Hikikomoriak, Japoniako gizartearen ispilua
Hikikomoriaren alderdirik ilunena
Japoniako gizarteak hikikomoria gero eta hobeto onartuagaitik be, sindrome honen biktimak bizimodu arrunta aurrera eroateko gauza ez diran ezkero, etsita sentiduten dira eta horrek ekintza gogorrak egiten bultzatu ohi ditu.
Orain dala urte bi, 17 urteko gazte batek bere gelatik urten, autobus bat bahitu eta bidaiarietariko bat hil eban. Beste batek ume bat bahitu eta bederatzi urtean preso euki eban bere gelan. Hikikomoriak jotako seme-alabak dituen gurasoei laguntzeko taldeetako sortzaileetariko batek, Masayuki Okuyamak, 15 urteko semea behartu eban etxetik alde egiten, amari eraso egin ostean. Gaur egun, gizon honek defentsa aerosol bat daroa aldean, semeak eraso egingo ete deutson bildur dalako. 'Ebakuntza baten ostean, etxera bueltau nintzanean, semeak esan eustan: mesedez, hil zaitez. Zure bizitza-asegurua gura dot. Hil zaitez, beraz'.
Okuyamak jasotako gutunik ikaragarrienetariko baten, ondoko esaldia agiri zan: 'Lizeoan sartu zanetik, semea indarkeria erabilten hasi zan. Egunero kolpeka eta ostikoka hasten zan; halandaze, egun baten alde egin eta autoan babestu ginan. Sarritan bainugelan egin behar genduan lo edo senideren baten etxera joan'.
Honaino, beraz, Japonian azken hamarkadan zabaldu dan gaixotasun psikologiko honen barri; antza, Japoniako arazoa baino ez da, baina garaturiko gizarte guztietan gero eta antzekoagoak diran jokabide eta portaeren zorioneko globalizazinoaren ondorioz, ez litzateke harrigarria izango gurean be honen moduko kasuak agertzen hastea. Behintzat, ez jaku txarto etorriko zeri egin beharko geunskion aurre jakitea.
Joseba Terreros
Japonian miloe bat gazte gaixotasun psikologiko bitxiagaz jota dagoz. Hikikomori izena emoten jako eta horrek japonieraz 'gizartetik baztertua' esan gura dau. Gazteek euren burua baztertzen dabe etxeko gela baten, ez dabe senideakaz berbarik egiten eta hainbat kasutan indarkeria erabilten dabe. Gaixotasuna Japoniakoa baino ez da, eta, adituen esanetan, arrazoietariko bat gazteek etorkizunari begira sentiduten daben itxaropen faltea da.
Igazlehenean, japoniar gurasoen talde bat Tokion alkartu zan, gazteen arazo larri baten ganean eztabaidatzeko. Ametariko batek adierazo eban 32 urteko semeak hamar urte egin zituala etxetik urten barik, hilean behin baino ez zala dutxetan, ez ebala senideakaz berbarik egiten eta batzuetan oso jarrera gogorra azaltzen ebala. Aitetariko batek berbea hartu eta esan eban seme gazteak bost urte eroiazala etxeko gela baten giltzapean eta suetean itxitako oharren bitartez baino ez zala komuniketan; ohar horreetan, ganera, oso mezu laburrak idazten zituan, kasu baterako 'erosi eidazue bideojokoen ganeko aldizkariren bat' edo 'isildu eizue egun osoa ahausika emoten dauen txakur hori'.
Aita-ama guzti-guztiak oso arduratuta egozan ospitale bakar baten be ez eutselako tratamenturik opesten. Zorionez, urte bi geroago, Japoniako hainbat gizarte erakunde egoera larri horri aurre egin guran dabilz. Sasaki ospitaleko Tamaki Saito psikiatra ospetsuak kalkuletan dau hikikomoriaren arazo horrek miloe bat gazteri eragiten deutsola, batez be mutilei.
