Zuzenbidearen Euskal Akademia alkarteak lehenengoz euskera hutsean argitaratu dau bere aldizkaria
Zazpigarren ale honetara bildutako zenbait artikulu Javier Arrieta Idiakezen 'Euskera hutsean argitaratutako lehen alea, Adrian Zelaia-Derrigorrezko jubilazinoaren inguruko zenbait gogoeta', Alberto Atxabal Radaren '2005eko aldaketak Bizkaiko zergetan', Jon-Mirena Landa Gorostizaren 'Terrorismo-delituak eta espetxeetako esparruan egindako azkeneko lege-aldaketak (1996-2004): eredu-ziaboga eta norabide-zuzenketak. Nora goaz?' edota Gotzon Loberaren 'Bizkaiko erakunde juridiko jatorrak: bidigazak eta abeurreak' litzatekez.
Horreezaz ganera, Zorione Arregi Elkorobarrutia eta Adrian Zelaia Ulibarriren 'Kooperatiben europar legedia aldatzeko oinarriak, MCC Idazkaritza Nagusia', Andres Urrutiaren 'Euskararen jurilinguistika: alor berria ote?', Esther Urrutia Idoiagaren 'Alargunaren oinordetza-eskubideak, Kode Zibila aldarazi duen 15/2005 Legearen arabera', Cesar Gallastegi eta Arantza Etxebarriaren 'Iparraldetik dator notiziya: herriko etxeendako lexikoa', Santiago Larrazabal Basáñezen 'Derecho público de los territorios forales. De los orígenes a la abolición foral' liburua aurkezteko hitzaldia, Andres Urrutiaren 'Lau jurista euskaldun' eta Txabi Oleaga Echeverriaren 'Akademiaren albisteak/noticias internas' artikuluak be badagoz irakurgai.
Aldizkaria online irakurri gura dauenak Zuzenbidearen Euskal Akademiaren webgunera jo: www.avd-zea.com.
Bizkaie!
Zuzenbidearen Euskal Akademiak (ZEA) urtean lau aldiz kaleratzen dau alkartearen aldizkaria eta aurten lehenengoz zenbaki osoa argitaratu dau euskeraz.
ZEAko buru dan Adrian Zelaia legelariak bertan azaltzen dauenez, euskereak Zuzenbidearen arloan be badauka bere lekua eta garapena izatea da alkartearen helburuetako bat, izan be, alkartea sortu zanetik asmoetako bat izan da ahalik eta artikulu eta lanik gehien euskeraz emotea eta aldizkari osoa euskeraz argitaratzea.
Zuzenbidearen Euskal Akademia Bilbon sortu zan 2003ko bagilaren 9an, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen eraginez. Helburu nagusia zuzenbidea eta, beren beregi, euskal zuzenbidea ikertu, aztertu eta zabaltzea da, gaztelaniaz zein euskeraz.
Alkarteak hainbat sail eta argitalpen sustatu ditu eta argitalpen horreen artean dago 'Aldizkaria', aldian-aldian agertzen daena, lau zenbaki urtean. Aurtengo hirugarren zenbakia, sail osoko zazpigarrena dana da euskara hutsean ataratako lehenengoa.
Aldizkariaren aurreko zenbakietan be euskerazko testuak azaldu izan dira baina oraingoan euskeraz idatzitako artikulu dexente jaso eta aldizkari osoa euskeraz atarateko aukerea ikusi dabe. Euskal Herriko abokatuak, prokuradoreak, notarioak, erregistratzaileak, epaileak, idazkariak, unibersidadeko irakasleak eta beste askok euskera hutsezko tresna hau erabilteko aukerea izango dabe.