Murua fraile euskaldunak idatzitako inken historia kaleratu dabe
Iratxe Ormatza
XVI. mendean idatzi eban Murua fraileak inken historia. Muruaren liburuaren kopia bat esku pribaduetan dago eta Juan Ossio katedratiko perutarraren ekimenari esker argia ikusi dau liburuak. Juan Ossio Peruko indigenen historian aditua da eta garrantzitsutzat jo izan dau Murua frailearen liburua fakzimile moduan plazaratzea, historialarien esku egon daiten.
Sarearen bidez jakin izan dogunez, bide luzea egin behar izan dau Juan Ossiok lehenego aldiz liburua zanik jakin ebanetik eta argitaratu ahal izan dauen arte, hogeita hamabost urte, hain zuzen be. Sasoi haretan Juan Ossio Felipe Guamana Poma de Aialaren ganeko tesia egiten ebilen. Guamana indigenak inken historia idatzi eban, Muruak idatzi eban sasoian. Ossio 1970ean Peruko Liburutegi Nazionalean Guamanaren ganeko informazinoa bilatzen ebilela, Muruaren liburuko hainbat orri fotokopiatuak topau ebazan. Handik urteetara, Muruaren liburuaren kopia bat Irlandako bildumagile batek eukala jakin eban. 1996. urtera arte ezin izan eban liburua begien aurrean ikusi eta esku artean euki, bildumagilearen gazteluan, Irlandan.
'Historia del Origen y genealogia Real de los reyes ingas del Piru. De sus hechos, costumbres, trajes y manera de gobierno' izan zan Murua fraileak idatzi eban liburuaren izenburua. Fakzimileak, liburuaren moduan, 113 marrazki daukaz, inken gizarteko personaje nagusiakaz. Lau zati daukaz: lehenengoa, inkak eta erregeak; bigarrena, coyak (erregeen emazteak) eta kapitainak; hirugarrena, inken instituzinoak, eta, azkenik, XVI. mendeko 16 uri deskribiduten dauz. Errituak bere azalduta dagoz, esaterako: eguzki jainkoari andra bat zelan eskaini eta sakrifikau eben. Leiendek bere lekua daukie eta horreetako batean maitasun istorio berezia dago: eguzkia jainkoarentzat sakrifikau behar eben andrearena eta artzainarena, maitasun debekatuaren istorioa, hain zuzen be.
Muruak idatzitakoa oso garrantzitsua da, europarrak indigenen kulturea zelan ikusten eben jakiteko, izan be, ezinbestean, europarren begietatik pasetan ebazan kronikak. Muruak Guamanaren laguntzinoa izan eban liburua idazteko eta marrazkiak egiteko. Guamana eta Muruaren liburuak alkarren osogarriak dirala esan dau Ossiak. Biak ala biak 'historiografian eta artean egon zan akulturazinoaren prozesua ulertzeko tresna garrantzitsuak dira', Ossiok adierazo dauenez. Gipuzkoako Koldo Mitxelena liburutegian dago Muruaren liburua, inork irakurri nahi badau.