Musikea  IV. urtea // 142. zenbakia

Lourdes Iriondo, euskal kantagintzearen arimea, Goian Bego


Lourdes Iriondoren bakarkako disko nagusiak:

- 'Lourdes Iriondo' (Belter, 1967).
- 'Gaztedi berri-zalea' (Belter, 1967).
- 'Kanta zaharrak' (Belter, 1968).
- 'Ez gaude konforme' (Belter, 1968).
- 'Lourdes Iriondo' (Arte y Ciencia, 1974).

Liburuak

- 'Martin arotza eta jaun deabrua. Sendagile maltzurra' (Gero-Mensajero, 1973).
- 'Hego-haizearen ipuinak' (Gero-Mensajero, 1973).
- 'Asto baten malura' (Gero-Mensajero, 1975).
- 'Buruntza azpian' (Gero-Mensajero, 1975).
- 'Lotara joateko ipuinak' (Erein, 1983).

Bizkaie!

Lourdes Iriondo kantari eta idazlea, 60ko eta 70eko hamarkadetako euskal kantagintzearen ahots ezagunenetakoa, atzo, abenduaren 27an hil zan, gaixotasun luze baten ondorioz. Gaur eguerdian errautsei lur emon eta hileta eleizkizuna Urnietako parrokian izango da, arratsaldeko 18:00etan.

Etxean jaso eban musikazaletasuna, eta zortzi urtez operea ikasten ibili zan Donostian, Mari Paz Urbietagaz. Baina bihotzeko osasun arazoak tarteko ikasketak itxi egin behar izan ebazan. Parisen ebakuntzea egin eutsen 1958an. Edozelan be kantatzeari ez eutxon itxi eta 1964an Cecilio Espadagaz gitarrea ikasten hasi zan. Aurrerago, 60ko hamarkadan oso ezaguna izan zan; berak sortutakoak zein beste batzuen abestiak kantau ebazan eta arrakasta handia izan eban 'Ez gaude konforme', 'Gaztedi berri zalea' edota 'Errota zar maitea' kantuakaz, baina handik gitxira, 70eko hamarkadearen erdialdean, kantatzeari ixtea erabagi eban. Musikearen lekua literaturak hartu eban, umeentzako ipuinak idatzi ebazan, eta antzerkia be bai.

Lehenengo kantaldia 1964an eskaini eban, Andoainen, ikastolaren aldeko jaialdi batean. 1967an 170 jaialdi emon ebazan, batzuk Ez Dok Amairu taldeagaz eta besteak bakarrik. 1965eko maiatzean, Aizarnazabalgo jaietan kantau eban eta hurrengo egunean lau abesti grabau ebazan Loiola Irratirako. Urte horretan sortu eben Ez Dok Amairu, eta talde horretako kide lez euskal kantagintzea berreskuratzen eta barritzen ekarpen handia egin eban Lourdes Iriondok.

Frankismoaren azken garaian debeku eta zentsura ugari ezagutu behar izan eban eta 70eko hamarkadearen erdialdera, abesteari itxi eta beste lan batzuei heldu eutsen. Gehienbat, umeentzako literaturea jorratu eban eta hasieran musikeagaz bateratu eban. Kantatzeari itxi baino lehenagokoak dira 'Hego-haizearen ipuinak' eta 'Martin arotza eta Jaun deabrua', eta ondoren etorriko ziran 'Asto baten malura', 'Buruntza azpian' eta 'Lotara joateko ipuinak'.