiteke taldearentzat. Esandakoak esanda, nik uste dot bakotxak bere nortasuna eta bere jarrera daukala, zorionez danok ez gara bardinak eta naturaltasunez hartu behar da hori. Dana dala, denporak eta egoerak aldatzen doaz eta norberaren jarrerak be bai. Aitatu dozuzan omenaldi eta ikurrinaren kontuak diktadura luze eta gogor baten osteko momentuan etorri ziran; gizarte osoa egoan konprometiduta eta kirolariok be bai; gauza askoren faltan gengozan, dana egoan zintzilik, ezer lotu barik eta danok ikusi genduan zeozelako ekarpena egiteko beharrizana.
7.- ‘El pulpo’ eta ‘El Txopo’ lez ezaguna zinan eta kantu berezia be egin eutsuen. Karisma eta indar handiko atezaina izan zinan, baina gaur egun atezainak ez dira horrenbeste nabarmentzen. Zergaitik?
Analisi sakona behar dauen gaia da. Gatxa da arrazoia topetea. Edozelan be, nik pentsetan dot gaur egun atezainak eta jokalariak, oro har, teknikearen eta preparazino fisiko eta mentalari jagokonez hobeto preparauta dagozan arren, atezainen kasuan, zuhurtzia falta jakela. Gaztetan guk kalean egiten genduan bizimodua, kirolak, jolasak, lagunen arteko tratuak, tirabirak...; listoagoak edo espabilatuagoak ginan. Gaurko ume eta gazteak bizimodua eta aisialdia sano kontrolauta daukie, gurasoek kontrolatua, hain zuzen, eta sormenerako aukerak mugatuta daukiez. Akaso hor egon daiteke arrazoia, izan be, atezaina listoa ez bada, jokoa irakurten ez badaki eta arerioak egin leikena aurreikusten ez badau, akabo.
8.- Camerunen kontra galdu baina itxura ona erakutsi eban zuk eta Mikel Etxarrik zuzentzen dozuen Euskadiko selekzinoak. Datorren maiatzean, barriz, Galesen kontra jokatuko dau Euskadik. Ofizialtasuna lortuta, non eta noren kontra jokatuko zeunke gustora?
Erraz jarri deustazu. Munduko Txapelketan, Euskadi-Brasil finala zoragarria izango litzateke, ez ala?
9.- 11.000 kirolari federatu eta 300 kirol alkarteren adostasun sinatua lortu ostean, Euskal Herriko kirol federazinoak sortzeko ez dagoala arazo legal, politiko edo juridikorik esan dau oraintsu ESAITek eta borondatea baino ez dala behar. Inoiz ikusiko ete dogu Euskadiko selekzinoa partidu ofizialak jokatzen?
Baietz pentsetan dot. Esperantza hori badaukat. Nik 79an jokatu neban Euskadigaz Irlandaren kontra, hogeita sei bat urte joan dira Euskadiko futbol taldea lagun arteko partiduak jokatzen hasi zanetik, baina gizartean gero eta sendoago ikusten dot euskal selekzinoen aldeko jarrerea. Jakina, traba asko jarten deuskuez eta ez da erraza izango, baina nik gero eta hurrago ikusten dot aukera hori.
10.- Gaur egun Athletic taldearen irudia eta enbajadorea zara. Zer da Athletic zuretzat? Zergaitik da berezia Athletic?
63 urte beteko dodaz laster eta horreetatik 43 daroadaz Athleticen. Ezin gustorago nabil eta niretzat kirol talde bat baino gehiago familia handi bat da Athletic. Hemen futbola eta Athletic herritarrakandik oso hur dagoz, aparteko sentimentua dago, alkarrenganako maitasuna. Taldearen, gizartearen, herriaren tratua eta berotasuna zelaian, kalean ez da munduko diru guztiagaz pagetan.
Koldo Isusi Zuazo