Medikuak dino gazte horreen familiek sarritan semeei geletan giltzapetzen ixten deutseela ganerako personen jakinguratik babesteko. Saitok gogora ekarri dau eskolako giroagaz bape pozik ez egoan 17 urteko gazte baten kasu dramatikoa. Mutil horrek, 1999ko egun baten, etxeko suetera sartu, atea zarratu eta handik ez urteteko erabagia hartu eban. Familiak bigarren suete bat egin behar izan eban eta gaur-gaurkoz amak jatekoak ateraino eroan behar deutsoz, handik sei hilebeterik behin baino ez dauelako urteten, dutxa bat hartzeko.
Japoniako izurritea
Adituek jakinarazo dabe makalik dagozan gazte honeek oso biziak eta bizkorrak izan ohi dirala eta euren burua guztiz baztertzeko arrazoiak Japoniako gizartearen muinean dagozala. Sadatsugu Kudok, hikikomoria osatzeko Tokioko zentro ezagun bateko zuzendariak aitatu dau, gazteek mundu osoan depresinoa jasateko joerea izanda be, munduko herrialde bakar baten be ez dala gaixotasun hau agertzen hainbesteko indarrez: 'Ezin dira arrazoiak zehaztu, baina bai testuingurua: Japonia da. Hemen ganerakoen antzekoa izan behar dozu eta, halangoa ez bazara, lotsa eta galera baten moduko sentsazinoa dozu. Desbardina zaran ezkero, zeure burua babesteko pausu logiko bat emoten dozu: desagertu egiten zara'.
Japonian bizi izan dan Henry Grubb, Maryland-eko Unibersidadeko psikologoetariko bat, gaixotasun honen ganeko lehenengo azterlana egin guran dabil. Aditu hau be bat dator hikikomoriaren gaixotasuna Japoniako arazoa besterik ez dala esatean: 'Gatx-gatxa da arazo honi aurre egitea, Mendebaldean ez dagoalako parekorik. Gure semea ate baten atzean ostenduta balego, behera bota eta indarrez sartuko nintzateke. Japonian, baina, guztiek esaten dabe astia emon behar jakela edo aldi txar bat baino ez dala'.
Yuko Kawaniski Tokioko Tenple Unibersidadeko Soziologia doktorearen eretxiz, Japoniako ikastetxeetan eskatzen dan mailea ez dator bat ia dana eskura dauen eta ekonomia izugarri hazi dan herrialde baten errealidadeagaz: 'Neska-mutilek ilusinoa galduta daukie etorkizunari begira eta ez deutsie zentzurik ikusten eskolara joan eta gogor behar egiteari. Oso giro iluna dago japoniar gizartean eta gazteak horren ispilu dira'.
Balizko tratamendua
Gaur egun hikikomoria osatzeko hainbat institutu dagoz. Gazteek gelatik urteteko erabagia hartu ostean, taldeko jardueretan parte hartzen daben zentro batera eroaten ditue; bertan, sastarrak birziklatzeko moduko zereginak bete eta lana topetan deutsee. Kudok baieztatu dau 'persona honeek normalak dirala eta giza esperientzia arruntak behar dituela, ez besterik'.
Gelea itxi gura ez dabenen kasuan, Tokioko Gazteen Osasun Zentroak website bat sortu eban, txat bitartezko laguntzinoa emoteko. Metodo honi esker ehun bat gazte berreskuratu arren, Kudoren lankide batek dino zeregin hori guztiz gogorra dala: 'Gazte honeek holan pentsetan dabe: urten beharko neuke... Lanaldi erdiko lan bat lortu beharko neuke... Zerbitzu arloko lanen bat?... Baina ezin dot jenteagaz berbarik egin... Zelan konponduko nintzateke fabrika baten behar egiten? Eta akatsen bat egiten badot? Ugazabak errieta egingo deust eta nik ezin dot holakorik jasan. Halandaze, ezin dot hemendik urten'.