Txileko Santiagon hil da Narciso Irureta 'El Vasco'
Bizkaie!
Txileko Santiago urian, abenduaren 26an hil zan Narciso Irureta, Aburto Frei presidentearen Garraio eta Telekomunikazino ministro ohia izandakoa 81 urtegaz. Azkoitiar jatorriko familiakoa zan Irureta eta entzute oso ona eukan Txileko uritarren artean. 'El Vasco' ezizenez ezagutzen eben bertan. 1924ko bagilaren 30ean jaio zan Valdivian (Txile), zuzenbide ikasketak egin ebazan eta oso ibilbide luzea eta garrantzitsua izan eban Txileko Alderdi Demokratan, lehendakaria izateaz gain, aberri mailako idazkaria eta lehendakari ordea izan zan hainbat alditan.
Txileko ordezkaria izan zan Nazino Batuen Giza Eskubideetarako Batzordean, irakaslea be izan zan eta Nekazal Heziketarako Institutuko Sustapen eta Ikasketa zuzendaria, besteak beste. Narciso Iruretak bere ibilbide politiko eta profesionalean beti azpimarratu eban Diasporako euskaldun jatorria zala berea. Sabino Arana Kultur Elkargoak haren lana saritu eban 1994an 'Euskaldunak Munduan' mailan Sabino Arana Saria emon eutsonean.
Narciso Iruretaren aita Azkoititik Miarritzera bidea hartu eban Lehen Mundu Gerreagaitik. Bordeletik Montevideora joan zan eta handik Buenos Airesera. Argentinako uriburuan urte bi emon ondoren, 1918an Txileko Valdivia urira heldu zan.
Instituzinoetan izan dituan karguetan Narciso Iruretak Txile eta Euskadiren arteko hartu-emonak indartzearen alde agertu izan da beti, eta hainbat lankidetza hitzarmen sinatu izan dira bere lanari esker.
Diputatua eta senataria izan zan hainbat legegintzalditan eta Pinochet jeneralaren erregimenaren arerio sutsuenetarikoa izan zan. Demokraziaren aldeko burrukeak eta diktadurearen kontrako 'Ezetzaren Komandoak' laguntasun eta buruzagitza handia izan eben Narciso Iruretagaz.