Gipuzkoako Diputazinoak XIX. mendeko 1.500 euskal ilustrazinokaz hornidutako webgunea sortu dau
Bizkaie!
Gipuzkoako Foru Aldundiak XIX. mendeko 1.500 euskal irudi erakusten dituan web orrialde bat sortu dau www.albumsiglo19mendea.net helbidean Koldo Mitxelena Kulturgunetik eta Itsas zein Zumalakarregi Museotako bere funts dokumentaletik abiatuta, 'Euskal Herriko ikusmen-oroimena' batuko dauena.
Gipuzkoako Aldundiko Kultura Saileko zuzendaria, Imanol Agotek, foru erakundeko Ondare Zerbitzuko nagusia, Gabriela Vivesek eta Zumalakarregi Museoko arduradunak, Karmele Barandiaranek eta Mikel Alberdik aurkeztu eben webgunea.
Agoteren esanetan, ekimen barri honek 'Euskal Herriko ikusmen-oroimena batzen dau XIX. mende hasierako 1.500 irudi baino gehiagogaz, apurka-apurka aurreko garaitako dokumentuakaz zabalduko dalarik. Ganera, doban erabili ahal izango dira beti be erabilpenak irabazi nahirik bakoak diranean'.
Bestalde, Barandiaran azalpenetan, 'proiektu honetan orain dala hiru urte hasi ziran eta dokumentu honeek guztiak zaintzeko eta jenteari ezagutarazoteko beharrizan lez sortu zan'. Interesatuek irudiak deskargau ahal izango dabez euren artxiboetara, proiektu bizi eta jentearen eskaeretara moldatua agertzen dan ekimena baita Zumalakarregi Museoko arduradun honen ustez.
Alberdik nabarmendu dau 'web orrialdeak bilaketak egiteko bost mota eskaintzen dituala, egilea, berba nagusia, personaiak, lekuak eta gaiak', hain zuzen. Ganera, irudi bakotxak fitxa bat daroa lanari buruzko informazinoagaz euskeraz eta gazteleraz eta ilustrazinoak gainean klik eginik handitu ahal izango dira.
Azkenik, Barandiaranen esanetan, datorren urterako espero dabe 'orrialdeko informazino guztia ingelesera itzultzea, proiektua unibersalizetako eta Euskal Herriko beste guneetan oinarria daben beste 1.500 irudiakaz' handitzeko.